PSNk baieztatu du ez dela sartuko udal gobernuan

Ramon Alzorrizek argudiatu du «arduragatik» erabaki dutela zentsura mozioa babestea.

Ramon Alzorriz
PSNko ordezkariak gaur, Iruñean. Jagoba Manterola/FOKU
Joxerra Senar-Aitor Biain
2023ko abenduaren 13a
14:20
Entzun

PSNk ere agerraldia egin du Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioaren xehetasunak azaltzeko. Ramon Alzorriz PSNren idazkari nagusiak adierazi duenez, «arduragatik» hartu dute erabaki hori: «Ezin gara besoak gurutzatuta egon». Izan ere, haren hitzetan, «aldaketa bat behar du Iruñeak», UPNren udal gobernuekin «geldiarazita» egon delako hainbat urtez.

Iruñeko Udaleko zinegotzi sozialistekin batera egin du agerraldia Alzorrizek, eta, azpimarratu duenez, zentsura mozioa «ez da gobernu akordio bat», PSN ez baita sartuko udal gobernuan. Hala ere, nabarmendu du «exijenteak» izango direla, haren arabera argi geratu baita sozialistak «ezinbestekoak» direla Iruñeko Udalean «aldaketa» egiteko. 

«Iruñeak aldaketa bat behar du; elkarbizitzarako, aurrera egiteko eta etorkizunerako garai berri bat, UPNk eta eskuineko indarrek etengabe eragindako zatiketa eta gatazken aurrean batzen gaituenari balioa emango diona», adierazi du Alzorrizek. 

«Aldebakarrez» eta «jarrera eraikitzailerik gabe» aritu izana egotzi dio PSNko idazkari nagusiak Cristina Ibarrola alkateari, eta «gutxiengoan egon arren gainerako indarrak etengabe gutxietsi» izana. Haren esanetan, UPNk ez du hiri proiektu bat eskaini, eta, kudeaketaz arduratu ordez, Nafarroako eta Espainiako gobernuen aurka jotzeko erabili du udala, Europako Next Generation funtsak ere «arriskuan» jartzeraino.

Hori da, hain zuzen ere, zentsura mozioa aurkezteko arrazoi nagusia, Alzorrizen iritziz, eta ez du zerikusirik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzearekin. «Politikan uneak daude. Denbora iragan behar da Ibarrolak zer egiten duen ikusteko», esan du. 

Garrantzia eman dio EH Bilduk etika printzipioak onartu izanari. Izan ere, Alzorrizen arabera, EH Bilduk Nafarroako Ikurren Foru Legea errespetatuko du, eta memoriarekiko eta bizikidetzarekiko konpromisoa azaldu du. «Hitzartu dugu ETAren biktimak aitortu eta haien memoria errespetatuko dugula. Ez, ez dago gaitzespen hitza, baina bai biktima horien aitortza. Aurrera egin nahi dugu», azpimarratu du. 

Bi alderdien arteko akordioaren arabera, sanferminetan bizikidetza espazioak sustatuko dira, eta euskara sustatzeko neurriak hartuko dituzte, «betiere eskariarekin eta errealitate soziolinguistikoarekin bat etorriz, inposiziorik gabe, borondatetik eta aukera berdintasunetik abiatuta». Halaber, akordiorik ez dagoenean erabakiak osoko bilkuraren gehiengoen arabera hartzea ere itundu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.