PSE-EEk «sozialisten norabidea» ezarri nahi du «pizkundearen garaian»

Anduezaren ustez, sozialisten ekarpena Jaurlaritzan haien esku dauden hiru sailetatik «harago» doa. Estatus berria ez du «lehentasuntzat» jo

Eneko Andueza, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urtea bukatzearekin batera, haren balantzea eta egoera politikoaren azterketa egin du Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak. Baikor agertu da: esan duenez, «tunelaren amaieran argia» ikusten hasiak dira, enplegua pandemiaren aurreko mailetara iristen ari da, kontsumoa berpiztu da, eta Europatik etortzekoak diren diru funtsak heltzen hasi dira. Horretan sozialisten eragina ikusten du Anduezak: «Frogatu dugu gauden tokietan gure aztarna uzten dugula», esan du, eta erantsi du orain datorren «pizkunde garaian» ere lan egingo dutela hala izan dadin.

Eusko Jaurlaritzaren jardueran ere «norabide sozialista» hori nabaria dela uste du Anduezak: «Sozialisten ekarpena gure esku dauden hiru sailetatik harago doa». 2022ko aurrekontuak aipatu ditu horren adibide gisa: «Aurrekontuak inoizko sozialenak dira; hamar eurotik zortzi gastu sozialera bideratuta daude, eta hor ere sozialisten norabidea dago».

Bestelako gaiak ere jorratu ditu Anduezak. Espainiako Kongresuan tramitatuko den Lan Erreformari dagokionez, esan du lortutako akordioa «oso ona» dela, eta esperantza agertu du, Kongresutik aterako den erreforma «Espainiarentzat eta Euskadirentzat onuragarria» izango delakoan.

Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako estatus berriaren inguruko eztabaidaz, berriz, Anduezak esan du sozialistentzat hori ez dela «lehentasuna»: «Beti dago Autogobernu Batzordea berriro abian jartzeko aukera, eta, talderen batek Eusko Legebiltzarrean horren inguruko legez besteko proposamen bat egiten badu, sozialistok arduraz jokatu eta parte hartuko dugu, baina guretzat orain hori ez da lehentasuna».

«Erantzukizun pertsonala»

Pandemiaren kontrako borrokari dagokionez, Anduezak defendatu egin ditu Jaurlaritzak oraindik orain harturiko neurriak, eta esan du «proportzionaltasunez» hartu direla. Edonola ere, herritarren ardurari dei egin dio: «Pandemiaren kontra ditugun tresnarik eraginkorrenak txertatzea eta erantzukizun pertsonala dira. Ezin gara beti gobernuari edo administrazioari begira egon; norberak erantzukizunez jokatu behar du».

Anduezak iragarri du bere alderdiak bilera sorta bat egingo duela urtarrilean zenbait eragilerekin, «gizarteari termometroa jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.