PSE-EEko zenbait buru ez daude ados PSOEk Gonzalezez esandakoarekin

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, PSOEk «nahikoa da» esan beharko lioke Espainiako presidente ohiari

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Adriana Lastrak beste aldera begiratu zuen, herenegun, kazetariek galdetu ziotenean Felipe Gonzalez 1982 eta 1996 bitartean Espainiako Gobernuko presidentea izan zena GALen sorrerarekin lotzen duten CIAren desklasifikatutako dokumentuez. «PSOEren idazkari nagusia izan da, eta PSOEren babesa dauka», erantzun zuen PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, prentsaren aurrean egindako agerraldian. Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, ordea, ez du gauza bera pentsatzen. Haren ustez, PSOEk «nahikoa da» esan beharko lioke Gonzalezi.

Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten Andueza, atzo, eta adierazi zuen ezen, bere alderdian oraindik ere GAL dela-eta erantzukizunak argitzeke baldin badaude, «ordain daitezela». GALen krimenak «gaitzetsi» zituen, eta taldearen jarduna «nazkagarria» iruditzen zaiola azpimarratu.

Lastrak Gonzalezi buruz esandakoak gogoan hartuta, bestalde, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak beste modu batean ulertzen du «leialtasuna». Bide batez, Gonzalez bera izan zuen hizpide: «Gaur-gaurkoz, Felipe Gonzalez PSOEtik oso urrun ikusten dut; bai militante gisa, baita kontzeptualki ere». Gaineratu zuen, hori bai, ez dela alderdietan «garbiketak» egitearen «aldekoa».

Gonzalez bera auzitan jartzera iritsi gabe, Denis Itxaso EAErako Espainiako Gobernuaren ordezkariak ere GALen zeregina kritikatu du. «Ez zuen inoiz existitu behar», argitaratu zuen, atzo, bere Twitter kontuan. Itxasorentzat, GALek «mina» besterik ez zuen eragin, eta «begia begi truk» moldea elikatu. «Izugarrikeria handi bat eta hutsegite handi bat izan zen». Pentsatzen du giza eskubideen defentsa ez dela sinesgarria, «osoa eta koherentea ez bada».

Urkullu, atentatuak argitzeaz

Iñigo Urkullurentzat, «ulertezina» da ETAren zein «gerra zikinaren» 1980az geroztiko atentatu batzuk argitu eta ikertu gabe egotea. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo Onda Cero irratian emaniko elkarrizketa batean adierazi zuenez, duela hamarkada batzuetako «akzioa-erreakzioa-akzioa» dinamikan «posizio oso argia» hartu zuen EAJk, «era guztietako terrorismoen eta biolentzien aurka» azalduz.

Gonzalez ikertzeaz galdetu zioten, eta Urkulluk esan zuen EAJk ekinbide bat aurkeztu duela Espainiako Kongresuan, argitu dadin zein «inplikazio» eduki zuen GALen eraketan. EAJk datorren astean aurkeztuko du Sekretu Ofizialen Legea moldatzeko lege proposamena. Hori egitea «urgentziazko» da, Urkullurentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.