PSEren eta EAJren udal gobernuak eta EH Bilduk akordioa egin dute Gasteizko aurrekontuak onartzeko

EH Bilduk 7,7 milioi euroren zuzenketak adostu ditu sozialistekin eta jeltzaleekin. Etxebizitza komunitarioak eraikitzeko, trantsizio energetikoari bide emateko eta Martxoaren 3ko gertakarien 50. urtemuga sustatzeko neurriak hitzartu dituzte.

Rocio Vitero EH Bilduko eleduna, Gasteizko Udalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Rocio Vitero EH Bilduko eleduna, Gasteizko Udalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urtarrilaren 20a
10:55
Entzun

Bigarren urtez jarraian, aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa egin dute Gasteizko udal gobernuak eta EH Bilduk, eta, beraz, 2025eko proiektuak izango du aski babes aurrera egiteko. 2024ko kontuak ere koalizio subiranistarekin egindako itun bati esker atera zituzten aurrera. EH Bilduk eman du akordioaren berri, gaur goizean. Rocio Vitero zinegotziak adierazi du sozialistek eta jeltzaleek 7.750.000 milioi euroren zuzenketak onartu dituztela. EH Bilduk 25 zuzenketa aurkeztu zizkion jatorrizko proiektuari, eta beraz, ia denak onartzea adostu du udal gobernuarekin.

Bost atal ditu akordioak: gizarte babesa, udal etxebizitzak, dinamizazio ekonomikoa, trantsizio ekosoziala, eta aisialdia, kultura eta kirola. «Akordio on bat da, herritarren benetako kezkei erantzungo diena», azpimarratu du Viterok. «Erantzukizunez jokatu dugu, eta herritarrek eskatutako norabidea biltzen du akordio honek».

Aurrekontuen tramitazioak gaur bertan egingo du aurrera, eta, Ogasun Batzordean eztabaidatu ondoren, bihar bozkatuko dituzte zuzenketak. Viterok ez du argitu EH Bilduk abstentziora joko duen edo alde bozkatuko duen, baina ziurra da bozketa horren ondotik 475,6 milioi euroko aurrekontua onartuko dutela behin betiko. Udal gobernuak 2024an baino 16,6 milioi gehiago izango ditu hiria kudeatzeko, %3,6 gehiago. EH Bilduren, EAJren eta PSEren arteko akordioaren zimenduak urrian ezarri ziren, zerga ordenantza berrien inguruko akordioa erdietsi zutenean. Hain zuzen ere, akordio hura erabakigarria izan da aurrekontuetan ere ados jartzeko.

Etxebizitza komunitarioak eta komunitate energetikoak

Hainbat proiektu diruz finantzatuko dituzte aurrekontuetan lortutako akordioari esker, Viterok azaldu duenez. Besteak beste, «adinekoentzako etxebizitza komunitario gehiago egiteko eta alokairu babestuaren inbertsioa halako bi egiteko» erabiliko dute dirua. Aurten, 1,2 milioi euro baliatuko dute etxebizitza komunitarioak egiteko, eta Viterok azaldu duenez, legealdi osoan 5,5 milioi euro jarriko dira etxebizitza komunitarioak eraikitzeko eta hornitzeko. Horrez gain, 755.000 euro erabiliko dira beste baliabide bat martxan jartzeko, helburu hartuta «larrialdi egoeretan» herritar zaurgarriak artatzea.

Etxebizitzari lotutako bestelako inbertsioak ere adostu dituzte. Hala, 1,5 milioi euro jarriko dituzte etxebizitza politika propioetan inbertitzeko eta Alde Zaharrean etxebizitzak eraikitzeko.

