AUTOGOBERNUA

PSE-EEk Gernikako Estatutuaren ekarpenak nabarmendu ditu; EH Bilduk, gabeziak

Estatutuaren 42. urteurrenean, PSE-EEk autogobernuarekiko «konpromiso jarraitua, zintzoa eta arrakalarik gabea» berretsi du, eta nabarmendu du estatutu berri bat egitekotan «memorian oinarritua» beharko lukeela. EH Bilduk uste du estatutua ez dela «gai Euskal Herriaren eta herritarren beharrei» erantzuteko.

Maddalen Iriarte, gaur, Gasteizen egindako ekitaldian. EH BILDU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urriaren 25a
12:55
Entzun

42 urte bete dira gaur Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernua arautzen duen Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta, haren urteurrenean, estatutuaren ekarpenak eta gabeziak nabarmendu dituzte alderdiek. PSE-EEk bideo baten bidez oroitu du urteurrena, eta estatutuarekiko «konpromiso jarraitua, zintzoa eta arrakalarik gabea» berretsi du Idoia Mendiak idazkari nagusiak. Haren ustez, estatutuak «denen aterki» izan behar du, «nazionalistena eta ez nazionalistena».

PSE-EEk azpimarratu du «sozialistak gaur egungo Euskadi eraiki duten akordio guztietan» egon direla: «Erabaki sozialista bakoitzak Euskadi eraikitzeko balio izan du, beste batzuek pertsonalki suntsitu nahi gintuzten bitartean». «Terrorea» aipatu dute bideoan, Mendiak berak joan den astean Gernikan ETAren jardun armatuaren bukaeraren urteurrenean egindako hitzaldiko solasak erabilita, eta PSE-EEren jardun politikoarekiko kontrakotasunean jarri dute ETArena: «Haien legatua hilerrietan dago; gureak Osakidetza, eskola publikoa, Ertzaintza eta konkistaturiko eskubideak dira, diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitza eskubidea, kasurako». Mendiaren hitzetan, «horregatik ospatzen» dute estatutua, «elkarbizitzako akordio bat» delako; eta zehaztu dute estatutu berri bat egitekotan «memorian oinarritua» izan behar lukeela.

EH Bilduk ekitaldi bat egin du Gasteizko Santa Barbara plazan, eta estatutuaren «agortzea» nabarmendu du: «42 urte horiek ez betetze baten historia gisa laburbil genitzake. 42 urte geroago, 30 bat eskumen transferitu gabe daude oraindik, eta horien artean dago Gizarte Segurantzaren kudeaketarena». Koalizio subiranistaren ustez, izan ere, Gernikako Estatutua ez da «gai Euskal Herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko».

Subiranotasun handiagoa galdegin dute Maddalen Iriartek eta Iñaki Ruiz de Pinedok, eta salatu dute «tiraderan ezkutatu» nahi dutela EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin lortu zuten estatus berri baterako printzipioei buruzko akordioa, «ezer alda ez dadin»: «Arduragabekeria politiko izugarria da, erabaki horretan euskal herritarrak baitira kaltetuak». EAJri eskatu diote «argitu» dezala zer egin «nahi» duen estatus berriarekin, «urte hauetan guztietan praktikan jarri dituen atzerapen maniobrak behingoz alde batera» utzita. Iriartek eta Ruiz de Pinedok ohartarazi dute estatus politiko berria ez dela «kapritxo nazionalista» bat, «herri gisa» duten «behar» bat baizik: «Has gaitezen lanean berehala. Joan den legealdian lortu genituen oinarriei eta printzipioei buruzko akordioa praktikan jar dezagun. Bete dezagun euskal herritar gehienen nahia». Azaroaren 20rako Bilbon deitu duten manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei, halaber: «Ozen eta argi esango dugu berriz ere libre bizi nahi dugula, berdintasunean oinarritutako herri aske batean».

PP, estatutua «deuseztatzearen» beldur

PPk Gernikako Juntetxean egin du ekitaldia, eta Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak adierazi du estatutua «elkargune eta autogobernu tresna» dela. Kezkatuta agertu da, ordea, haren ustez EAJ eta EH Bildu «maniobra bat egiten» ari direlako Gernikako Estatutua «deuseztatzeko». PPren iritziz, euskal abertzaleek «gaur egungo euskal gizartearekin bateragarria ez den» estatutu batekin ordezkatu nahi dute gaur egungoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.