PSE-EEk emaitzak hobetu ditu, eta gobernabidearen giltza izango du

Bi legebiltzarkide gehiago lortu ditu, eta hamabi izango ditu guztira. Beharrezkoak izango dira gobernuak gehiengo osoa izan dezan. Botoetan gora egin dute sozialistek —27.412 gehiago—, Elkarrekin Podemosen galera handia baliatuta.

Eneko Andueza bere alderdiko kideekin batera igandeko emaitzak ospatzen, Bilbon. EFE
Eneko Andueza bere alderdiko kideekin batera igandeko emaitzak ospatzen, Bilbon. EFE
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 22a
00:15
Entzun

PSE-EEk helburu bat zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan: azkenengo lau urteetan izan dituen hamar eserlekuei eustea. Xede hori bete eta beste bi izango ditu datorren legegintzaldian. Bizkaian eta Gipuzkoan lortu ditu aulki horiek. Guztira hamabi legebiltzarkide izango ditu, sei emakume eta sei gizon, eta launa lurralde bakoitzeko. Hirugarren indarra izango da legebiltzarrean.

Emaitza horiek Eneko Andueza lehendakarigai sozialistari modua emango diote kanpainan behin eta berriz agerian utzi duen asmoa betetzeko: EAJri lehendakaritza ematea eta berriz ere jeltzaleekin batera gobernatzea, gehiengo osoarekin. Beste aukera EH Bilduren balizko gobernu bat babestea litzateke, baina hori behin eta berriz baztertu dute sozialistek, igande honetako emaitzek horretarako aukera ematen dioten arren. Abertzaleen artean egon den lehia estua kontuan hartuta, orain posizio hobean kokatu da PSE-EE jeltzaleekin gobernu akordioa negoziatzeko eta hortik etekin handiagoa ateratzeko. 

Kanpainan zenbaitetan urduri agertu diren arren, sozialistek beren alde izan dute haizea hauteskunde hauetan. Elkarrekin Podemosen zatiketak eta gainbeherak mesede egin die, eta haren botoen galera handitik milaka batzuk erakarri dituzte. Botoetan gora egin dute, izan ere: duela lau urteko bozetan baino 27.412 boto paper gehiago bildu dituzte. Eta gora egin dute hiru lurraldeetan. 

Botoetan hobetu arren, gogoratu behar da 2020ko emaitzak inoizko txarrenak izan zituztela. Atzokoarekin hamahiru hauteskunde egin dira, eta atzokoak txarrenen artean laugarrenak izan dira, 2020, 2016 eta 1980koen atzetik. 

«Emaitzok kanpainan esan duguna betetzeko balioko dute. Abenturak ahaztu eta jendearen aldeko politika egiteko».

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko lehendakarigaia

Sozialistek beti lortu dituzte emaitza hobeak Espainiako Gorteetarako bozetan. Iazkoekin konparatuta, 143.500 boto gutxiago jaso dituzte hiru lurraldeetan. Batzar Nagusietako eta udal bozetan ere apur bat hobeto aritzen dira, eta iazkoetatik 15.000 galdu dituzte orain.

Boto portzentajean gora egin du PSE-EEk, %14,2 guztira: 0,57 puntu gehiago duela lau urteko bozekin konparatuta. Historikoari erreparatuta, 2020ko, 2016ko eta 1980ko hauteskundeak hobetu ditu. Gainerako bederatzietan portzentaje handiagoak lortu ditu.

Herrialdeka, hirugarren indarra izan da denetan, eta gora egin du guztietan. Araban, 24.783 boto lortu ditu (%16,3), 5.331 gehiago; Bizkaian, 78.990 boto (%14), 14.989 gehiago; eta Gipuzkoan (%13,6), 45.887 boto, 7.092 gehiago.

Hitza bete

Desio zituen emaitzen artean gozoenetakoa lortu du PSE-EEk, eta poztasun hori agertu du Eneko Anduezak, zenbaketa amaitu berritan. Helburuak bete dituztela eta legegintzaldi berrian sozialisten botoak «beharrezkoak» izan direla nabarmendu du. «Emaitza hauek kanpainan esan duguna betetzeko balioko dute. Mitoak eta abenturak ahaztu eta jendearengan pentsatzen duen politika bat egiteko», esan du gaztelania hutsean egindako hitzaldi labur batean.

Legebiltzakideak

  • Araba. Aroa Jilete, Javier Hurtado, Maria Jesus San Jose eta Alberto Alonso. 
  • Bizkaia. Eneko Andueza, Patricia Campelo, Ekain Rico eta Nelida Santos.
  • Gipuzkoa. Denis Itxaso, Susana Corcuera, Miren Gallastegi eta Miguel Angel Paez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.