Pedro Manuel Ruiz-Lazaro. Psikiatra

«Psikopata izateko aukeraren %40 inguru geneetan dago»

Ruiz-Lazaro psikiatrak uste du maitasuna adieraztea, mugak jartzea eta haurrak babestea funtsezkoa dela haurrak psikopata ez bihurtzeko. Guraso eta seme-alaben artean lotura sendoak eratzearen aldekoa da.

Donostia
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Ongia eta gaizkia bereizten dituzte, baina gaizkia aukeratzen dute. Ez dute ikasten egindako okerretatik, beren nahiak lortzeko erabiltzen dute jendea, eta ez dute enpatia emozionalik. Horiek dira Pedro Manuel Ruiz-Lazaro psikiatrak (Zaragoza, Espainia, 1967) psikopata bat definitzeko erabili dituen hitzak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroan emandako hitzaldian. Han, psikopatiaren diagnostiko goiztiarraz mintzatu da.

Nola antzeman daiteke haur bat psikopata dela?

Ez da erraza izaten. Hasieratik kontuan izan behar da haurrak direla, eta askotan izaten dituzten jarrerak ez dira larritzekoak. Haurtzaroan guztiok izaten ditugu nahasmenduak, baina, 4 urte inguru betetakoan, apurka desagertuz joaten dira. Nahasmenduak irauten badu, zerbait egin behar da ume horrekin.

Jokabide jakin batzuk izaten dituzte psikopatek, eta gu saiatzen gara horiek antzematen. Ondoren, haur horren diagnostikoa egiten dugu. Diagnostikoa bera garrantzitsua da lan egiteko, baina garrantzizkoena pertsonak jokabide horiek ez garatzea da. Horretarako, lan egitean dago giltzarria; haurrarekin, haren guraso edo arduradunekin eta eskolarekin. Ahal den guztia egin behar da haurraren diagnostikoak eta jokabideak okerrera egin ez dezaten.

Psikopatak adimendunak izan ohi dira?

Oso zabalduta dago ideia hori gizartean, baina psikopata guztiek ez dute zertan adimendunak izan. Nik, psikiatra moduan, bi psikopata mota bereizten ditut: adimendunak eta adimen koziente txikikoak. Adimendunak ez dira erraz antzematen. Izan ere, ulertzen dute gizarteak nola jokatzen duen; nolabait, jokoaren nondik norako guztiak barneratuak dituzte. Gainera, erakargarriak dira; ez fisikoki, pertsonalki baizik; nolabaiteko xarma berezia dute. Koziente txikikoak, berriz, askoz ere oldarkorragoak izaten dira; ez dituzte bulkadak kontrolatzen, eta errazago antzematen dira.

Eraginik ba al du genetikak?

Bai, hala da. Tamalez, ezin dugu ehuneko zehatzez hitz egin. Hala ere, esan genezake psikopata bat izateko probabilitatearen %40 inguru geneetan dagoela. Ez da erdira iristen, baina ehuneko handia da. Hala ere, bereizi egin behar dira bi gauza: geneak izatea eta geneak azaleratzea. Hor dago gure egitekoa. Psikopata bat izateko geneak dituztenek tratamendua jaso behar dute gene horiek modu egokian azaleratzeko.

Badaude eragiten duten beste faktore batzuk ere: hala nola pobrezia maila, hezkuntza eta familiaren egoera. Eboluzionistek azaltzen dute beharrezkoa dela psikopatak ere gizartean egotea, ehuneko txiki batean: kontzientzia garbia duten soldadu perfektuak dira psikopatak. Esaterako, enpresen alorrean oso baliagarriak dira: errukigabeak eta bihozgabeak. Krisi garaian, enpresa batean neurriak hartu eta jendea kaleratu behar denean, ezin egokiagoak dira. Psikopata ez denak badu barrena, badu ardura eta kezka hori: kaleratu behar duenaren lekuan jartzen da. Psikopata batek goiz batean ehun pertsona kaleratu ditzake, eta ez da batere arduratuko.

