Euskara

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Jakina zen Navarra Sumak ezezkoa emango ziola Euskararen Legea aldatzeko proposamenari, eta, orain, PSNk iragarri du harekin batera bozkatuko duela, Mañeru ez dadin sar eremu mistoan.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramon Alzorriz, PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2023ko urtarrilaren 30a
16:40
Entzun

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak legea erreformatzeko egindako proposamena ez da aurrera aterako, Navarra Sumak eta PSNk itxi egingo baitiote atea, aurka bozkatuta, eta, hortaz, Mañeru ez dute sartuko eremu mistoan. Mañeruko Udalak eremu mistoan sartzea onartu duen arren, Nafarroako udalerri horretan euskarak ez du izango eremu mistoak ematen duen babesa.

Navarra Suma eta PSN ez beste talde guztien lege proposamena ostegun honetan eztabaidatu eta bozkatuko dute Nafarroako Parlamentuan, baina PSNk jada aurreratu du bozketa horrek zer-nolako emaitza izango duen, haren ezezkoa eta Navarra Sumarena nahikoa izango baitira euskarak babesik gabe segitzeko Mañerun, orain arte bezala.

PSNko bozeramaile Ramón Alzorrizek aurreratu du bere alderdiaren deliberazioa; «Ez da eremu mistoaren hedatzeaz hitz egiteko garaia», esan du. Mañeruko Udaleko indar politikoen korrelazioa «luze gabe» alda daitekeela erantsi du, eta Nafarroako udalerri hori eremu mistoan sartzeak «beste konnotazio batzuk» izan ditzakeela. «Legeak ez du atzera egiteko aukerarik ematen; badira eremu mistoan sartu nahi duten udalerriak, eta, gero, agian, atzera egin nahiko dutenak», esplikatu du Alzorrizek: «Ongi aztertu behar dira kontu horiek».

Harridura erreformaren sustatzaileen artean

Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek gogoratu du Mañeruko Udalak aho batez eskatu duela eremu mistoan sartzeko, eta legeak eskatzen duena bete duela. Ez du sinetsi nahi Nafarroako Parlamentua «frontoi bat izango denik» udalak egindako eskaerarentzat.

Podemoseko bozeramaile Mikel Builentzat ere, «ez da ulergarria» Mañeruko Udalak aho batez hartutako erabaki batek ez edukitzea «parlamentuaren babesa».

Iazko azaroan, Euskaltzaindiak bat egin zuen Euskararen Nafar Kontseiluak 2022ko irailaren 16an egindako adierazpenarekin, eta Nafarroako Gobernua premiatu zuen Euskararen Legea «lehenbailehen» aldatzera, euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan. Euskararen Nafar Kontseiluak zuzenean eskatu zion Maria Txibiteren gobernuari «lehenbailehen» aldatzeko 1986ko Euskararen Legea.

Euskararen plangintzari eta sustapenari dagokienez, Nafarroako Gobernuaren organo aholku-emaile nagusia da Euskararen Nafar Kontseilua, eta, atzoko bilkuran, kritika zorrotza egin zion 1986tik indarrean den Euskararen Legeari eta hark ezarritako zonifikazioari: «Zentzugabea da Nafarroako herritarren artean muga geografikoak paratzea; areago gaur, gizartean mugak gero eta lausoagoak diren honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.