PSE-EE bere bederatzigarren kongresura begira jarrita dago. Gaur aurkeztu dute kongresuan eztabaidatuko duten ponentzia politikoa hura osatzeko prozesuan koordinatzaile lanetan aritu diren Begoña Gilek, Alfredo Retortillok eta Pau Blasik, Bilbon egin duten agerraldian. Bertan, «Euskadi sendo eta segurua» defendatu dute, «Espainia federal baten eta Europa federal baten barruan» egongo dena. Ondo bidean, azaroaren 20an eta 21ean egingo dute kongresua.
Aurkezpenean bezala testuan ere federalismoa defendatu dute, mende honetako erronkei aurre egiteko modurik onena delakoan: «Uste dugu eredu federala dela batasuna lortzeko bidea, nazioen eta lurraldeen aniztasuna eta espezifikotasunak errespetatuz». Erabakitzeko eskubideak, berriz, «Erdi Aroko erresumen mundu batera» itzularazten duela ohartarazi dute. Gainera, independentzia lortuz gero, «automatikoki» Europako Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela nabarmendu dute.
Bestelako hainbat gai ere landu dituzte ponentzia politikoan. Haien hitzetan, COVID-19ak agerian utzi du zaintzak duen garrantzia, eta PSE-EEk defendatu du «beste zaintza eredu bat» sortu beharra dagoela, «familian oinarrituko ez dena eta feminizatua egongo ez dena». Osasun sistema publikoak ere «bultzada bat» behar duela uste dute, eta hori PSE-EEk soilik gida dezakeelakoan daude.
Ekonomiaz ere aritu dira testuan: «Ekonomia berritzaile, jasangarri eta inklusibo baten alde lan egingo dugu, zeinak zientziaren eta ikerketaren aldeko apustua eta finantzaketa publiko argia bultzatuko duen». Gaineratu dutenez, trantsizio ekologikoa eta digitala «funtsezko faktoreak» dira industria politika berrian.
Beharrezkoa iruditzen zaie zerga sistema modernizatzea ere, «hazkundea inklusiboa eta jasangarria» izan dadin, eta ezinbestekotzat dute ingurumen fiskalitatea. Trantsizio ekologikorako baliabideak ere eskatu dituzte, iruditzen zaielako lehentasun ekonomikoetako bat izan behar dela.
Hezkuntzari ere erreparatu diote. Besteak beste, esan dute ordua dela eredu elebidun batetik hirueledun batera igarotzeko: «Garaia iritsi da hezkuntza sistema hirueleduna orokortzeko, egungo hizkuntza ereduak gaindituz, eta ikastetxeen hizkuntza proiektuan sartu behar da, bakoitzaren ezaugarrien arabera».