Azkenean, presioak emaitza eman dio Geroa Bairi. Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioen barruan, PSNk bilera batera deituak zituen atzo Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, baina, aurreko astean egin bezala, Geroa Bai ez zen bertaratu. Hala, PSNko eta Zurekin Nafarroako ordezkarien arteko bilkurak ordubete pasa iraun zuen, eta Geroa Bairen hutsuneak bereganatu zuen komunikabideen arreta. Geroa Baik bigarren aldiz egin zuen protesta horrela, adierazteko sozialistek ez zutela hitzemandako bilkura egin haiekin, eta, ondorioz, ez dutela aurrera egin nahi sozialistek azaldu aurretik zer gobernu mota osatu nahi duten. Azkenean, PSNk ontzat jo du Geroa Bairekin astelehena baino lehen biltzea, eta, mesfidati bada ere, Zurekin Nafarroa «kontzesio hori» egiteko prest azaldu zen.
Izan ere, polemika sortu denetik, deseroso sumatu da Zurekin Nafarroa. Begoña Alfaro eledunak ez du ulertzen zergatik utzi nahi dituzten bilera horretatik kanpo. «Jakin nahiko genuke Zurekin Nafarroa zergatik ezin den egon bilera horietan». Geroa Baik adierazi du gobernuaren funtzionamenduaz hitz egin nahi dutela sozialistekin, eta ordezkaritza instituzionalari eutsi nahi diotela. Horren harira, Alfarok ez daki zertaz ari diren ordezkaritza instituzionala hizpide hartzen dutenean. «Zertaz ari dira zehazki? Auziok zehaztu gabe ditugu oraindik. Herritarrek merezi dute gauza horiek argitzea».
Atzo, Alfarok tonua igo zuen Geroa Bairen aurka: «Aurreko astean esan genuen bilerara ez etorri izanak harritu gintuela; orain esaten dugu atsekabetu gaituela». Ez dator bat Uxue Barkosen taldeak negoziazioetan proposaturiko ordenarekin: «Lehenik zer, gero nola eta azkenik nor. Hori da bete beharreko ordena».
Dena den, korapiloa askatu nahirik, Alfaro prest azaldu da sozialisten eta Geroa Bairen arteko bilkura «ez oztopatzeko». «Erantzukizun ariketa handia da, eta kontzesio hori egingo dugu». Espero du balio izatea negoziazioetan aurrera egiteko, baina argi utzi nahi izan du ez dutela onartuko erabakirik hartzea: «Akordiorik izanez gero, gure hiru botoak behar direnez, ez genuke babestuko akordio hori».
PSNko Ramon Alzorrizek esan zuen astelehen arratsaldean egin nahi dutela hiru alderdien arteko bilkura. Ordurako espero dute arazoa konpontzea. «Bi alderdiek ulertu dugu aurrera egin behar dugula, eta keinu bat egin».
Alzorrizek Geroa Bairi erantzun zion ez dutela «inor umiliatu nahi, ezta ahuldu ere». Ordezkaritza instituzionalari dagokionez, gogora ekarri zuen 2015eko legealdian Geroa Baik alde bakarreko gobernua lortu zuela bederatzi parlamentarirekin, eta iragan legealdian lehendakariordetza bat, lau departamendu, Parlamentuko lehendakaritza eta senatari autonomikoa izan zituela. Haren irudiko, gobernuaren «kudeaketa» garrantzitsuagoa da karguak edukitzea baino.
Atzoko bilera «ontzat» jo zuten bi alderdiek. Begoña Alfaroren arabera, bi alderdiek uste dute beharrezkoa dela legealdi honetan etxebizitza, osasungintza, berdintasun eta ingurumen arloetako politikak indartzea. Alzorrizek gaineratu zuen beharrezkoa dela politika horiek «babestea», ikusita eskuinak eta eskuin muturrak atzera egin nahi dutela arlo horietan. Aldi berean, dokumentuak trukatu dituzte ikusteko iragan legealdiko akordio programatikoa zenbateraino bete den.
Geroa Bairen erantzuna
Geroa Baik ontzat jo du sozialisten jarrera aldaketa. Koalizioak nabarmendu du «zorrotzak» izango direla «eduki sendoak izango dituen gobernu bat» negoziatzeko orduan. Edukien arloan, argi utzi nahi izan dute «jarrera tinkoa» izango dutela osasungintzan, etxebizitzan, euskaran, garapen ekonomiko eta energetikoan, eta eskumenetan.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako Gobernua
PSN astelehena baino lehen bilduko da Geroa Bairekin
Begoña Alfaro «atsekabetuta» dago, baina, korapiloa askatu nahirik, ontzat jo du Zurekin Nafarroa ez izatea bilkuran. PSNk konpromisoa hartu du bileran ezer ez erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu