Eusko Jaurlaritzarekin akordioa nahi dute PSEk eta PPk, baina hori lortzeko nork bere baldintzak jarri ditu. Inork ez dizkio ateak itxi nahi gobernuarekin ituna hitzartzeari, baina ez edozein preziotan. Herenegun Iñigo Urkullu lehendakariak «egonkortasun ituna» eskaini zien PSEri eta PPri, eta bi alderdiok atzo erantzun zioten gobernuari. Biek ala biek akordioaren bidea jorratzeko borondatea agertu zuten, nork bereñabardurekin, hala ere.
Sozialistak prest daude akordioa egiteko, baina soilik beren proposamen «osoaren» gainean baldin bada, Rodolfo Ares PSEko Antolakuntza idazkariak ohartarazi zuenez. Patxi Lopezek aurkeztutako eskaintza kontuan hartuta eseriko dira, beraz, negoziatzera. Lau puntutan oinarritzen du PSEk bere proposamena: lan bikoitza saihesteko instituzioen erreforma, ekonomia eta enplegua suspertzeko plana, zerbitzu publiko handiei eusteko proposamena eta erreforma fiskal «sakona». Oinarri horiek «osotasun» baten parte direla esan zuen Aresek, eta denei heltzea nahi dutela, «elkarri lotuta» daudelako.
Herri mailako akordioak bai, baina ez «helburu subiranistak»dituztenak. Baldintza hori ere jarri diete sozialistek Jaurlaritzari, Aresek argitu zuenez. Gobernuak autodeterminazioaren eta subiranismoaren bidean ibili nahi badu sozialistak aurrez aurre izango dituela ohartarazi zuen, halaber, PSEko Antolakuntza idazkariak.
Nolanahi ere, jarritako baldintzen gainean negoziatzeko prest daudela berretsi zuen Aresek: «EAJk badaki norekin eta zeri buruz hitz egin behar duen sozialistekin akordioak lortzeko. Gauza horietaz hitz egiteko prest gaude, desadostasunak egonda ere horiek dira elkarrizketarako oinarriak». PSEko buruak uste du egonkortasunerako eskaintza egiteak agerian utzi duela Jaurlaritza «okertu» egin zela gutxiengoan gobernatzea erabaki zuenean, eta orain akats hura «zuzendu» nahi duela. «Espero dugu egindako zuzenketa eta egonkortasunerako proposamena adierazpen hutsetan ez geratzea».
PPk ere jarrera irekia
Akordiorako jarrera irekia agertu du, era berean, PPk. Antonio Basagoiti presidentearen ustez, «beharrezkoa» da EAJrekin ituna egitea «herria aurrera ateratzeko», nahiz eta aitortu duen bere alderdiarentzat eta sozialistentzat ez dela onena. Hala eta guztiz ere, PPk ere baldintzak jarri dizkio balizko itun horri, tartean, lehendakariak independentzia eta Espainiarekiko «epekako haustura» alde batera uztea. Urkulluri behingoz «lidergoa» hartzeko eta PSEri arduraz jokatzeko deia egin die PPko buruak.
Era berean, Basagoitik uste duEAJk, PSEk eta PPk akordioa lortuz gero «gehiengo osoa» izango luketela EAEko erakundeetan, eta horrela herrialde guztira zabalduko lituzketela adostutako gutxiengoak. Gipuzkoan ere akordioa gauzatu beharko litzatekeela iritzi dio Basagoiti PPko buruak, herrialde hori «oztopo» bilakatu ez dadin «Euskadiren garapenerako».
Lehendakariak herenegun egindako eskaintzaren inguruan apenas ezagutzen den xehetasunik. Atzo Josu Erkoreka gobernuko eledunak ere argibide gutxi eman zituen gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Zehaztapen bat egin zuen, hori bai. Argitu zuen lehendakariak bi motatako itunak proposatu dizkiela alderdiei, «herri mailako ituna» batetik, eta «egonkortasuna» lortzekoa bestetik. Herri mailako itunari dagokionez, Erkorekak azaldu zuen alderdi politiko guztiak parte hartzera gonbidatu dituela lehendakariak, «denak beharrezkoak direlako eta elkarbizitza egituratzeko oinarriak eraikitzeko euren parte hartzea nahitaezkoa delako». Egonkortasun ituna, berriz, PSEri eta PPri soilik eskaini zaiela onartu zuen, EH Bilduk «bere burua akordioetatik kanpo» utzi duelako. Bere esanetan, koalizioak «hiru ezezko borobilekin» erantzun die Jaurlaritzaren proposamenei: lehena, iragan urrian legealdirako itunei ezezkoa emanez, bigarrena aurrekontuen aurka eginez, eta hirugarrena negoziazio horietan lehendakariaren dokumentua baztertuz. «Gobernuak ez du EH Bildu baztertu, koalizioa izan da bazterketa horren erantzule», erantsi zuen.
Alderdiei egindako proposamenarekin Jaurlaritzak ez du koalizio itunik sinatzea espero, baina ez du akordiorako formula bakar bat ere baztertzen: «Akordiorako borondatea izateak du lehentasuna, eta ez hainbeste adostasuna gauzatzeko formulak».
PSEk bere proposamen «osoaren» gainean nahi du akordioa EAJrekin
Sozialistek Urkulluri erantzun diote hitz egiteko prest daudela, baina akordiorako oinarriak Lopezen eskaintzan daudelaErkorekak dio EH Bildu izan dela bere burua akordioetatik kanpo utzi duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu