Genero gaiak ikertzen aspalditxotik ari da Alicia Garcia Santos (Pancorbo, Espainia, 1968); urritasunen bat duten emakumeen beharrei begira jardun du azken urteotan, eta, bereziki, buruko eritasunen bat dutenei so ari da orain. Fedeafesek plazaratu berri duen ikerketaren egilea da, eta hizpide ditu andrazkoekin izan dituen elkarrizketetan haiei aditutako bizipenak, gogoetak; irauli behar den errealitate baten erakusgarri dira horietako asko.
Ikerlana aurkeztean onartu duzu alorrean datu kuantitatiboak oso urriak direla, eta, nolabait ere, izozmendi handi baten tontortxoa besterik ez dela ikusten oraindik ere. Hain larria al da?
Ikerketak urriak dira; baina horien arabera, bikote harreman batean egon diren hamar andretik zortzik jasan dute bortxa, eta lautik hiruk, familia giroan. Esaten dudanean izozmendiaren tontorra besterik ez dugula ikusten, adierazi nahi dut osasun sareak, gizarte zerbitzuek eta gaixoekin ari diren elkarteek, oro har, ez dituztela identifikatzen kasuak; horrek esan nahi du ez ditugula ezagutzen andre horiek, eta ezin ditugula lagundu. Horrez gain, indarkeria jasan duten emakumeentzako harrera zerbitzuak ez daude buruko gaixotasun larriren bat duten andreen beharrei erantzuteko prest; ez dute profesional trebaturik horretarako. Arta psikologikorako zerbitzuekin ere horixe gertatzen da. Beraz, gaitzaren estigma jasan behar duten andrazkoek, eta, gainera, arta eskasagoa izaten dute.
Kontsultara-eta joan behar izaten dute buruko gaixo larriek sarri. Psikiatrak ez al dira deusez jabetzen? Zer ari da jazotzen?
Nire ustez, psikiatria —eta psikologiaren zati bat— eta emakumeen indarkeria bi alor paralelo izan dira orain arte; ez dira ukitu ere egin. Salbuespenak badira, baina ezinbestekoa da psikiatra guztiek jasotzea alorreko trebakuntza. Izan ere, badakigu: haien kontsultetan dituzten andre gehienek jasan dute bortxa, edo jasaten ari dira. Aintzat hartu behar da.
Gaitzaren inguruko estigmak zer eragin izaten du indarkeria kasuak jakinaraztean?
Estigmak andre horien bizi osoan du eragina: sistematikoki. Beldurrak eta buruko gaitzaren inguruko iluntasuna zama handia dira, eta horrek eragina du bortxa kasuen berri ematean ere: ahaldunduta egon behar da horretarako, eta estigmak ez du laguntzen.
Ikerketa aurkeztean nabarmendu duzu bikote barruko indarkeriaz bakarrik ez dela aritu behar; indarkeria mota asko atzeman dituzue andreen bizipenetan...
Oro har gertatzen da hori, bortxa matxistaz ari garen guztiotan. Sistematikoa da andreen bazterkeria, eta garrantzitsua da beste bortxa klase batzuk ere badaudela erakustea. Indarkeria sexuala, esaterako, hortxe dago: gertukoenek egiten dituzte gehienetan halakoak. Aitek egindakoak dira, anaiek... Guk egindako eztabaida taldeetan halakoak agertu dira. Bada beste kontu bat; andre horien kontrako bortxa familia barruan gertatzen da sarri, andre horiek uko egiten dietenean genero rolak betetzeari. Andre askok kontatu dizkigute halakoak. Adibidez: «Nire aitak dena esaten dit irainen bidez: puta esaten dit. Eta inguruan esaten didate garai bateko emakumeak zirela onenak. Orain 50 urteko andre baten portaera izatea nahi dute...». Beraz, familia barruan jasaten dituzten tratu txar gehienak ere bortxa matxista direla esan genezake: emakumeak mendeko gisara hartzearekin oso lotuta daude.
Andre horiek duten beste arazo bat izaten da sinesgarritasuna. Usu haien testigantzak sinetsi ere ez dituzte egiten, ezta?
Andreok indarkeria kasuen berri eman dugunean, sarri jarri da auzitan gure hitza. Iazko Iruñeko sanferminetako jazoeretan argi ikusi zen... Kasu honetan, areagotu egiten da hori. Sistematikoki jartzen da dudan haien hitza. Eta mito bat da; psikiatra askorekin hitz egin dugu ikerketan, eta eldarnio kasuak oso urriak dira.
Lotsa, gaitzaren estigmak dakarren bakartzea... Andreok dituzten arazoen lista hain da luzea...
Gizartean parte hartze urria baduzu, bakarrik bizi beharko dituzu arazo asko; horixe gertatzen zaie buruko gaitz larriren bat duten andre askori. Bikotekidearen premia izaten dute, gainera, sarri gauza askotarako, eta babes hori galtzearen beldur dira. Maiz, gainera, justifikatu egiten dute erasotzailearen portaera. «Jo egiten nau», diote. «Baina hori gertatzen da ni horrela nagoelako».
Indarkeria matxista. Alicia Garcia Santos. Genero gaietako aholkularia
«Psikiatria eta andreen aurkako indarkeria bi alor paralelo izan dira»
Fedeafesek aurkeztu duen ikerketaren egilea da Garcia Santos; hori ontzeko «andre indartsuak» elkarrizketatu dituela kontatu du, eta premiazkoa dela haien premiak aintzat hartuko dituen sistema bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu