PSE-EE utzi egingo duela iragarri du Maixabel Lasak (Legorreta, Gipuzkoa, 1951), alderdiak bere aurkako behin-behineko kaleratze espediente bat zabaldu ondoren. Mas Pais alderdiko Bizkaiko zerrendaburu Txema Urkijoren alde publikoki posizionatzeagatik ireki zioten kaleratze espedientea Lasari, eta astelehenean jakinarazi zioten, burofax bat bidalita. Lasak prozeduraren «hoztasuna» salatu du, eta adierazi du «kontrolatua» sentitu dela. Alderdia hala utzi beharra «pena» dela nabarmendu du, baina jakinarazi du ez zuela nahi espedientea bururaino iristerik. «Hainbeste urteren ondoren, konfiantza falta» sentitu du PSE-EErengandik.
Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren bulegoko zuzendaria izan da Lasa hainbat urtez, 2001etik 2012ra—ETAk 2000. urtean hildako Juan Mari Jauregiren alarguna da—. Urte horietan, Urkijok Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari gisa jardun zuen lehenik, eta, gero, Lasarekin batera Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko bulegoan, aholkulari. Lasak azaldu du Urkijorekiko adiskidetasunagatik eman ziola babesa Espainiako Kongresuko hauteskundeetarako: «Alderdiaren sigletatik harago, laguntasuna dago; elkarrekin lanean igarotako urteak». Are, adierazi du botoa eman ahal izango balio, emango liokeela. Adierazpen askatasuna defendatu du: «Nire pentsatzeko modua dut, eta eskubidea daukat pentsatzen dudana esateko».
PSE-EE alderdia utzi du Maixabel Lasak, kaleratze espediente bat jaso ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu