Gipuzkoako bost ahaldungai nagusiak ia euskara hutsean aritu ziren atzo, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan egindako eztabaida batean. Felix Arrieta unibertsitateko Zientzia Politikoetako doktoreak gidaturik, eta hauteskunde giro betean, ikasle batek gaztelaniaz egindako galdera bati erantzun zion ekitaldi hondarrean Jose Ignacio Asensio PSE-EEko hautagaiak. Ezustean harrapatu zuen gobernu osaketaren inguruko galdera zuzen eta azkarrak, eta hautagaia «aniztasuna errespetatzen duenarekin» esanez hasi zen. Erantsi zuen bere alderdiak izango duela «gobernuaren giltza», eta, jarraian, zehaztu zuen ez zuela asmorik «Bilduren kaosa» itzularazteko aldundira, «zaborren kudeaketa» gogora ekarri ondoren.
Ahaldun nagusi zergatik izan nahi duten azaldu zuten hautagaiek. EAJko Eider Mendozak esplikatu zuen «abertzalea» dela, bere alderdiaren «proiektu sendoan» sakondu nahi duela, eta Gipuzkoako lehen ahaldun nagusi emakumea izan nahi duela. EH Bilduko Maddalen Iriartek «antizipazioa» aipatu zuen, «askotariko trantsizioei aurrea hartu» nahi dielako, «zaintza, osasungintza eta beste ahulguneak indartzeko». PSE-EEko Asensiok «ongizateak bermaturik» jarrai dezan nahi du lurraldeko agintari gorena izan. Bestalde, Elkarrekin Podemosen hautagai Miren Etxebestek «eredua aldatzeko beharra» aipatu zuen, «Gipuzkoak atzera egin duelako»; eta PPko hautagai Mikel Lezamak esan zuen «gipuzkoartasunari indarra» eman nahi diola «bere interesak defenda ditzan beste lurraldeen aurrean».
Aberastasunaren sorreraz, banaketaz eta zergen ereduaz aritu ziren hautagaiak. Mendozarentzat, «fake news-en garaian» datuak ezagutzea oinarrizkoa da aldundiaren lana baloratzeko. Defendatu zuen «ekonomia» dela «ongizatearen zutabea». Etorkizuna eraikiz programa nabarmendu zuen, eta aldundian «epe luzera» ari direla erantsi. Proiektu estrategiko asko «martxan» direla gogoratu zuen: «Adibidez, Mubil».
Gizarte politikak bermatu
Gizarte politikak egon daitezen «ekonomia sustatzea» ezinbestekoa dela helarazi zuen, baita aldundia zaurgarritasunari aurre egiten ari zaiola ere, «biztanle bakoitzeko 701 euro baliatuta». Foru gobernuaren sistema «ez da perfektua», Mendozaren arabera, baina esan zuen «apaldu» egin dela «gutxien dutenen eta gehien dutenen arteko arrakala». Harentzat, bi helburu dituzte zergek: «finantzaketa nahikoa» ematea eta «ekonomia sustatzea», enpresei lagunduz «enplegua sortzeko». Garbi utzi zuen enpresak estu daudenean, «pandemian bezala», bi eredu ei daudela: «Presio fiskala handitzea ala haiek laguntzea». Foru gobernuak enpresak laguntzeko «adorea» izan duela gaineratu zuen.
Eztabaidaren euskarri hertsia ez zen lagungarri izan hautagaien arteko erantzun azkarrak eragiteko, baina Iriarteren esanei erreparatu zien maiz Mendozak, bere txandetan. EH Bilduko hautagaiak ziurtatu zuen erronka handiei erantzuteko «eredu aldaketa» behar dela, zerbitzu publikoek «ahultasuna» erakutsi dutelako, «oso modu argian pandemiaren garaian». Zaintzan «norabide aldaketa bat» defendatu zuen, «etorkizunari erantzun ahal izateko». Ziurtatu zuen «Gipuzkoan ere» handitu egin dela pobrezia, «gutxiago dutenek berdin jarraitu dutelako eta gehiago dutenek gehiago dutelako orain». Industriak beste sustapen bat behar duela erantsi zuen, I+G atalean ez delako iristen Europako batezbestekora, eta BPGan %27ra jaitsi delako haren pisua; «duela urte batzuk %32koa zen».
Edonola ere, «zaurgarritasuna zabaldu» egin dela azaldu zuen koalizioko hautagaiak, eta zaintzaren alorra «herri proiektu gisa» garatzeko beharra nabarmendu zuen: «Zaintza komunitarioa egin behar da, doakotasunerako bidean». Horretarako, zerga sistema «justu eta progresiboa» eskatu zuen; «txaplatak jartzeari utzi», eta fiskalitatearen inguruko «eztabaida publikoa eta zabala» egiteko beharra azpimarratu zuen.
PSE-EEko Asensiok ere fiskalitateari heldu zion; «nortzuek zenbat ordaindu behar duten» zehaztu behar zela adierazi zuen. PFEZa berraztertu nahi zuela igorri zuen, baita sozietate zerga ere, «%15eko gutxienekoa bermatzeko». Hori guztia nahiko luke, «egungo eredua bermatzeko etorkizunean».
Elkarrekin Podemoseko hautagai Etxebesterentzat, Gipuzkoako fiskalitatea «ez da progresiboa, eta Europako batezbestekotik behera dago». Madrilgo gobernuak sortutako enpresa handientzako zergak izan zituen hizpide: «Hemen ez zituzten aplikatu nahi, baina ez dute beste erremediorik izan». Inbertsio publikoak «estrategikoa» izan behar duela uste du Etxebestek, eta aditzera eman zuen kolaborazio publiko-pribatuan atal publikoa galtzaile ateratzen dela. Horregatik, defendatu zuen «eredu aldaketa bat» behar dela Gipuzkoarentzat.
PSE-EEk dio «giltza» duela Gipuzkoan, eta ez duela itzularaziko «Bilduren kaosa»
Gipuzkoako ahaldungai nagusien arteko eztabaida bat antolatu dute Deustuko Unibertsitatean. EAJk eta EH Bilduk aurrez aurre jarri dituzte beren proposamenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu