Gobernu ituna «berehalakoa» izango zela iragarri zuen Maider Etxebarriak Gasteizko alkate kargua hartu berritan, eta hala izan da. PSE-EEk eta EAJk legealdirako gobernu ituna lortu dute, eta atzo goizean aurkeztu zuten. Etxebarriak berak eta Beatriz Artolazabal EAJren zinegotziak aurkeztu zuten. Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalezek eta EAJren ABBko presidente Jose Antonio Susok lagunduta agertu dira prentsaren aurrean. Gobernu itunean jasota dagoenez, bi alderdien artean banatuko dituzte sailak.
Sail hauek kudeatuko ditu PSEk: Alkatetza, Ogasuna, Giza Baliabideak, eta Kirol eta Osasun arloa. Horien barruan, sail hauek daude: Alkatetza, Harreman Instituzionalak eta Berdintasuna; Ogasuna; Giza Baliabideak; eta Kirola, Osasuna eta Garapenerako Lankidetza sailak. Euskara Zerbitzua Alkatetzaren barruan izan ohi da orain arte, baina akordioak ez du hori argitu oraingoz.
Hiri Eredua, Ingurumena eta Ekonomia Sustapena ere kudeatuko dituzte sozialistek. Atal horien barruan, udal arlo hauek daude: Hiri Eredua, Etxebizitza, Garbitasuna eta Ingurumena; eta Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa.
Jeltzaleek, berriz, sail hauek zuzenduko dituzte: Pertsonei Zuzendutako Zerbitzuak eta Zaintzak. Horren barruan, sail hauek: Gizarte Politikak; Segurtasuna; eta Kultura eta Hezkuntza. Administrazioaren Modernizazioa eta Espazio Publikoaren Hobekuntza arloak ere jeltzaleen esku egongo dira, eta, horien barruan, sail hauek: Espazio Publikoa eta Auzoak; Administrazioaren Modernizazioa eta Gobernu Irekia. Aste honetan eratuko dute Tokiko Gobernu Batzordea, eta bertan izendatuko dituzte sail bakoitzaren buru izango diren pertsonak. Hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Artolazabal alkateordea izango da.
PSEk eta EAJk ez dute gehiengo osoa, hamabi zinegotzi baitituzte, eta, horrenbestez, oposizioko taldeekin akordioak egiten saiatu beharko dute ezinbestean. Akordio zabalen alde mintzatu da Etxebarria, eta talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da: «Akordioen defendatzaile sutsua naiz». Gasteiz «hiri plurala» dela gogoratu du, eta «egonkortasunaren» bidean bi alderdiek emandako «pauso erabakigarria» goratu. Aurrean dituzten erronkei aurre egiteko balio izango du itunak, Etxebarriaren iritziz: «Justizia sozialaren aldeko apustua egingo duen hiri modernoa, lehiakorra, garbia, jasangarria eraikitzeko ardura dugu».
Bestalde, Artolazabalek azpimarratu du «pertsona guztien eta hiri osoaren alde» egingo dutela lan, eta xede nagusia izango dutela gasteiztarren bizi kalitatea hobetzea.
«Erabaki onena»
Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok onartu du EAJk lurralde horretan izan dituen emaitzak ez direla izan espero zituztenak, «eta kasu batzuetan txarrak» izan direla. Gasteizen alkatetza izan dute jeltzaleek azken legegintzaldian Gorka Urtaranekin, baina hura ez da izan azken bozetan alkategaia, Artolazabal baizik, eta EAJko hautagaia laugarren tokian geratu da.
Haatik, hautagaia aldatu izanaren damurik ez du erakutsi Susok. «Erabakia hartu genuenean, hori izan zen onena Gasteizko alkate Urtaranentzat eta alderdiarentzat. Denboraren ondorio bat izan zen; ez zen egunetik gauera egin». Susorentzat, «zenbait aldagaik» eragin dute EAJk «espero ez ziren emaitzak» edukitzea, «batzuetan emaitza txarrak». Edonola ere, Urtaran hautagaitzatik kentzea «erabaki egokia» izan zela uste du Arabako EAJko buruak. «Ez genuen espero 3.500 botok lehen postutik laugarrenera eramango gintuztela, eta 7.800 boto galduko genituela, beste alderdietara joan ez direnak. Boto horiek ez dakit zigor botoak izan diren, baina abisu bat izan dira. Gau gogorra izan zen guretzat».
Ziurtatu du Artolazabalek ez zuela azaldu dimisioa emateko asmorik, baina Susok izan zuela «uneren batean» kargua uzteko gogoa. Gogo hori Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kendu ziola esan du, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu zuenean. «Berriro lanean hasi behar genuen, baina nire kargua beti dago alderdiak erabakitzen duenaren mende. Batzuetan ardurak hartu behar dira».
PSE-EEk eta EAJk gobernu akordioa lortu dute Gasteizen
PSE-EEk, besteak beste, Hiri Eredua, Ogasuna eta Ingurumena kudeatuko ditu; EAJk, berriz, Gizarte Politikak, Segurtasuna eta Kultura. Susok aitortu du pentsatu zuela dimisioa ematea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu