Psikofarmakoak hartzen dituzten emakumeak gizonezkoak «halako bi» direla jakinarazi du Amaia Cuesta Zigorraga erizain, psikologo eta Deusto Unibertsitateko irakasleak (Donostia, 1991). Gizarteak ezarritako genero rolek buru osasunean izan dezaketen eraginaren berri eman du; baita egonezin emozional horiek tratatzeko dagoen baliabide eskasiarena ere: «Arazo bat konpondu nahian, beste bat sortzen da».
Cuestak Generoak mendekotasunetan duen eragina hitzaldia eman du EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan. Aergi errehabilitazioan dauden alkoholiko eta adiktuen Gipuzkoako elkarteak antolatu du ikastaroa.
Emakumeei gizonei baino gaitz mental gehiago diagnostikatzen zaizkiela azaldu duzu ikastaroan. Horrek non du erroa?
Depresio eta antsietate diagnostikoa egiten zaien emakumeak gizonak halako bi dira. Gizarteak ezarritako rolek eragina izan dezakete horretan. Gizarteak gizonaren pean kokatu izan du emakumea, eta sufrimenduarekin ere lotura estuagoa atxiki izan zaio.
Gehiegizko diagnostikazioa dagoela aipatu duzu.
Hori da. Profesional batengana jotzen duten emakumeek arrisku handiagoa dute beren egonezin emozionalak gaixotasun gisa interpretatuak izateko. Gizonetan, joera ez da horren agerikoa.
Eta gehiegizko medikazioa zer da?
Bide beretik, joera handiagoa dago —zehazki, bikoitza— emakumeei soluzio gisa farmakoak eskaintzekoa. Horrek zaildu egiten du arazoaren erroetara jo eta horien gainean lan egitea.
Egonezinei erantzun farmakologikoa ematen zaie, begirada sozial bat jarri eta bestelako irtenbideak proposatu beharrean.
Zein izan daitezke bestelako irtenbide horiek?
Emakumea ahalduntzeko makineria martxan jarri behar da. Horrela, beharbada, emakumezkoak gaitasun handiagoa izango du egunerokoari aurre egiteko.
Modu osasuntsuagoak topatu behar dira genero rol eta egiteko horiei guztiei aurre egiteko. Etorkizunean, nire ikerketak ildo horretara bideratu nahiko nituzke.
Medikazioa noiz bihurtzen da adikzio?
Egonezin emozional horiei aurre egiteko, psikofarmako gisa ezagutzen diren medikamentuak eskaini ohi dira. Horietakoak dira antsietateari aurre egiteko sendagaiak, insomnioaren aurkakoak eta egoera emozionala orekatzekoak.
Gomendatutakoa baino epe luzeagoan hartzen badira, farmakodependentzia sortzeko arriskua dute. Orokorrean, hori da gertatzen dena: gida klinikoek zehaztu baino denbora gehiagoz luzatzen dira tratamenduak. Epe gomendagarria bi eta lau aste artekoa da insomnio kasuetarako, eta luzexeagoa antsietatearentzat.
Zergatik luzatu ohi da epe hori?
Egun, osasun langileek ez dute astirik egonezin mentalen atzean zer dagoen deskubritu eta horren arabera erantzuteko. Gure osasun sistema antolatuta dagoen moduan, ez dago horretarako nahikoa baliabide pertsonalik, ez estrukturalik, ezta tenporalik ere.
Lehen arretako medikuek, esaterako, oso minutu gutxi dituzte pertsona bat artatzeko. Minutu horietan, lehentasuna dauka pazientearen egonezina egonkortzeak, eta, horretarako, psikofarmakoak errezetatzen dira. Zenbaitetan, arazo bat konpondu nahian, beste bat sortzen da.
Halere, ez ditut sendagai horiek deabrutzat jo nahi. Erabilgarriak dira momentu jakinetan eta modu egokian erabilita.
Psikofarmakoak ez dira ohiko droga moduan sailkatzen.
Psikofarmakoen dependentzia isilpeko mendekotasun gisa katalogatu daiteke. Batzuetan, adiktuak berak ere ez du mendekotasun gisa ikusten, ohiko sendagai moduan baizik.
Horregatik, oso garrantzitsua da profesionalek pazienteak ohartarazteapsikofarmakoak desegoki erabiltzearen arriskuez. Esan bezala, ordea, horretarako ere baliabideak falta dira.
Hitzaldian erabilitako diapositibetako batek «adikzioak generoa dauka» zioen. Psikofarmakoen kasuan, emakumezkoen generoa?
Guztiz. Psikofarmakoak dira droga bakarra emakumezko kontsumitzaile gehiago dituztenak gizonezkoak baino.Zehazki,psikofarmakoak hartzen dituzten emakumeak gizonezkoak halako bi dira.
Zer pentsatua ematen du: farmako horiek kontsumitzera daramaten faktoreak desberdinak dira gainontzeko drogekin alderatuta. Beraz, bai, psikofarmakoek izena dute, eta izen hori emakume izena da.
Bestalde, gainontzeko droga guztien kontsumitzaile nagusiak gizonezkoak dira.
Bai, gainerakoetan bai. Halere, pertsona bat edozein droga kontsumitzera daramaten arrazoiak ezberdinak dira gizonen eta emakumeen artean. Arrazoi horien gainean jarri behar da begirada.
Eta behin mendekotasunari aurre egiterako orduan, ba al dago alderik gizonen eta emakumeen artean?
Bai, emakumeek zailtasunak izaten dituzte mendekotasunen aurrean laguntza eskatzeko eta sare soziosanitariora heltzeko.
Izan ere, emakume adiktu orok estigma bikoitza izango du bere gain: bata, kontsumitzailea izateagatik, eta, bestea, emakumeari gizarteak ezarritako roletatik desbideratzeagatik. Gainera, gizarteak ezarritakoez gainera, beren buruari ere estigmak ezarri ohi dizkiote.
Zenbaterainoko garrantzia du gaiaren inguruan hitz egiteak?
Handia. Oso garrantzitsua da mendekotasunen inguruko lanketak egitea. Bide horretan, azpimarratu egin nahi dut Aergi elkarteak egiten duen lana. Goraipatzekoa da gizartean duen eginkizuna, eta eskertzekoa ikastaro hau antolatzeko jarri duten indarra.
Amaia Cuesta Zigorraga. Mendekotasunetan aditua
«Psikofarmakoek izena dute, eta emakume izena da»
Genero rolek emakumeen buru osasunean duten eraginaz eta horietatik erator daitezkeen mendekotasun arazoez mintzatu da Amaia Cuesta. Erizaina, psikologoa, irakaslea eta mendekotasun aditua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu