PSE-EEk eta EAJk gobernu akordio bat egin dute Eibarren (Gipuzkoa), eta jeltzaleak udal gobernura batuko dira, hari gehiengo osoa emanez. Iazko maiatzeko bozen ostean, Jon Iraola sozialistak hartu zuen udalerri hartako gidaritza, baina gutxiengoan egin zuen. Hala, udal gobernuak akordioen beharra izan du aurrera egiteko.
Maiatzeko udal bozetan, PSE-EEren zerrendak jaso zuen boto gehien, eta sozialistek zortzi zinegotzi eskuratu zituzten. EH Bilduk eta EAJk, berriz, seina ordezkari dituzte, eta Elkarrekin Podemosek, bat. Orain arte, horiek guztiak oposizioan egon dira, baina EAJk udal gobernura egingo du jauzi. Aurrez, besteak beste, jeltzaleek 2024rako udal gobernuak proposatutako aurrekontuak babestu zituzten, bi alderdien arteko harremanak onbideratu zirela irudikatuz. Izan ere, aurreko legealdian harremanak gaiztotu egin ziren, PSE-EEk EH Bildurekin zenbait akordio egin ostean.
PSE-EEren eta EAJren akordioaren inguruko xehetasunak bihar emango dituzte. Iraolaz gain, Ana Telleria Eibarko talde sozialistako idazkari nagusia, Eva Juez EAJren Eibarko Uri Buru Batzarreko presidentea eta Alberto de la Hoz zinegotzi jeltzalea izango dira prentsaurrekoan.
Egoera bestelakoa da Irunen (Gipuzkoa). Han ere bi alderdiak negoziatzen aritu dira, jeltzaleak udal gobernura batzeko aukera mahai gainean jarrita. EAJk, baina, amaitutzat jo zituen elkarrizketa horiek aurreko astean, PSE-EEren interes falta argudiatuta. Han ere sozialistek gutxiengoan gobernatzen dute.