Enrique Casas legebiltzarkide eta senatari sozialista omendu du PSE-EEk gaur, Donostian. Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusiak, Casasen figura politikoaren balioa nabarmendu du, gizarte hobe bat eraikitzeko konpromisoa izan zuela azpimarratuta. Casasen hilketa gaitzesten ez duten horiez ere mintzatu da: «Gaur egun ere koldarrak dira. Beren aitzakietan ezkutatzen jarraitzen dute, beren hilketa bakar batek ere ez duela ezertarako balio izan aitortzeko adorerik ezean. Koldarrak izaten jarraitzen dute beren iraganari begiratzeko eta hura guztia gaitzesteko. Inoiz ez dute arrazoirik izango egindakoaz harro egoteko».
Casasen hilketaren 40. urteurrenarengatik egin dute ekitaldia, Donostiako Kursaal aretoan. Anduezak erran du «harro» dagoela «Euskadi baketsu eta aske baten alde borrokatu ziren sozialisten sendotasunaren lekukoa» hartu izanaz: «Harro nago Enrique bezalako gazteen lekukoa eramateaz. Sozialisten printzipioak eta balioak gutxik bezala defendatu zituen Guadixeko euskaldun harena».
Ramon Jauregik gidatu du saioa, eta, Anduezaz gain, bertze hainbat lagunek parte hartu dute: Barbara Duhrkop, Jose Antonio Maturana, Ana Miranda, Jose Morcillo, Odon Elorza, Jesus Egiguren, Manuel Huertas eta Pedro Ontoso.
Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek hil zuten Casas, tiroz, Donostiako bere etxean, Bidebieta auzoan. PSOE-PSEko antolakuntza idazkaria zen Casas garai hartan, eta baita senataria eta Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako hautagaia ere. Berehala zabaldu zen berria, eta laster etorri ziren erreakzioak. Samina eta amorrua izan ziren nagusi alderdikide eta Euskal Herriko eta Espainiako Senatuko lankideen adierazpenetan, eta ETAren eta HBren aurka jo zuten gehienek.