Nafarroan 1979tik 2015era izandako tortura kasuak jasotzen dituen txostenaren laburpena duela hilabete aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak, eta gutxi izan ziren ahotsa goratu zuten alderdi politikoak. Atzo, ordea, guztiek hitz egin zuten Nafarroako Parlamentuan, txosten osoaren aurkezpenean. Maria Txibite Nafarroako presidentearen alderdiak, PSNk, ontzat eman zuen txostena. Inma Jurio legebiltzarkideak nabarmendu zuen txosten hori Nafarroako Memoria Institutuaren parte izatearen alde egingo duela PSNk.
Ikusi gehiago: Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute
PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1960. eta 2014. urteen artean izandako tortura kasuen inguruko txostena aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak 2017an, eta PSE-EEk orduan jakinarazi zuen ez zuela bat egiten azterlan horrekin, «ez mamian eta ez forman», sozialistak gobernuan bazeuden ere. Besteak beste, «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.
Atzo, Juriok adierazi zuen ETAren desagerpenak «beste bide batzuk» irekitzeko «aukera» sortu duela, «ikusteko giza eskubideen beste urraketa batzuk izan direla, eta erreparazioa behar duten beste pertsona batzuk badaudela». Juriok esan zuen «zuzenbide estatuak ematen dituen tresnen erabilera ilegitimoa» izan dela, eta PSNk hori «gaitzesten» duela. Hala ere, argi utzi nahi izan zuen «indarkeria bat eta bestea» ezin direla «parekatu», eta Espainiako segurtasun indarrek ez zutela «orokorrean minik egin».
Jurioren ustez, gizartea aurrera egiten ari da, «aitortza batzuk» eskatzen ari da, eta politika «oztopo larri bat» da aurrerapen hori eskuratzeko. «Modu batean edo bestean, biktima batzuk edo beste batzuk geure egiten ditugu interesen arabera, baita haien mina eta sufrimendua ere», esan zuen PSNko parlamentariak.
Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriartek azpimarratu zuen Espainiako segurtasun indarrak UPNren, PPren eta PSOEren «aingeru guardakoak» izan zirela, eta haiei «oso eskertuta» daudela. Hala ere, azaldu zuen torturen eta tratu txarren salaketak ikertu behar direla: «Oso argi dugu torturatu duena ez dela gutarra. Giza eskubideen aurka egin duena ez da gutarra».
Tortura salaketen aurrean «indiferentzia» erakusten dutenak eta hura «gaitzesten» ez dutenak «oker» daudela adierazi zuen Iriartek, eta nabarmendu horiek «logika eta etika demokratikotik at» kokatzen direla. «Oso gai serioa da, eta ez da fribolizatu behar», esan zuen Iriartek.
Jabi Arakama Geroa Bai koalizioko parlamentariak nabarmendu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak emandako datuak eta Nafarroako Torturatuen Sareak helarazi izan dituenak «antzekoak» direla. «Esan dezakegu erakunde publiko nafarrak apustu bat egiten ari direla geure iraganaren alderdi ilun bati argia emateko», esan zuen Arakamak.
Espainiako Sekretu Ofizialen Legea —frankismo garaikoa da, 1968koa— erreformatzeko ere eskatu zuen Geroa Baiko parlamentariak. «Ziurrenik erreforma horrek ez lieke salaketa gehienei eragingo, baina bai larrienei. Mikel Zabalzaren kasuari, noski, baina ez horri soilik», azaldu zuen. Alor horretan «sakontzen» jarraitzeari garrantzia eman zion Arakamak.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, txostena «mugarri bat» izan da egia jakiteko eskubidean: «Erakusten du Nafarroako herritarrek pairatu duten tortura noraino iritsi den, eta horren dimentsioa norainokoa izan den. Oso zaila da defendatzea abusu puntualak izan zirela, pertsona jakin batzuek momentu jakin batzuetan egin zituztenak. Aitzitik, garai guztietan erabili da tortura helburu politikoekin», nabarmendu zuen Ruizek. Gaineratu zuen tortura «praktika sistematiko bat» izan dela, eta «gobernu guztiekin» gertatu dela, «izan sigla batekoa, edo bestekoa».
EH Bilduko parlamentariak adierazi zuen txostena irakurrita «erraz» atera daitekeen ondorio bat hau dela: «Estatu politika baten parte izan da, eta estatu botereek tortura erabili dute helburu politikoekin». Gaineratu zuen Espainiako Estatuak «noizbait» aitortu beharko duela «hori gertatu dela» eta «erantzukizuna» izan duela.
Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko parlamentariak esan zuen giza eskubideen defentsak Espainiako justiziaren lehentasuna izan beharko lukeela. «Horrek esan nahi du indarkeria guztiak deslegitimatu behar dituela, egileak egile», adierazi zuen. Haren ustez, zuzenbide estatuari «exijitu» behar zaio «prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak» hartu ditzala. Salatu zuen hainbat torturatzaile «omendu eta saritu» egin dituztela.
Tortura. Alderdien erreakzioak
PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena
Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu