PSN «indartuta» atera da PSOEren kongresu federaletik

Lau euskal herritar izendatu dituzte PSOEren batzorde exekutiboko kide: Santos Cerdan, Elma Saiz (PSN), Nora Abete eta Aroa Jilete (PSE-EE). Cerdanek Antolakuntza idazkaritzari eutsi dio; alderdiaren organigraman hirugarrena da.

PSOEren exekutiba berria, atzo. CHEMA MOYA / EFE
PSOEren batzorde exekutibo berria, atzo. CHEMA MOYA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 2a
13:15
Entzun

PSOEren 41. kongresu federalak aldaketak ekarri ditu alderdiaren zuzendaritzan, eta Hego Euskal Herriko alderdikideek duten pisuan ere eragina izan du horrek. Orain arte hiru ziren batzorde exekutibo federalean eserleku bat zuten euskal herritarrak, eta hemendik aurrera bat gehiago dira: PSNko bi kide eta PSE-EEko beste bi. Halere, nafarren pisua nabarmenagoa da, eta horren adierazle da Santos Cerdanek Antolakuntza idazkari karguari eutsi izana. Hala, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNko idazkari nagusiaren esanetan, «indartuta» atera dira.

Antolakuntza idazkaritza PSOEren organigramako kargurik garrantzitsuenetan hirugarrena da. Cerdan dago kargu horretan 2021ean egindako kongresu federaletik. Hala, alderdiko idazkari nagusi Pedro Sanchez eta  idazkariorde nagusi Maria Jesus Montero soilik ditu gainetik. Hurrenez hurren, Espainiako gobernuburua eta gobernuko lehen presidenteordea dira.

Batzorde exekutibora, baina, beste nafar bat ere batu da: Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa. Kargu hura eskuratzearekin egin zuen salto Nafarroako politikagintzatik Espainiakora, ordura arte Ekonomia eta Ogasun kontseilari izan baitzen. Orain, PSOEko Ekintzailetza eta Eragin Sozialerako idazkari izango da.

Horiek hala, Txibite pozik azaldu da. Saizek hartu berri duen idazkaritzaren «pisua» nabarmendu du Txibitek. Eta Cerdanek jarraitzeari dagokionez, azaldu du haren «ibilbideari, lanari eta leialtasunari» balioa eman izanaren ondorio dela. Izan ere, Cerdan eskuineko alderdien eta zenbait hedabideren jomugan izan da azken asteetan, Victor de Aldama enpresariak adierazi ostean hari 15.000 euro eman zizkiola. De Aldama Koldo auzian auzipetuta dago, eta PSOEko eta Espainiako Gobernuko kide ugariren kontra egin du.

Abete eta Jilete

Kongresuaren interpretazio positiboa egin du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere. Hark Nora Abete bizkaitarraren eta Aroa Jilete arabarraren izendapenak izan ditu hizpide. Lehena Merkataritza eta Kontsumo idazkaria izango da aurrerantzean, eta bigarrena, Turismo idazkaria. Anduezak uste du bi izendapen horiek PSOEri aukera emango diotela «Espainiako sozialismoak dituen erronkei hobeto erantzuteko».

Abete PSE-EEren alkategaia izan zen Bilboko Udalerako azken bozetan, eta ordutik sozialisten eleduna da udaletxean. Jilete, berriz, Arabako zerrendako bigarrena izan zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta parlamentari lanetan ari da gaur egun. «Ibilbide handia duten bi emakume gazte», adierazi du Anduezak.

Hain zuzen, Jilete eta Abete PSE-EEren belaunaldi aldaketaren adierazle dira. Izan ere, asteburura arte beste bi izen propio zituzten EAEko sozialistek PSOEren batzorde exekutiboan: Patxi Lopez eta Idoia Mendia. Lopez, Espainiako Kongresuko diputatua, Memoria Demokratikorako idazkari izan da orain arte. Mendiak, berriz, Azterketa eta Programa idazkaria izateari utzi dio, eta europarlamentari lanean zentratuko da. Biei eskerrak eman dizkie Anduezak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.