Hauteskundeak. Negoziazioak

PSNk gobernu eredua argitu arte, Geroa Baik soka tenkatu du

Koalizioa ez da joan PSN eta ZNrekin zuen bilerara. Solanaren arabera, sozialistek bertan behera utzi dute beste bilera bat, eta «konfiantza urratu» dute, negoziazioaren arauak aldatuta

Hutsunea. PSNren eta Zurekin Nafarroaren arteko bilera. Geroa Baikoak falta dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Sorpresa eman du Geroa Baik, eta mahai gainean kolpea jo du. Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioen testuinguruan, lehen aldiz elkarrekin biltzekoak ziren Geroa Bai, PSN eta Zurekin Nafarroa. Alta, ustekabean, Geroa Bai ez zen bertaratu. Handik bi ordu eta erdira, Maria Solanak azalpenak eman zituen. Haren esanetan, aste hasieran beste bilera bat egitekoak ziren sozialistekin, bilera horretan PSNk argitu zezan zer gobernu eredu nahi duen eta zer rol jokatu behar duen alderdi bakoitzak. Maria Txibitek bertan behera utzi zuen bilera hori, eta, ondorioz, Geroa Baik soka tenkatu du. Negoziazioak hautsitzat jo ditu. «Konfiantza urratuta», horregatik ez ziren joan atzoko bilerara.

Bilkura 16:30erako zegoen deituta. Hutsunearen aurrean, hamar minutu zain geratu ziren bi alderdiak. PSNren aldetik, Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Ainhoa Unzu agertu ziren; eta Zurekin Nafarroatik, Begoña Alfaro, Carlos Guzman eta Daniel Lopez.

Bi ordu geroago, komunikabideak deitu zituen Geroa Baik. Iruñeko egoitzan, Maria Solanak azaldu zuen iragan aste hasieranhitzartu zutela PSNk eta Geroa Baik astelehen honetan biltzea. «Gobernuaren edukiak, osaera eta funtzionatzeko mekanismoez hitz egin aurretik, inportanteak diren hainbat auzi argitu nahi ditugu, Geroa Baik tokia izan dezan etorkizuneko gobernu horretan». Sozialistei gogor ekarri zien euren zazpi botoak behar dituztela gobernua osatu ahal izateko.

Era berean, negoziazioetan aurrera egin aurretik, nahi dute sozialistek adieraz dezatela konpromisoa dutela Geroa Baik parlamentuan zein gobernuan duen egungo ordezkaritza instituzionalari eusteko. Horrek esan nahi du, parlamentuko presidentetzaz gain, senatari autonomikoa eta gutxienez presidenteordetza nahi dutela gobernuan. «Guztiaren oinarria konfiantza da, eta nahiko berme behar dugu gobernu egonkor eta sendo bat izateko. Gaur-gaurkoz, konfiantza urratuta dago. PSNk bere hitza jan du. Horrela ez», esan zuen Solanak.

Txibiteren telefono deia

Haren esanetan, ostiral goizean Txibitek Madrildik deitu zien, bilera hori bertan behera geratukozela esateko. «Bat-batean, joko arauak aldatu egin zituen, eta hitzartutako bilera horretan parte hartzeari uko egin zion». Ezezko horrekin, Geroa Baik uste du PSNk bere negoziazio esparrua inposatu nahi diola: estrategia hori nagusituz gero, bidearen amaieran hitz egingo litzateke gobernu ereduaz eta osaeraz, eta indar posizio horretatik berea inposatzeko indar gehiago izango luke. Negoziazioaren hasieratik PSNk argi utzi du «pisu gehiago» nahi duela, kasurako.

Mugimendu horren harira, Geroa Baik Txibiteri ohartarazi zion ez direla bilduko negoziazioei ekin aurreko posizioak argitu bitartean. Herenegun , «bi aldiz» azaldu zioten PSNko Alzorrizi euren ikuspegia, eta hark berretsi zien hiru alderdien arteko bilerarako deialdiak bere horretan jarraituko zuela. Geroa Baiko Batzorde Iraunkorreko kide guztiak alboan zituela, Uxue Barkosek Alzorrizi erantzun zion ez zutela joateko asmorik. «Dei horretan azaldu zitzaion ez bazen bien arteko bilera hori egiten emandako hitza urratu egingo dutela eta Geroa Bairekin harremana apurtzen ari zirela».

Atzo, Alzorrizek komunikabideei azaldu zien ez zekiela Geroa Baikoak ez zirela joango. «Horregatik egon gara hamar minutu zain», esan zuen Alzorrizek. Gaineratu zuen ez zekitela zergatik ez diren joan Geroa Baikoak.

Hitz horiek entzunda, Solanak azpimarratu zuen PSNk «gezurra» esan duela, aldez aurretik bazekitelako ez zirela joango eta zergatik ez ziren joango. Solanak azpimarratu zuen Alzorrizen erantzunak eta aurretik gertatu den guztiak ere egoera are gehiago okertu dutela. «Gobernua osatzeko lidergoa PSNri dagokio. Gauza bat da negoziazioen gidaritza izatea, eta beste bat da, erabat diferentea, arauak aldatzea eta bereak inposatu nahi izatea, bere interesen mesedetan».

Bihar osatuko da Parlamentuko Mahaia, eta iragan astean PSNk aurreratu zuen prest zegoela legebiltzarreko lehendakaritza Geroa Bairen esku uzteko. Alzorrizek atzo berretsi zuen konpromiso horri eutsiko diotela —eskuak loturik dituzte sozialistek, legebiltzarreko lehendakaritza lortzeko modurik ez dutelako UPNk euren alde bozkatu ezean—.

Testuinguru nahasi horretan, Geroa Baik aurreratu du Unai Hualde aurkeztuko duela parlamentuko lehendakari izateko. EAJren Napar Buru Batzarreko presidenteak kargu hori izan du aurreko lau urteetan, eta aurrera aterako balitz, beraz, kargua errepikatuko luke.

Egoera onbideratzeko, «emandako hitza bete, konfiantza berreskuratu eta leialtasunean oinarrituta hitzartzeko borondatea» erakutsi behar du PSNk. «Ez dugu uste negoziatzera berriz esertzeko beste modurik badenik. Ezin da gaur zuria eta bihar beltza bada, eta gaur arauak hauek badira eta bihar besteak».

Kazetariek galdetu zioten nolatan pentsa dezaketen ordezkaritzari eustea jakinda bederatzi parlamentari izatetik zazpira jaitsi direla. Solanak erantzun zuen hori dela PSNk bilatzen duen logika, baina egoera ez dela aldatu: «Duela lau urte Geroa Bairen bederatzi parlamentariren baiezkoa beharrezko izan zen Txibiteren gobernua aurrera ateratzeko, eta orain, berdin-berdin, zazpi parlamentarirenak beharko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.