Maider Lainez PSE-EEko kideak etzi hautagaitza aurkezten badu Andoaingo (Gipuzkoa) alkate izateko, herriko EAJko iturriek BERRIari esan diote «behartuta» egongo direla babestera, EAEn bi alderdiek duten itunagatik. Beraz, Andoaingo EAJk dio «giltza» Lainezek duela. Lainezek ez die erantzun kazeta honen galderei, baina Gipuzkoako PSEko iturriek Efe berri agentziari adierazi diote alkategaia aurkeztuko dutela Andoainen betiere EAJ udal gobernuan sartzen bada —kasu bera dago Pasaian—. Herriko EAJren arabera, atzo artean ezer ez zegoen itxita. Hiru taldeak aldebiko bilerak egiten ari dira. Gaur ere egongo da hartu-emanik; EH Bilduk dio «eskua luzatua» diela besteei, eta EAJk afiliatuen batzarra izango du gauean; hor ebatzi nahi du PSErekiko harremana.
Duela lau urte ustekabea egon zen Andoaingo inbestidura saioan: EAEn EAJ-PSE ituna zegoen arren, EAJren taldeko zinegotzi batek boto zuria eman zuen, eta alkatetza ez zuen Lainezek hartu, Ana Karrere EH Bilduren hautagaiak baizik. Karrereren taldea izan zen gehien bozkatua 2015eko udal hauteskundeetan, baita joan den maiatzaren 26koetan ere: 2.823 boto lortu ditu EH Bilduk, eta 1979tik honako udal bozetan hautagaitza batek lortutako zifrarik handiena izan da —ordura arte EAJk zeukan marka: 1979an, 2.727 boto—. Hori da EH Bilduren indargune bat larunbat honetako inbestidura saiorako.
Badituzte argudio gehiago, Andoni Alvarez alkategaiaren esanetan: «Aurreko hauteskundeetatik gehien igo den taldea gurea izan da: 711 botoko hazkundea. Aldiz, PSE mantendu egin da [53 boto gehiago; 1.940 boto lortu ditu] eta EAJ, jaitsi [70 boto gutxiago; 1.680 dauzka]. Bestetik, EH Bilduk PSE bigarren indarrari ia 900 botoko aldea kentzen dio orain [883koa], eta orain dela lau urte 225ekoa izan zen. Beraz, ikusi da herritarrek ez dutela aldaketarik nahi alkatetzan, EH Bilduren azkeneko lau urteetako lana saritu egin dutelako eta konfiantza nabarmena eman diotelako oraingo taldeari». EH Bilduren garaipena errespetatzeko eskatzeko iritzi batzuk azaldu dira herrian azken egunotan.
EH Bildu, «irabazle argia» bozetan
Hamazazpi hautetsik osatzen dute Andoaingo udalbatzarra, eta PSE-EEk (bost) eta EAJk (lau) gehiengo osoa lukete bat eginez gero. EH Bilduk zazpi hautetsi lortu zituen, eta Elkarrekin Podemosek, bat.
Udal bozen biharamunean, Lainezek zoriondu egin zuen EH Bildu, «irabazle argia» izan zela iritzita, eta aldi berean azaldu zuen «oso argi» dagoela «Andoainek EH Bilduren alternatiba gisa» ikusten duela PSE. EAJren iturriek esan dute azkenean «gobernagarritasuna» hartu behar dela kontuan, eta ez dute uste hiru taldeen programetan «alde nabarmenik» dagoenik. PSEk «egonkortasuna» nahi du. Alvarezek dio etzi «andoaindarren iritzia errespetatuko ez den beldur» dagoela.
Goizeko hamarretan hasiko da saioa.
Inbestidura saioak. Udalak. Andoain
PSE babestera «behartuta» legoke EAJ
Maider Lainez alkatetzarako aurkezten bada, jeltzaleen botoak jasoko ditu, baina PSE-EEk EAJ udal gobernuan nahi du. EH Bilduk esan du herritarrek ez dutela nahi aldaketarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu