EAJk ez dio atea itxi zerga erreforma PPrekin adosteari, PSE-EE aurka egon arren

Jeltzaleek eta sozialistek EH Bilduren jarrera txarretsi dute, «arinkeriaz» jokatu duelakoan. Koalizio subiranista negoziatzeko prest azaldu da, baina «populismo fiskala» baztertzeko eskatu die.

Diez Antxustegi, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Diez Antxustegi, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 27a
13:30
Entzun

EH Bilduko Programa idazkari Nerea Kortajarenak atzo iragarri bezala, koalizio subiranista hasia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek proposatuta zerga erreformei osoko zuzenketak aurkezten; halaxe egin du jada Gipuzkoan, akordioari atea itxi gabe egin ere, baina ikusteko dago EAJk eta PSE-EEk zer bide hartu nahiko duten hemendik aurrerako negoziazioei heltzeko. Bi alderdi horietako eledunak aferaz aritu dira goizean. Biek kritikatu dute EH Bilduren jarrera, baina ez dute bat egin asmoetan. EAJk ez dio atea itxi nahi erreforma PPrekin adosteari, baina sozialistak ez dira iritzi berekoak.

Eusko Legebiltzarraren bilkurara sartu aurretik igaro dira kazetarien aurretik Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen eleduna. Biek EH Bilduren jarrera kritikatu dute. Anduezaren esanetan, koalizioak «arinkeriaz» hitz egin du «kenkari hutsez» aritzean, eta iradoki du «benetako proiektu baten falta» egon daitekeela osoko zuzenketaren atzean: «Hori izan daiteke, edo xedea izatea erreforma aurrera ez ateratzea, gobernuei min emateko».

Diez Antxustegiren esanetan, berriz, koalizio subiranistak ez du erakutsi egoerak eskatzen duen «maila»: «Ez badu bat egiten 19.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenek zerga gutxiago ordaintzearekin, gazteek etxea erostean gutxiago ordaintzearekin, deskarbonizaziorako laguntzekin, zer proposatzen du?». Hala, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, gehitu du koalizioak azalpenak eman beharko dituela bere erabakiaren inguruan.

Kontrara, EH Bilduk uste du jeltzaleek eman behar dituztela azalpenak. «Nola bermatuko ditugu zerbitzu publikoak? Nola finantzatuko Osakidetza? Nola zaintza, gizarte zahartu batean?», adierazi du Kortajarenak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Hark berretsi du «arduraz» jokatu dutela, EAJren eta PSE-EEren proposamenak ez dituelako «oinarrizko gaiak» jorratzen, eta nabarmendu du beraien proposamenak 899 milioi euro gehiago eskuratzeko bidea eman dezakeela.

EH Bilduk zuzenketa partzialak ere aurkeztu ditu, eta prest azaldu da osoko zuzenketak atzera bota eta negoziatzeko, betiere «negoziazioek hartzen duten bidearen arabera». Horretarako, baina, «seriotasuna eta zorroztasuna» eskatu ditu Kortajarenak, eta «populismo fiskaleko ariketak» baztertzea.  

«Optimista»

Aritmetika parlamentarioari ere erreparatu dio EH Bilduko Programa idazkariak. EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina ez Gipuzkoan eta Araban. Beraz, negoziazio mahaian esertzera behartuta daude bi lurralde horietan. Giltza hiru taldek izan dezakete: EH Bilduk berak, Elkarrekin koalizioak eta PPk.

Hori kontuan izanda, Anduezak adierazi du akordiorik ez erdiestea dela aukeretako bat, baina bera «optimista» dela. Negoziazioak izateo aukera gogoan, adierazi du EAJk eta PSE-EEk badutela «oinarrizko akordio bat», eta hartatik abiatuta ikusi beharko dela ea noraino iritsi daitekeen.

Horiek zer bide egin behar luketen ere argi du sozialisten idazkari nagusiak, eta ez da eskuinerantz eginda: «Jarrera aldatzen ez badu, Alderdi Popularrarekin ez dugu ezer egiterik». Argudiatu du PPk mahai gainean jarri dituen proposamenek «zerbitzu publikoak ahulduko» lituzketela, eta «erdiko klasearen eta langile klasearen» gain jarriko luketela zama: «PPk esaten digunean denen zergak murriztu nahi dituela, esan nahi du diru gehien duena hobeto biziko den gizarte bat nahi duela».

Halere, Anduezak aitortu du EAJk bestelako iritzia izan dezakeela horren inguruan. Hain zuzen, Diez Antxustegik berretsi du jeltzaleek beraien «proposamenak entzun, negoziatu eta horiek hobetu nahi dituzten denekin» hitz egiteko asmoa dutela. Horretarako, «edukietan» zentratu nahi dute auziaren inguruko eztabaida.

Jeltzaleak adierazi du ez dutela «osasun hesirik» jarriko: «Errenta txikienak kobratzen dituztenek ez dute pentsatzen ea PPrekin, Ahal Dugu-rekin edo EH Bildurekin egingo ote dugun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.