«Akordio on bat da, herritarren benetako kezkei erantzungo diena. Erantzukizunez jokatu dugu, eta herritarrek eskatutako norabidea biltzen du akordioak»

ROCIO VITERO EH Bilduko bozeramailea

Trantsizio energetikoa bultzatzeko, komunitate energetikoetarako 600.000 euroko diru sail bat jarriko da hiriko auzoetan komunitate energetikoak sortu eta eguzki panelak jar ditzaten; bestalde, 850.000 euro izango dira negozioei, enpresei eta merkataritza sektoreari laguntzeko, eta taxien eta banaketa ibilgailuen elektrifikazioa sustatzeko. Gasteiz Euskararen Hiria ospakizuna berriro ere egiteko, 75.000 euro erabiliko dira, eta kopuru bera izango da 1976ko martxoaren 3ko gertakarien 50. urtemugako ekitaldiak antolatzeko.

Viterok azpimarratu du adostutako proiektuek «egonkortasuna» eskatzen dutela denboran, eta, horregatik, beste zortzi milioiren kredituak adostu dituztela 2026an eta 2027an gauzatzeko. Gogorarazi du EH Bilduren borondatea dela herri erronken inguruko akordioak lortzea, eta pozik agertu da erdietsitakoarekin, gasteiztarrek «irabazi» egingo dutelakoan eta haien «bizi kalitatea hobetuko» delakoan. EH Bilduk asteazkenean aurkeztuko dio akordioa Gasteizko militantziari, berretsi dezan.

«Egun garrantzitsua»

Udal gobernua osatzen duten alderdiak ere (PSE-EE eta EAJ) «pozik» agertu dira aurrekontu itunarekin. «Helburua bete da», esan du Maider Etxebarria alkateak. «Akordioa garrantzitsua da, eta egonkortasuna ekarriko dio Arabako hiriburuari», nabarmendu du Beatriz Artolazabal alkateordearekin batera egindako agerraldian.

Alkatearen hitzetan, akordioak agerian uzten du gutxiengoan den gobernuak badakiela «entzuten eta ituntzen», eta nabarmendu du «elkarrizketak, akordioak eta politika erabilgarriak» irabazi egin dutela. Haren ustez, gainera, EH Bilduren ekarpenei esker «hobetu» egin da aurrekontu proiektua: «Oposizioak badaki merezi duela gobernu talde honekin akordioak adostea, gauzak serio hartzen baititugu, eta esaten duguna bete».

Etxebarriak argi utzi du EH Bildu ez dela gobernuaren lehentasunezko bazkide, eta oposizio guztiarekin ados jartzeko prest daudela. PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioa egitea ezinezkoa izan bada ere, ez du baztertu oposizioarekin ados jartzea.

«EH Bilduren ekarpenei esker, hobetu egin da aurrekontu proiektua. Oposizioak badaki merezi duela gobernu talde honekin akordioak adostea, esaten duguna betetzen baitugu»

MAIDER ETXEBARRIAGasteizko alkatea

EAJko bozeramaile eta alkateorde Beatriz Artolazabalen ustez, berriz, «egun garrantzitsua da» gaurkoa, «arduraz lan egiten denean akordioak posible direla argi eta garbi erakusten duen eguna». Artolazabalek eskerrak eman dizkio EH Bilduri hitz egiteko eta negoziatzeko prest egoteagatik, horrek eman duelakoan aukera akordioa errealitate bilakatzeko. «Proposamena hiriaren interesekin eta pertsonen beharrekin lerrokatuta baldin badago, badago eraikitzeko modua».

PP eta Elkarrekin Podemos

Aurrekontuen gaineko akordioaren berri izan bezain pronto, agerraldia egin du PPko bozeramaile Iñaki Garcia Calvok, hura kritikatzeko. «Akordioa ez da ona. Gasteiz atzera begira dago oraindik; aukera bat galdu dugu», salatu du. Garciaren ustez, alkateak nahiago izan du EH Bildu «lehentasunezko bazkide» aukeratu, hiriarentzat proiektu «anbiziotsuak eta eraldatzaileak» bultzatu baino. «EH Bildurekin erosoago dago, ezkerreko politikak adosten ditu eta».

Elkarrekin Podemosentzat, berriz, alkateak «beste aukera bat» galdu du Gasteizko arazoei irtenbidea emateko, lortutako akordioa ez baitago herritarren premiei erantzuteko pentsatua. «Adabakiak jartzen ditu. Arazoek bere horretan iraungo dute», ohartarazi du taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.