Prudhomme eta Zupiria, Gure Esku-k prestatutako ikurrinarekin

Frantziako Tourreko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako eledunak 'Euskal Herriak erabaki' lelodun ikurrinarekin atera dute argazkia, BERRIAren postuan.

Besteak beste, Aburto, Prudhomme eta Zupiria, ikurrinarekin, gaur. BERRIA
2023ko ekainaren 29a
16:51
Entzun

Frantziako Tourreko lehen hiru etapak, uztailaren 1ekoa, 2koa eta 3koa, Euskal Herrian izango dira hasieratik amaierara. Halere, kirol ikuskizun horrek mugiarazten duena lasterketako lehiatik haratago doa. Hala, martxan da jada Bilbon zaleentzako gunea ere, eta han da BERRIA. Eguneko irudietako bat izan da Frantziako Tourreko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko ordezkariek egunkariaren postura eginiko bisita. Besteak beste, Frantziako Tourreko zuzendari Christian Prudhommek, Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok argazki bat egin dute Gure Esku-k ekitaldirako prestatutako ikurrinarekin. Hartan, argi irakurri daiteke: Euskal Herriak erabaki. Basques decide.

Euskal Herria mundu osoko hedabideetan presente egongo da datozen egunetan, eta hori baliatu nahi du Gure Esku-k Euskal Herriaz informatzeko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria zabaltzeko. Hala, plataformako komunikazio taldeak prentsa dosierrak banatu dizkie lasterketaren berri ematera iritsitako kazetariei; 1.800 inguru dira. Dokumentu horretan, Euskal Herriaren, euskararen, txirrindularitzazaletasunaren zein euskal kulturaren inguruko informazio jaso dute.

Era berean, 60.000 ikurrin banatuko dituzte, Euskal Herriak erabaki. Basques decide leloarekin. Horiek eskuragarri daude Gure Esku-ren online dendan eta herrietako taldeetan, baita Naiz-en eta BERRIAren gunean ere; gainera, uztailaren 3an Tourreko karabanan ere banatuko ditu BERRIAk. Gure Esku-k dei egin du ikur horiek eskuan errepide bazterretara gerturatzeko: «Adierazteko euskal herritarren etorkizuna erabakitzeak gure esku egon behar duela». Horretarako deia egin dute, besteak beste, Pello Bilbao eta Ion Izagirre txirrindulariek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.