«Gidaritza» hartzeko prest daudela irudikatu nahi du PSEk X. kongresuan

Otsailaren 14tik 16ra bitarte egingo dute kongresua, Donostian. Besteak beste, Pedro Sanchezek eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok parte hartuko dute.

Blasi, Gil eta Morales, gaur goizean. PSE-EE
Blasi, Gil eta Morales, gaur goizean. PSE-EE
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 3a
14:00
Entzun

Eneko Andueza izan zen PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagai bakarra, eta alderdiaren gidaritza haren esku egongo da aurrerantzean ere. Halere, organo nagusiak berritzeko prozesua martxan da, eta X. kongresuarekin emango diote amaiera. Otsailaren 14tik 16ra bitarte egingo dute kongresua, Donostiako Kursaalean. Jakinarazi dutenez, Euskadi, hemen eta orain lelopean egingo dute, eta PSOEko eta Espainiako Gobernuko hainbat kide izango dituzte bidelagun; tartean, Pedro Sanchez alderdiko idazkari nagusi eta Espainiako gobernuburua.

Miguel Angel Morales Antolakuntza idazkariak azaldu duenez, irudikatu nahi dute «Euskadi» dela sozialisten lehentasuna, eta haren «gidaritza hartzeko» lanean jarriak daudela. Izan ere, adierazi du «euskal erakundeak eta bereziki Eusko Jaurlaritza gidatzeko aspirazioa» dutela.

Hala berretsi du Begoña Gil Politika Instituzionaleko idazkariak ere. Gainerako alderdiei ere erreparatu die bere hitzaldian, eta kezka adierazi du horien jarrera dela eta, bizkar ematen dietelakoan gaur egungo mehatxu eta aldaketei. Zehazki, zuzenean aipatu ez baditu ere, alderdi abertzaleei egin die erreferentzia: «Tematuta daude duela hogei urte eskaini ziguten horrekin berarekin: estatus berri bat, subiranotasun berri bat, Euskadi independente bat». Gilen esanetan, baina, «bakartzea» ez da irtenbide bat, kontuan hartuta nazioarteak zer norabide hartua duen gaur egun.

Hala, ziur da sozialistek hartzen dituzten erabakiek datozen urteetako norabidea ezarriko dutela, eta horregatik nahi dute X. kongresua «mugarri» izatea. Izan ere, argudiatu du azken urteetan lan egin dutela alderdiaren eragina areagotzeko, eta orain prest daudela «instituzioak gidatzeko, herrialdearen gidaritza hartzeko eta garai hauek behar duten norabidea ezartzeko». Azaldu du politika aurrerakoien bidez egingo dutela hori, «arazo guztien konponbide gisa subiranotasun eta independentzia eszenatoki alegiazko bat» nahi duten horiek ez bezala.

Anduezaren izendapena jada ofiziala izanik, gainerako kargudunak nor izango diren zehaztu beharko dute kongresuan. Hau da, EAEko Batzorde Exekutiboko, Berme Batzordeko, Batzorde Nazionaleko eta Batzorde Federaleko kideak aukeratu beharko dituzte. Era berean, Pau Blasi Ikerketa eta Programa idazkariak azaldu du alderdikideek 198 zuzenketa aurkeztu dizkiotela Alderdi eredua eta Estatutuak dokumentuari, eta 779 txosten politikoari.

Horren harira, Blasik adierazi du zuzenketa gehienek xede dutela txostenean ezarritako lehentasunetan sakontzea; besteak beste, etxebizitza, enplegua, mugikortasun jasangarria, Osakidetza, hezkuntza eta zaintza. «Albo batera utzi dituzte hainbeste urtean euskal politikagintza baldintzatu duten eztabaida identitario horiek», gehitu du.

Hiru eguneko egitaraua

Kongresuko ekitaldi nagusia larunbatean egingo dute sozialistek. Han, Anduezak Pedro Sanchez izango du alboan, besteak beste, eta hark ere hitza hartuko du. Era berean, ekitaldian izango dira EAEko UGTko eta CCOOko buruzagiak ere.

Bestalde, «eztabaidarako foro» bilakatu dute kongresua. Larunbatean bertan, Idoia Mendia europarlamentaria, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Carlos Cuerpo eta Oscar Lopez Espainiako Gobernuko ministroak «ekonomia berritzaileaz» arituko dira. Bezperan, berriz, kongresua ofizialki hasi aurretik, etxebizitzaz eta garraioaz arituko dira, besteak beste, Denis Itxaso eta Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Isabel Rodriguez eta Oscar Puente Espainiako Gobernuko ministroak.

Era berean, Euskadi plural eta anitza Espainia moderno eta kohesionatuan izenburuarekin, hizketan arituko dira Andueza bera, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia eta Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentea.

Igandean, berriz,  Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak emango dio amaiera kongresuari, Anduezarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.