Larunbatean, UPNren Alderdiaren Egunean, Cristina Ibarrola alderdiko presidenteak lerroburu bat utzi zuen. Haren ustez, PSNk eta EH Bilduk jada hitzartuta daukate hurrengo legealdian «elkarrekin» gobernatzea. Esan zuenez, agertoki hori «prestatzen ari dira» bi alderdiak. Gaur goizean, Ramon Alzorriz PSNko eledunak erantzun dio ez dutela akordiorik eta hori «gezurra» dela.
Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen ostean, Alzorrizek ironia baliatu du. «Ikusten dugu Ibarrolak jada baztertu duela erkidego honetako lehendakari izatea, eta hori albiste ona da. Gezurrak esatea, ordea, tristea da, zeren ez baitugu ezkutuko akordiorik. EH Bildurekin egindako aurrekontu hitzarmen guztiak argitara atera dira».
Alzorrizek gaineratu du Ibarrolak «barne gerra irekia» duela Alejandro Toquero UPNko presidenteordearekin, bietako nor izango gobernuko lehendakarigai. Galdetu diote ea baztertuko ote lukeen EH Bilduko kontseilariak sartzea gobernuan: «PSNk gehiengo osoa lortu nahi du, eta, orain, gobernu aurrerakoi bateko lidergoa du jendearen beharrei erantzuteko gertuko politikak eginez». Alzorrizek argi utzi du ez dutela inongo harremanik UPNrekin.
Hain zuzen ere, UPNko Javier Esparzak hitz egin du jarraian. Haren ustez, Alzorrizek ez du argitu ea EH Bilduko kontseilariak sartuko ote liratekeen gobernuan. «Ez dio uko egin EH Bildu barruan izango lukeen gobernu bat osatzeari, eta horretan daude. Hori egin nahi dute».
Txibitek bere hautagaitza berretsi du
Maria Txibite PSNko idazkari nagusi izango da aurrerantzean ere. Asteburuan egindako Lurralde Batzordearen bileran, Txibitek adierazi zuen proiektua gidatzen jarraitu nahi duela. PSNk martxoaren 22an egingo du batzarra, eta orduan berrituko du alderdia. Txibiteren irudiko, beharrezkoa da ponentzia politikoa lantzea «ideologikoki sendotzeko, kontzientzia hartzeko eta etorkizuneko Nafarroa marrazteko». Erronken artean aipatu zituen «eskuin muturrari, desinformazioari eta politika txarrari» aurre egitea. «Nafarroaren lidergori eusteko egoeran dago PSN. Gure esperientzia, gure indarra eta tinkotasuna erabakigarriak izango dira».