Zer egin daiteke psikopatiaren geneak dituena psikopata bihur ez dadin?

Haurrak hezi egin behar dira, eta are gehiago psikopata bat izateko geneak baditu. Maitasuna eman behar zaie, eta lotura sendoak sortu gurasoen eta seme-alaben artean. Haserretzen bada, modu egokian erantzuten jakin behar dugu; eredu izan. Beren burua babestuta sentitu behar dute, baina ez babestuegi. Hori eginez gero, haur hori psikopata bat izateko aukera gutxiago daude.

Haurrak babestearen eta gehiegi babestearen mugak lausoak dira.

Hori da egungo arazoetako bat. Gero eta gehiago kostatzen zaigu arauak jartzea eta onartzea. Uste dut orain lehen baino zailagoa dela haurrak heztea. Aspaldi beste hezkuntza bide batzuk zeuden; ez dakit egokiagoak edo ez. Baina umeak kontrolatuago egoten ziren. Gaur egun, badirudi haurrek kontrolatzen dituztela gurasoak askotan. Gurasoek ez dakite nola jokatu, non jarri mugak, eta askotan egoerari neurria hartzeko zailtasunak izaten dituzte. Sinesten dut maitasuna adieraztea eta babestea direla jarraitu beharreko pausoak. 4-5 urte bete arte babestu, eta hortik aurrera, geroz eta gutxiago.

Oraindik, tamalez, guraso askok guztia egiten diete seme-alabei: jantzi, jaten eman, elkarrekin lo egin, ezetzik ez esan... Horrela, umeak gaizki ohitzen dira. Haurrei ezetz esateko beldurra dagoela ematen du, hura frustratzeko beldurra dagoela. Baina haurtzaroan frustrazioa sortzea ona da. Hala ere, onartu behar dut gaur egun ezetz esatea konplikatua dela. Inguruan jendea badago, agian gaizki begiratuko dizute, eta pentsa dezakezu haurra ez zarela ari behar bezala hezten; baina egin egin behar da. Finean, heldua denean psikopata bada,umea izan zenean aztarnak izango zituen.

Noiz kezkatu behar da?

Haurrak haserretzea eta negarrez hastea normala da; kasketa ematea guztiek pasatu beharreko fasea da. 7 urteko haur batek horrelako jokaerekin jarraitzen duenean, orduan hasi behar dugu arduratzen. Badaude aztarna batzuk: umea hotza eta oldarkorra izatea, enpatiarik ez agertzea, barkamenik inoiz ez eskatzea... Baina kasuak banaka aztertu behar dira.

Senda daiteke psikopata bat?

Tratamendua hasteko garaia esanguratsua da. Txikitan antzematen bazaio jokabidean nahasmendua duela, asko dago egiteko. Ez da erraza izaten, baina aurrerapauso handiak egin daitezke. Eri konplexuak izaten dira: bitarteko asko behar dituzte sendatzeko, eta arazo asko sortzen dituzte. Baina badute aukera. Ordea, psikopata heldua bada, kontua asko aldatzen da: ia ezinezkoa da haiek sendatzea. Baten bat egongo da, baina oso ezohikoa izaten da. Gainera, sendatzekotan, zailtasun handiak izango dituzte. Arazoa da ez dutela sendatzeko beharrik ikusten; haiek pozik bizi dira horrela.

Eta psikopata heldu batekin zer egin beharko litzateke?

Oldarkorrak izaten dira askotan, eta legea hausteko joera izaten dute. Hala bada, egindakoarenerantzule izan behar dute. Kartzelara bidaltzea izan liteke bidea, baina suposatzen da horrelako kasuetan kartzelak helburu hezitzailea izan behar duela; hau da, pertsona psikopatek tratamendua jasoko dutela han. Kartzelak ez du egonaldi huts bat izan behar. Egun, ordea, psikopata bat kartzelan sartzen dutenean, hura gizartearengandik urruntzea baino ez dugu lortzen, epe horretan salbu egotea. Beraz, kartzelak, alde horretatik, helburu babeslea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.