Frantziako Parlamenturako bozak

PS ere ezkerreko frontera batu da

Alderdi sozialista ere batu da Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek eginiko akordiora. Orain, Kontseilu Nazionaleko kideek berretsi behar dute hitzarmena.

jarraia212917.jpg
Nagore Arin - Iñaki Petxarroman
2022ko maiatzaren 4a
10:14
Entzun

Legebiltzarrerako bozetara baturik aurkezteko bidean da Frantziako ezkerra. Maiatzaren 1ean akordioa egin zuten Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek. Atzo, PS alderdi sozialistarekin eta PCF alderdi komunistarekin bildu ziren bi alderdiak, eta PS eta PCF alderdiek adierazi dute eurak ere ezkerreko frontera batuko direla. PCF alderdiak atzo bertan jakinarazi zuen Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoak egindako proposamenarekin bat egin zuela. Gaur goizean, PS gehitu zaio fronteari.

Alderdi sozialistako ordezkariek adierazi dute akordio bat itxi dutela, baina asteazken honetan hainbat gairen inguruan eztabaidatzen jarraitu behar dutela. Gero, PSko Kontseilu Nazionaleko kideek baliozkotu beharko dute hitzarmena. Akordioan, datorren ekaineko legegintzaldirako barrutien banaketari buruzko kontuak itxi dituzte, baina programa komun bati buruz ere hitz egin dute.

Alderdi sozialistaren baietza betetzen bada, lau izango dira Frantziako Legebiltzarreko bozetara elkarrekin aurkeztuko diren ezkerreko alderdiak: Frantzia Intsumisoa, EELV Europa Ekologia-Berdeak, PCF eta PS.

PS, beheranzko bidean

Ez da garai erraza PS alderdiarentzat. Lehen itzulian oso datu apalak lortu zituen, inoiz baino apalagoak: Anne Hidalgo hautagaiak botoen %1,75 bildu zituen, 2017an Benoit Hamon hautagaiak lorturiko %6,36 baino gutxiago.

Melenchon gailendu zen alderdi ezkertiarren artean. Boto gehien lortu zituzten hautagaietan hirugarrena izan zen, botoen %21,95 bilduta.

PSn denak ez daude ados

Jean Luc Melenchonen alderdiarekin akordioa egiteak urak nahastu ditu alderdi sozialistan. Atzo Bernard Cazenave lehen ministro ohiak iragarri zuen alderdiko militantzia utzi egingo duela akordioa berresten bada. Gaur Stephane Le Foll Manseko alkateak iragarri du prest dagoela kanpaina egiteko eta akordioarekin bat egiten ez dutenen lidergoa hartzeko. «Uste dut badagoela beste ezker bat, berreraiki behar den beste ezker bat, eta azken bost urteotan eraman den ildo politikoa eztabaidatu nahi duena». Le Follek iraganekotzat jo du Melenchonen ezkerra, eta beharrezkotzat jo du etorkizuneko ezkerra eraikitzea.

Kritiko azaldu da Jean-Christophe Cambadelis diputatua ere. «Akordioak ez dio aukerarik ematen alderdi sozialistari den bezalakoa izateko», adierazi du. Europako politikekiko Melenchonek azaldu izan dituen jarrerak daude PSko buruzagi askoren kritiken jomugan. Kritika horiei erantzun nahi izan die Frantzia Intsumisoak gaur. Adrien Quatennens LFIko koordinatzaileak ziurtatu du bere alderdiaren programan inoiz ez dela jaso Europako Batasunetik irteteko xedea. Alabaina, Europak, merkatuaren lehiaren izenean, monopolio publikoak sortzea debekatzea kritikatu du, eta beharrezkotzat jo ditu halakoak, esate baterako, energiaren alorrean. Ekologistak ere ez datoz bat Europari buruzko ikuspegi horrekin, baina bi alderdiek adostu dute Bruselaren irizpideei muzin egiteko aukera izatea.

Akordioak barrutika

Orain arte egindako akordioek alderdi txikiei ordezkaritza bermatze aldera, 100 barruti inguruan aurkeztuko dira ordezkari ekologistak, eta horietako 30 irabazteko modukoak direla uste dute. Horren arabera, 15 diputatu inguru bermatuko lituzkete ekologistek, akordioa egin duten indarren arabera. Alderdi komunistarekin 60 barrutitan egin dute akordioa, eta horietako 16tan irabazteko modua dutela iritzi diote. Hautagai sozialistak 70 barrutitan aurkeztuko dira ezkerreko blokearen ordezkari gisa, eta, banaketa horren bidez, 25 diputatu ateratzeko modua izango dutela uste dute. PSk 100 barrutiko lidergoa eskatu dio negoziazioetan Frantzia Intsumisoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.