Hilabete geratzen da PSNren XIII. Kongresua egin dezaten, eta alderdia prestaketa lanetan ari da. Gaur, kongresu horri begirako txosten politikoa aurkeztu dute. Nafarroaren lidergoa hartzen du lelo nagusi, eta horixe da alderdiaren datozen urteetarako helburu nagusia ere: «Ezkerretik Nafarroako gehiengo sozial aurrerakoia gidatzeko apustu atzeraezina berresten du txosten honek», adierazi dute Ramon Alzorriz Antolamendu idazkariak eta Javier Remirez txostenaren egileak.
Txosten politikoak 125 orrialde ditu, eta lehengo lepotik burua: orain arteko norabide berean, aurrera begirako gidalerroak zehazten ditu. Aurkezpenean, Alzorrizek berretsi du PSNk Nafarroa gobernatzeko «bokazioa» duela. Txostenaren hasieran, argi esaten da PSOEren Nafarroako federazioa dela PSN, eta «leialtasuna» zor diela erakunde nagusiaren balioei eta proiektu politikoari. «Gizartea eraldatzea» jarri dute helburutzat, eta politikoki lurraldeko gehiengoak beren inguruan «biltzea».
Halaber, alderdiko kideek «indartsu» ikusten dute beren burua kongresuari begira. Azaldu dutenez, PSNk «bere historian inoiz izan duen ordezkaritza instituzionalik handiena du». Txostenean nabarmendu dute Nafarroako Gobernua zuzentzen dutela aurreko legealdiaz geroztik, eta, gainera, 228 hautetsi dituztela udaletan. Hori bai, hau gaineratu dute: «Ezin gara horrekin konformatu».
Garai zailak, atzean utziak
Idatzi politikoan berresten dute Nafarroa «forala» dela, «Espainia demokratikoaren barruan». Iraganari begira, onartzen dute 1991tik 2015era arteko aldia «garai konplexua» izan zela alderdiarentzat, ETAren indarkeriak baldintzatzen zuelako politika eta PSN oposizioan zegoelako, «egiazki eskuinaren alternatiba osatzeko aukerarik gabe». Uste dute 2014an lema kolpe bat eman zuela alderdiak Maria Txibiteren gidaritzapean, eta PSNk lidergo politikoa lortzea izan duela xede ordutik. 2019an lortu zuten gobernura heltzea, eta, besteak beste, gogoratu dute ordutik 103 lege onartu direla. «Egonkortasuna eta zentraltasuna» ordezkatzen dituztela ziurtatu dute.
Bestalde, printzipioen artean aipatzen dute «kontratu soziala berritu» behar dutela, eta balio nagusien artean dago zerbitzu publikoak «unibertsaltasun eta kalitate irizpideen arabera» indartzea. Gaur egun pil-pilean diren beste gai batzuei erreparatuz, adierazi dute alor publikoak izan behar duela lidergoa etxebizitza politiketan.
PSN, feminista
Halaber, antolakunde feminista gisa definitzen dute Nafarroako alderdi sozialista. Sozialista izatea feminista izatea da, horixe da hautatu dituzten leloetako bat. «Konpromiso feminista berresten du PSNk, eta konbentzituta dago soilik politika feministen bitartez eraiki daitekeela gizarte bidezkoago bat». Geroago zera eransten dute: «Ezin da sozialista izan feminista izan gabe». Haien ustez, gobernuan lortu dute feminismoa, lehen «argudio politikotzat» hartzen zena, «oinarri instituzional» bihurtzea. Berdintasun politikek zeharkakoak izan behar dutela diote, hau da, jarduera instituzional eta politiko osoan txertatu behar direla.
Txostenak, baina, ez dakar berritasunik euskararen inguruan. Dokumentuan jaso dute pluraltasun linguistikoa babesten dutela, eta uste dute Nafarroa «zorionekoa» dela bi hizkuntza propio izateagatik. Dena den, Foru Hobekuntzaren edukia berresten dute, eta, beraz, hiru eremuen banaketa ere bai. PSNren arabera, euskaldunentzat euskara ofiziala da eremu euskaldunean. Haien esanetan, euskaraz jakin edo ez, nafar orok berezko hizkuntza gisa ikusi behar du euskara.
Ekonomiari dagokionez, jarduera sendotu behar dela diote, eta erronken artean aipatzen dute digitalizazioa eta adimen artifiziala. Halaber, PSNk aspaldidanik defenditutako azpiegituren alde agertzen dira, hala nola AHTaren eta Nafarroako ubidearen alde.
Martxoaren 21eko eta 22ko kongresuan, Maria Txibite berretsiko dute idazkari nagusi moduan. PSNren arabera, Txibitek «lidergo sendoa» du, eta Nafarroak elkarbizitzan aurrera egin du haren gidaritzapean.