Udal eta foru hauteskundeak

PSE-EEk eta EAJk gobernu akordioa lortu dute Gasteizen

Bi alderdien artean banatuko dituzte sailak. PSEk, besteak beste, Hiri Eredua, Ogasuna, Ingurumena eta Ekonomia Sustapena kudeatuko ditu. EAJk, berriz, Gizarte Politikak, Segurtasuna eta Kultura.

Cristina Gonzalez, Maider Etxebarria, Beatriz Artolazabal eta Jose Antonio Suso, gaur, akordioaren aurkezpenean. EDURNE BEGIRISTAIN
edurne begiristain
2023ko ekainaren 20a
14:00
Entzun

Gobernu ituna «berehalakoa» izango zela iragarri zuen Maider Etxebarriak Gasteizko alkate kargua hartu berritan, eta hala izan da. PSEk eta EAJk legealdirako gobernu ituna lortu dute, eta gaur goizean aurkeztu dute, presazko agerraldi batean. Etxebarriak berak eta Beatriz Artolazabal EAJren zinegotziak aurkeztu dute ituna. Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalezek eta EAJren ABBeko presidente Jose Antonio Susok lagunduta agertu dira prentsaren aurrean.

Gobernu itunean jasota dagoenez, bi alderdien artean banatuko dituzte sailak.

Sail hauek kudeatuko ditu PSEk: Alkatetza, Ogasuna, Giza Baliabideak, eta Kirol eta Osasun arloa. Horien barruan, sail hauek daude: Alkatetza, Harreman Instituzionalak eta Berdintasuna; Ogasuna; Giza Baliabideak; eta Kirola, Osasuna eta Garapenerako Lankidetza sailak. Euskara Zerbitzua Alkatetzaren barruan izan ohi da orain arte, baina akordioak ez du hori argitu oraingoz.

Hiri Eredua, Ingurumena eta Ekonomia Sustapena ere kudeatuko dituzte sozialistek. Atal horien barruan, udal arlo hauek daude: Hiri Eredua, Etxebizitza, Garbitasuna eta Ingurumena; eta Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa.

Jeltzaleek, berriz, sail hauek zuzenduko dituzte: Pertsonei Zuzendutako Zerbitzuak eta Zaintzak. Horren barruan, sail hauek: Gizarte Politikak; Segurtasuna; eta Kultura eta Hezkuntza. Administrazioaren Modernizazioa eta Espazio Publikoaren Hobekuntza arloak ere jeltzaleen esku egongo dira, eta horien barruan, sail hauek: Espazio Publikoa eta Auzoak; Administrazioaren Modernizazioa eta Gobernu Irekia.

Aste honetan eratuko dute Tokiko Gobernu Batzordea, eta bertan izendatuko dituzte sail bakoitzaren buru izango diren pertsonak. Hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Artolazabal alkateordea izango da.

Oposizioari deia
PSEk eta EAJk ez dute gehiengo osoa, hamabi zinegotzi baitituzte, eta, horrenbestez, oposizioko taldeekin akordioak egiten saiatu beharko dute ezinbestean. Akordio zabalen alde mintzatu da Etxebarria, eta talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da: «Akordioen defendatzaile sutsua naiz». Gasteiz «hiri plurala» dela gogoratu du, eta «egonkortasunaren» bidean bi alderdiek emandako «pauso erabakigarria» goratu. Aurrean dituzten erronkei aurre egiteko balio izango du itunak, Etxebarriaren iritziz: «Justizia sozialaren aldeko apustua egingo duen hiri modernoa, lehiakorra, garbia, jasangarria eraikitzeko ardura dugu».

Bestalde, Artolazabalek azpimarratu du «pertsona guztien eta hiri osoaren alde» egingo dutela lan, eta xede nagusia izango dutela gasteiztarren bizi kalitatea hobetzea. Halaber, nabarmendu du ezen, EAJk eta PSEk «ikuspegi eta sentsibilitate politiko ezberdinak» izanik ere, bi alderdiek «elkar ulertzeko gaitasuna» erakutsi dutela hiriaren erronka eta «eraldaketa handiei» behar bezala erantzuteko. Oposizioko taldeei eskua luzatu die akordioetara iristeko, eta «arduraz»lan egiteko eskatu die:«Hau ez dago siglekin, zigorrekin edo mendekuekin lotuta, baizik hiriarentzat etorkizun hobea lortzearekin».

Oposizioarekin akordioak erdiesteko prest agertu da Arabako PSE-EEren idazkari nagusia ere: «Bi alderdi ezberdinen arteko akordioa beste alderdi batzuekin elkar ulertzeko sortu da». Bestalde, EAJren Araba Buru Batzarreko presidentea pozik agertu da gobernu itunak hiriaren «aniztasun ideologikoa» islatzen eta errespetatzen duelako. Esan du EAJ eta PSE izan direla ados jartzeko kapaz izan diren alderdi bakarrak: «Jeltzaleek eta sozialistek hamabi zinegotzi ditugu. Bilduk, zazpi; PPk, sei, eta Elkarrekin Podemosek, bi». Susok «espiritu eraikitzailea» eskatu die gainerako taldeei, eta «blokeoa» alboratzea galdegin die, horrek «hiri osoa zigortzen duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.