PSE-EEk abenduaren 11n hasiko du X. Kongresura iristeko prozesua

Alderdiak otsailaren 14tik 16ra bitarte egingo du bere X. Kongresua. Idazkari nagusia, baina, otsailaren 1erako aukeratuko dute beranduenez.

PSE-EEren exekutiba, gaur arratsaldean. PSE-EE
PSE-EEren batzorde eragilea, gaur arratsaldean. PSE-EE
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 3a
18:15
Entzun

PSE-EEk urriaren hasieran iragarri zuen alderdiaren X. Kongresua otsailaren 14tik 16ra bitarte egingo dutela, Donostian. Orain, baina, hartara bitarteko prozesuaren egutegia ere jakinarazi du: ondo bidean, abenduaren 11tik aurrera aurkeztu ahal izango dira idazkaritza nagusirako hautagaitzak, eta beranduenez otsailaren 1erako jakingo da primarioen emaitza zein den. Eneko Andueza egungo idazkari nagusia karguan jarraitzeko prest da, eta ez da espero hark aurkaririk izaterik. 

Gaur arratsaldean bildu da PSE-EEren batzorde exekutiboa, eta egutegiaren inguruko xehetasunak adostu ditu. Batzorde Nazionalak hura onartzea da hurrengo urratsa. Hori hilaren 11n egingo dute, eta egun hartan bertan hasiko da prozesua. Alderdikideek idazkari nagusi izateko hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte, eta abenduaren 16an argitaratuko dira. Behin hautagaitza aurkeztuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako militanteen gutxienez %12ren babesa eskuratu beharko dute prozesuan aurrera jarraitzeko. Horretarako epea urtarrilaren 7tik 14ra bitartekoa izango da. 

Bi alderdikidek edo gehiagok igarotzen badute galbahe hori, urtarrilaren 14tik 24ra arte izango dute kanpaina egiteko aukera, eta hilaren 25ean militanteek bozkatuko dute nor nahi duten PSE-EEren gidari. Orduan inork ez badu lortzen botoen %50en langa igarotzea, bigarren itzulia egingo dute otsailaren 1ean. Boto gehien eskuratu duten bi hautagaien artean egingo dute bigarren itzulia. 

Anduezak «aktiboki eta anbizioz» parte hartzeko deia egin die PSE-EEko kideei. Hain zuzen, uste du anbizioz jokatu behar dutela «Euskadin politika aurrerakoietan sakontzeko». Azaldu du horretarako erakundeetan «eragin» behar dutela, baita horien gidaritza hartu ere: «Etapa berri bat ireki behar dugu erakundeetan eragin eta lidergo handiagoa lortzeko asmoz, batez ere Eusko Jaurlaritzan, baina baita udal eta aldundietan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.