Donostiako PSE-EEk ez du parte hartuko urrian Donostian egingo den nazioarteko alkateen bake konferentzian. Hala adierazi du,behintzat, Ernesto Gasco zinegotziak Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta gainontzeko udal taldeetako ordezkariekin bildu ostean. Atzo bildu ziren Giza Eskubideen Batzordean, etakonferentziaren nondik norakoak azaldu zituen Izagirrek. Haren azalpenak entzun ondoren, eta komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, PPk ere berretsi zuen ez duela konferentzian parte hartuko. EAJk, berriz, «konfiantzazko botoa» eman dio egitasmoari eta han izango dela iragarri du.
Gascok azaldu duenez, PSE-EEko kideak ez dute konferentzian parte hartu Bilduko alkateak ez duelako aintzat hartu udal batzarraren «gehiengoaren» iritzia. «Alderdikeriaz» jokatzea leporatu dio Izagirreri, «hain garrantzitsua den gai batekin», eta «soilik» bere alderdiaren interesak defendatzea leporatu dio. «Bakea eta elkarbizitzak talde lan handia eskatzen du, baina, badirudi Izagirrek ez duela horrela ikusten». Nabarmendu du, halaber, PSE-EEko kideak gonbidatuak izan diren arren, Izagirreren asmoa ez dela guztien ahotsa entzunaraztea. «Txaloak jotzeko eta alkateen arteko batzar batean mutu egoteko ez gara joango. Ez dauka inolako zentzurik, eta uste dugu, gainera, aukera galdu duela guztien parte hartzea ziurtatzeko».
PSE-EEren eta PPren zinegotzien ezezkoei erantzunez, Izagirrek nabarmendu du bere nahia beti izan dela guztiek parte hartzea eta gaineratu du «oraindik» badagoela denbora hori lortzeko. Oposizioak erakutsitako konfiantzarik ezaren harira, alkateak uste du bi alderdi horiek «hausnarketa bat» egin behar dutela, «konferentzian helburua bakea eraikitzea delako eta ez beste ezer», nabarmendu du.
EAJk, berriz, informazio gehiago eskatu dio alkateari, Eneko Goia zinegotziak azaldu duenez, ez duelako nahi konferentzia erabiltzea «gaiarekin zerikusirik» ez duten beste kontu batzuk «sartzeko». «Uda bukaeran, ETAk mugimendu gehiago egingo dituela ari da zabaltzen, eta argi dago guri ez litzaigukeela gustatuko mota honetako ekitaldi bat mugimendu horien mesederako erabiltzea», adierazi du.
PPko Victor Garciak, berriz, adierazi du «astakeria bat» dela «terrorismoa ukatzen ez duen alkate bat» bake konferentziako anfitrioia izatea. «Ezker abertzalearen barruan urrats gutxien egin duen buruzagietako bat da Izagirre», salatu du.
Aurreko igandean BERRIAk aurreratu zuen bezala, urriaren 10ean eta 11n mundu osoko hainbat alkate bilduko dira Donostian, beren herrietan konponbidearen eta bizikidetzaren alde egindako lanak azaltzeko. Donostiako Alkatetzak antolatu du konferentzia eta bertan parte hartzera gonbidatu ditu, besteak beste, Dyarbakir (Kurdistan), Ramala (Palestina), Belfast (Irlanda iparraldea), Durban (Hegoafrika)eta Bogotako (Kolonbia) udal ordezkariak. Haiekin batera, gatazken konponbide prozesuetan parte hartu duten hainbat aditu izango dira. Mintegiak egingo dira Aieteko Bakearen Etxean eta Kursaal jauregian.
PSE-EEk iragarri du ez duela parte hartuko urriko konferentzian
«Alderdikeriaz» jokatzea leporatu dio Izagirreri; EAJk, berriz, «konfiantzazko botoa» eman dio egitasmoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu