Haurren garapen psikologikoan zein faktorek eragiten duten aztertu du urte luzez Enrique Arranz Psikologiako katedradunak (Santo Domingo de la Calzada, Espainia, 1957). Gaur egun, familia psikologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Umeen garapenerako, garrantzitsuena gurasoekiko atxikimendu ona eta frustrazio optimoa dela uste du. Berriki horretaz aritu da EHUk antolatutako udako ikastaroetan, Gurasotasun onuragarria eta bikoteetako krisi egoeretan haurren garapena izeneko hitzaldian.
Zer adierazi nahi duzu gurasotasun onuragarria terminoarekin?
Euskaraz horrelako hitz bat edukitzea zoragarria da. Zenbait erdal hizkuntzatan ezberdin egiten zaie erreferentzia aitari eta amari; gurasotasun onuragarria kontzeptuak desberdintasun hori gainditzea du xede. Funtsean, familiaren bidez garapen psikologiko osasuntsua bermatzea da gurasotasun onuragarria, sendia eragin handiko esparrua baita. Horretarako, atxikimendu egokia eta frustrazio optimoa behar dira.
Gurasotasun onuragarria ekinbide politikoa ere bilakatu da Europako Batasuneko estatuentzat. Estatuek aholku ematen diete biztanleei familia eta gurasotasun kontuetan. Praktikan, haurren garapena babesteko tresnak, familian aitaren inplikazioa lantzeko baliabideak eta abar ezarri dira.
Gatazka egoerak, berez, naturalak eta garapen psikologikorako onuragarriak direla esan duzu. Baina nola kudeatu gurasoen arteko krisiek haurrengan izan dezaketen eragina?
Dibortzioak gatazka guneak izan daitezke haur askorentzat, baina ez dira beti kaltegarriak. Batzuetan, aurkako egoeren bitartez, haurrek defentsak sortzen dituzte, eta hori oso onuragarria da haien garapenerako. Psikologikoki egokiro garatzeko, beharrezkoa da gatazka egoerak bizitzea. Horrek, ordea, badu alde iluna ere: haur batek gurasoek eragindako gatazka egoera kaltegarri batekin egiten badu topo, psikologikoki ezegonkorra eta kaltebera bilakatuko da.
Nola saihestu, beraz, bikote hausturek haurrei kalte egitea?
Heziketarako kultura sustatu behar da gurasoen artean. Adibidez, Lea-Artibai eskualdean eskuorri batzuk egin genituen; urte luzeetako ikerketen berri emateaz gain, egoera horretan dauden gurasoentzako aholkuak banatu genituen, eta, haurren adinaren arabera, gomendioak moldatu genituen. Heziketarako kultura ere bada gurasoek haurraren aurrean ez eztabaidatzea edo elkarri ez erasotzea, umearentzat oso kaltegarria baita. Aitak haurraren heziketan egunero parte hartzea ere oso onuragarria da. Beraz, bikote bat hautsi baino lehenago gurasoek haurrarekiko duten jarrerak asko baldintzatuko du gerora banaketaren gatazka nola kudeatuko duten guztiek. Gaur egun, askotan arazoa ezegonkortasuna da. Gazteek, duten egoeragatik, ez dute epe luzerako bikote harremanik irudikatzen. Uste dut egonkortasuna oso garrantzitsua dela haurraren garapenerako.
Dibortzioaren ondoren, gatazkak jarraitu egin dezake. Zein iritzi duzu zaintza partekatuaz?
Psikologo gisa, uste dut bikotearen berezitasunak kontuan hartu behar direla zaintza partekatuaren alde edo aurka absolutuki egin aurretik. Ikusi egin behar da gurasotasun onuragarriaren gakoak betetzen diren ala ez. Zaintza partekatua denboraren banaketa salomonikoa bada soilik, ez dauka inongo zentzurik.
Gurasotasun berri deiturikoekzerikusia al dute familia eredu onuragarria izatearekin?
Dudarik gabe, aitatasun eredu aktiboek, adibidez, modu oso positiboan eragiten dute haurraren garapenean. Baina ez nik eta ez ikerketek ez dugu esaten haurrek aita eta amen figurak eduki behar dituztenik garapen psikologiko egokia izateko. Garrantzitsuena da haurra hezteko gogoa duten eta prestatuta dauden helduak umearen kargu egitea, genero bereizketarik egin gabe. Ahal izatekotan, ikerketek diote hobe dela haurrak guraso bat baino gehiago edukitzea. Dena den, familia eredu ezberdinei etiketa ipintzea ere ez da gomendagarria. Kasu batzuk ezagutu ondoren, ohartu gara garrantzitsuena dela jakitea nolako harremanak garatzen diren. Gurasoek haurrarekin duten elkarrekintza da inportantea, familia eredu jakinen gainetik.
Enrique Arranz. Psikologia katedraduna
«Psikologikoki egokiro garatzeko, beharrezkoa da gatazka egoerak bizitzea»
Bikote krisietako gatazkek haurrengan nolako eragina duten aztertu du Enrique Arranzek. Nabarmendu du heziketarako kultura eta egonkortasuna sustatu behar direla gurasoen artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu