PSE-EEko Bizkaiko hautagaia

Begoña Gil: «PSE-EE indar erabakigarria izango da kanpainan, baita apirilaren 21etik aurrera ere»

Begoña Gil PSE-EEko Bizkaiko hautagaiak esan duenez, sozialistak ez daude prest estatus berriari buruzko eztabaidari ekiteko «horrek baldin badakar konstituzioa atzeko atetik aldatu nahi izatea».

Begoña Gil, PSE-EEren Bilboko egoitzan. RAUL BOGAJO / FOKU
Begoña Gil, PSE-EEren Bilboko egoitzan. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
BILBO
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Aspaldi honetan galtzak bete lan dabil Begoña Gil (Bilbo, 1967). Bizkaiko Batzar Nagusietan eta PSE-EEren zuzendaritzan dituen ardurei sozialisten hauteskunde kanpainari dagozkionak gehitu zaizkie. Hala ere, gogotsu ekin dio lanari, eta PSE-EEk Bilbon duen egoitzan hartu du BERRIA.

Zein da PSE-EEren aldartea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta?

Ilusioz eta indartsu ekin diogu lanari. Gure bermea da 2015etik hona Jaurlaritzan egin dugun lana, Euskadiren benetako beharrak ondo ezagutzen ditugula, eta proiektu berriztatu eta eraldatzailea aurkezten dugula.

Zuen ustez, zeintzuk izan beharko lirateke kanpaina honetako eztabaidagai nagusiak?

Aldaketak azkartu eta areagotu dira azken bost urteotan. Mota guztietako aldaketak: teknologikoak, migrazioaren ingurukoak, klimatikoak eta abar. Garrantzitsua da arazo horiei zer erantzuten diegun argi edukitzea, erantzuna justiziaren bidetik etor daitekeelako, edo herritarren arteko desberdintasunak areagotzea ekar dezake.

Espainian dagoen giro politiko nahasiak eta handik datorren zarata mediatikoak distortsiorik sor dezakete kanpainan?

Herritarrak helduak dira, eta badakite gauzak desberdintzen eta zer dagoen jokoan. Horrek ez du esan nahi hedabideetan sustatzen diren zenbait eztabaidak giroa kutsatzen ez dutenik. Gu hasieratik saiatzen ari gara herritarren benetako arazoei lehentasuna ematen. Jendea enpleguaren kalitateak kezkatzen du, soldatek, osasungintzak, hezkuntzak, etxebizitzak eta abarrek. Beste alderdi batzuek ez bezala, guk hilabete hauetan gure hauteskunde programa prestatu dugu, herritarrekin mintzatuz, eta arazo horietarako guztietarako proposamenak ditugu.

«Lehia horretan daude [Otxandiano eta Pradales], abertzaleago nor den ebatzi nahian. Gakoa ez da hori»

Bozak EAJren eta EH Bilduren arteko lehia gisa aurkezteak itzalpean utz ditzake gainerako indar politikoak?

Batzuek interes handia dute irudi hori emateko, hauteskundeak biren arteko lehia balira bezala. Baina hori diotenak PSE-EEri begira daude. PSE-EE indar erabakigarria izango da kanpaina honetan, eta apirilaren 21etik aurrera ere bai. Aurrekoan, Otxandiano «subiranista erreflexibotzat» aurkeztu zuten, eta estatus berri bat proposatzen zuen 2030. urterako; Pradalesek, berriz, «oinak lurrean dituen subiranistatzat» aurkezten zuen bere burua, eta errieta egiten zion Otxandianori, 2030era arteko epeari luzeegi iritzita. Lehia horretan daude, abertzaleago nor den ebatzi nahian. Gakoa ez da hori, herritarren eguneroko arazoak konpontzea baizik.

Arazo horietako bat osasungintza publikoa da. Zer iritzi duzu Osakidetzaren azken urteetako kudeaketaz?

Ukaezina da pandemia iritsi zenean osasun sistemaren arrakalak agertu zirela, eta ukituta gelditu zela. Osakidetzak langileak behar ditu, aurrez aurreko arreta berreskuratu behar du, eta espezialisten itxaron zerrendak gutxitu. Horretarako, langile kopurua handitu behar da, kanpora atera den talentua berreskuratuz eta 2.000 profesional berri kontratatuz, eta egiturak berrantolatu. Uste dut Osakidetza antolatzeko moduan badagoela gauzak hobeto egiteko tarterik.

Zaintzen arloan, Gizakidetza izeneko proposamena egin duzue. Zertan datza?

Hitz gutxitan izanda, arlo publikoak herritarrak zaintzea jaiotzen direnetik zahartzarora arte, zaintza hori familien bizkar –eta, beraz, emakumeen bizkar– gera ez dadin. Gizakidetzaren helburua da zaintza sare bat sortzea, zerbitzu sozialak osasun arloarekin eta beste sistema publiko batzuekin konektatzeko, eta, horrela, esparru soziosanitario bat eraikitzea, euskal herritar guztiek, beren bizitzan edonoiz arlo publikoaren laguntza behar badute, laguntza hori izan dezaten estatus ekonomikoari erreparatu gabe.

Aurreko astean, Felix Bolaños Espainiako ministroa Bilbon egon zen. Sutsu defendatu zuen elkarrizketa politikoa Amnistiaren Legearen kasuan, baina gero, Euskal Herrira etorrita, esan zuen estatus berriaren inguruko eztabaida ez dela irekiko sozialistak Jaurlaritzan badaude. Kataluniarako balio duenak ez du balio Euskal Herrirako?

Kataluniako errealitatea eta Euskadikoa guztiz desberdinak dira. Bietan badago pultsio subiranista bat, baina bi gizarteek egin dituzten ibilbideak guztiz desberdinak dira. Nire ustez, Kataluniako auzian erantzuleak eta errudunak daude: erantzuleak dira politika egiteari uko egin ziotenak, hau da, PPren gobernua, eta errudunak, aldebakarreko mugimendu batez estatuarekin harremana moztea erabaki zutenak. Nire ustez, Euskadiren egoera guztiz desberdina da. Euskadin ez da aldebakarreko independentzia deklaraziorik egon, eta,

adierazle guztien arabera, bizikidetzarekin zerikusia duten gaiak ez daude herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoen artean.

Hortaz, ezinezko ikusten duzue estatus berriaren inguruko eztabaida zabaltzea?

Asmoa baldin bada autogobernuan sakontzea, gu prest gaude horri bihar bertan ekiteko. Izan ere, Legebiltzarrean horri buruzko batzordea eratu zenean, gu han egon ginen, eta eskuduntzen blindatzean, eskubide gehiago sartzean eta beste hainbat gaitan adostasuna oso zabala zen. Baina legezko esparrua gainditzeko ez dago adostasunik. Proposatzen zaiguna baldin bada atzeko atetik konstituzioa aldatzea Espainia konfederal bat lortzeko, guk horri ezetza emango diogu.

«Anduezak garbi esan du: PSE-EEren asmoetan ez dago EH Bildurekin gobernu ituna egitea»

Eneko Anduezak jadanik esan du ez duela itunik egingo EH Bildurekin, baina badirudi EAJk eta PPk ez dutela sinesten. Horri dagokionez, PSE-EEren erabakia sendoa al da?

Erabat. Guk badakigu itunak beharko direla, gizartea askotarikoa delako, hemen tradizio politiko desberdinak daudelako, eta erabateko gehiengoak gailendu direnean gauzak ez direlako ongi joan. Baina jakin behar da itunak zertarako egiten diren. Eta indar politiko batekin desadostasun handiak baditut herrialdearen eratzeari eta bizikidetza ereduari dagokionez, nekez egin dezaket harekin gobernu akordiorik. Zenbait arlotan unean uneko akordioak egin ditzaket, legegintzaldian ikusi dugun moduan, baina indar politiko batek esaten badu hau guztia subiranotasun gehiagorekin konpontzen dela, nekez jarriko naiz ados harekin.

Nire ustez, PSE-EEri sinesten ez diotela esaten dutenak hauteskundeei begirako jarrera bat ari dira hartzen, botoak lortze aldera. Baina Anduezak garbi esan du: PSE-EEren asmoetan ez dago EH Bildurekin gobernu ituna egitea edo Otxandiano lehendakari egitea.

Orduan, eta, esan duzun bezala, itunak beharrezkoak izango badira, horrek esan nahi al du berriro ere EAJ-PSE ituna egitea beste biderik ez dagoela?

Litekeena da. Baina gu irabaztera aterako gara, eta gauzak aldatzera. PSE erabakigarria izango da datozen urtean abian jarriko diren politiketan. Jendeari ahaztu egiten zaio PSE-EE lehen indarra izan zela Euskadin azken hauteskundeetan [2023ko uztailean].

Eta EAJren eta PSEren legebiltzarkide kopurua nahikoa izango ez balitz, beste indarren bat sar liteke ekuazio horretan? PP, adibidez?

Egia esateko, nik PP ez dut horretan ikusten, haien adierazpenak aintzat hartzen baditugu. Hiruko itun batean ez dut ikusten, baina kanpotik sostengua emateko prest ere ez; eta hori ez da gu sostengu hori jasotzeko prest ez gaudelako, baizik eta haien hautagaiaren adierazpenetatik hori ondorioztatzen da. Eta beste indar politiko batzuei dagokienez, lehenbizi ikusi beharko da ordezkaritzarik lortzen ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.