PSE-EEk otsailaren 14an, 15ean eta 16an egingo du X. Kongresua

Eneko Andueza idazkari nagusiaren arabera, «Euskadiri ondo doakio Alderdi Sozialista sendo bat».

Eneko Andueza, gaurko agerraldian, Bilbon. PSE-EE
Eneko Andueza, gaurko agerraldian, Bilbon. PSE-EE
xabier martin
2024ko urriaren 1a
13:15
Entzun

PSE-EEk datorren urteko otsailean egingo du X. Kongresua, hil horren 14an, 15ean eta 16an. PSEren zuzendaritzako bilera egin zuten atzo Bilbon, eta gaur jakinarazi dute biltzar horren egutegiari dagokion informazioa. Eneko Andueza idazkari nagusiak alderdiko buruzagitza hartu zuen 2021eko azaroan, Idoia Mendia haren aurrekoak berriro ez zuela hautagaitza aurkeztuko erabaki ondoren. Primarioetan %95eko babesa eskuratu zuen Anduezak, ordura arte Gipuzkoako idazkari nagusi zenak.

Datorren urteko kongresuan ez da ezusterik espero, eta, Euko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSEk hamabi eserleku eskuratu ondoren, Andueza EAEko sozialisten leman jarraitzekoa da. Gaur, nabarmendu du PSEk Eusko Jaurlaritzan egoteak duen garrantzia «euskal gizartearentzat». Izan ere, Anduezak uste du «Euskadiri ondo» doakiola PSE «sendo bat» egotea. EAJrekin duen gobernu akordioaren lehen helburua zein den ere azpimarratu du: «Politika aurrerakoiak aplikatzea».

Otsaileko kongresu horretan txosten politiko bat onartu nahi du PSEk, estatutua berritzeko jokalekuan, alderdi abertzaleen gehiengo zabala estatus berriari buruz hitz egiten hasi den honetan. Programa eta Azterketa idazkari Pau Blasiri eman diote eztabaidatuko duten agiria koordinatzeko ardura.

«Moderno itxurak» egin

«Ez diogu uko egingo herri honetako lider izateko helburuari», esan du Anduezak. «Gure helburua da herritarren ongizatea handitzea, haien eskaerei erantzutea, eta bidezko gizarte bat eraikitzea». Helburu horiek abertzaleek ustez dituzten helburuekin erkatu ditu jarraian. «Beste batzuek, EH Bilduk, adibidez, hamarkadak egin dituzte independentzia eta burujabetzaren diskurtsoarekin. Orain, moderno itxurak egiten dituzte, pastel kolorez, baina gizarte globalizatu honen atzetik doaz».

Koalizio subiranistaren aurkako kritikekin eskuzabal aritu da. «Iraungita dagoen amets» batean dago EH Bildu, Anduezaren arabera; «Espainiatik eta Europatik ateratzera darama» nahi horrek: «Duela 40 urte zituzten helburu berak dituzte gaur egun; diskurtso bera, eta buruzagi berak». Hori esanda, EH Bilduren Konferentzia Politikoari erreparatu dio, eta salatu du Arnaldo Otegik koordinatzaile nagusi gisa jarraituko duela: «Beste lau urterako Arnaldo Otegiren moduko gizon bat aukeratzeak argi erakusten du beren gabezia erreleboa egiteko eta berrikuntzarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.