Prozesuan aurrera, adostasunean atzera

Atzera bota dituzte EAEko Hezkuntza Legearen osoko zuzenketak; hortaz, partzialak eztabaidatzera igaroko dira. PSE-EEk ziurtatu du beren zuzenketak bermatzen duela gazteleraz ikasi ahal izatea

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, atzo goizean, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Espero zena gertatu zen atzoko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran: gehiengoak ezezkoa eman zien Elkarrekin-Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek Hezkuntza Legeari jarritako osoko zuzenketei. Beraz, lege proiektua ez da berriro Eusko Jaurlaritzara itzuliko, eta zuzenketa partzialak eztabaidatzeari ekingo diote. Alabaina, eztabaidaren tonua igo egin zen, agertu ziren pitzadurak, eta prozesuak aurrera jarraituko badu ere, ikusteko dago zer gertatuko den azkenean, EH Bilduk legearen alde edo kontra bozkatuko ote duen. Ikoitz Arrese legebiltzarkidea irmo mintzatu zen: «Ez dugu babestuko euskal hezkuntzaren erronkei erantzuten ez dien legerik, ezta gobernu koalizioan EAJren PSEren barne oreka alderdikoiei erantzuten dien legerik ere». Orain, zuzenketa partzialak eztabaidatzeko garaia izango da. Hauxe, laburbilduz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta alderdi bakoitzaren jarrera.

HEZKUNTZA SAILA

Hitza hartzen lehena izan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz. Lege proiektua defendatzeko baliatudu saioa. Haren esanetan, testu «sendoa» da, «hezkuntza eta gizarte eragileen ekarpenak biltzen dituena», eta, gainera, iazko apirilean Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetutako akordioa oinarri duena.

Eduki jakin batzuei heldu die. Hizpide izan du hizkuntzen irakaskuntzaren gaia, zeinak harrabotsa eragin baitu azkenaldian. Aitortu du «eztabaida handia» dagoela, baina «bidetik eta helburuetatik» ez desbideratzea galdegin du. Bide berri bat urratzeko modua eskaintzen duela uste du: «Lege honek oinarri sendoak eskaintzen dizkigu hizkuntzen kudeaketarako eta ezarpenerako marko berri baterako».

Azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak diseinatuko du bere bidea, ikasleek ezarritako helburuak bete ditzaten eskolatzea amaitzerako: «Ikastetxeen hizkuntza proiektua erdigunera ekarriz, hezkuntza esparru eleaniztun propioa garatzeko konpromisoa ikastetxeen eskuetan jartzen dugu. Euskara ardatz hartuta, bi hizkuntza ofizialen eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten gainean egituratuko da sistema. Era berean, euskara testuinguru formaletan eta ez-formaletan erabiltzea bultzatuko du». Ereduak ere izan ditu aipagai: «Azken 40 urteetan, gure gizartea asko aldatu da, hezkuntza aldatu egin da, ereduak aldatu egin dira, eta gure eredua errealitate berrira egokitzen jarraitzea dagokigu aurrerantzean ere».

Ikastetxeen titulartasunari dagokionez, nabarmendu du legea onartuta hezkuntza sistema osoa egongo dela araututa lehenengo aldiz, «betiere, eskola publikoaren protagonismoa azpimarratuz». Halaber, azaldu du itunpeko ikastetxeak ere funts publikoz hornituko dituztela, «legeak ezartzen dituen konpromisoak eta betebeharrak betetzen dituzten heinean».

EAJ

EAJko legebiltzarkide Gorka Alvarezen esanetan, lege proiektuaren lehen helburua da ikasleei «ahalik eta hezkuntza onena» eskaintzea. Eta zer da hori? Alvarezen hitzetan, kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna eta irmoki berrikuntzaren alde egiten duena. Bildarratzek egin bezala, goraipatu egin du hezkuntza sistema osoa arautuko duela. Eta heldu dio hizkuntzen gaiari ere. Esan duenez, lege proiektuan jasota dago euskararen inguruan egituratua dagoela eta sistema eleaniztuna dela, eta bermatzen duela ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz «maila egokia» erdiestea. Gainera, aipatu du erremintak eskaintzen dituela horretarako.

EH BILDU

Oposizioko alderdi nagusiak ere azaldu du bere jarrera. Ezezkoa bozkatu dute, Ikoitz Arreseren esanetan, «lege on bat lortzeko eztabaidari» bide eman nahi diotelako: «EH Bildukook beste aukera bat eman nahi diogu lege on bat izateari eta gure hezkuntza sistemaren eraldaketari». Alabaina, nabarmendu du hori ez dutela «edozein modutan» egingo: «Ez dugu babestuko euskal hezkuntzaren erronkei erantzuten ez dien lege bat, ezta gobernu koalizioan EAJren eta PSEren barne oreka alderdikoiei erantzuten dien lege bat ere». Halaber, beste kezka bat ere helarazi du: «Kezka dugu PSEk EH Bildu legetik kanpo nahi duelako eta EAJ prest dagoelako eskatzen ari zaiona emateko». Gainera, EAJri eta PSE-EEri egotzi die oraindik ez dutela hizkuntza ereduak agertzen diren zuzenketari buruzko azalpen bateraturik eman.

PSE-EE

PSE-EEko legebiltzarkide Maria Jesus San Jose atera da atrilera. Esan du «oso gustura» daudela EAJrekin egindako negoziazioarekin, «ezinbesteko aldaketak» sartu baitituzte zuzenketetan. Hizkuntzei dagokienez, argi esan du sistema hirueleduna izango dela, eta euskara izango duela ardatz, baina euskara, gaztelera eta ingelesa izango direla irakaskuntzarako hizkuntza, «gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna izatea bermatzeko». Azkenaldiko eztabaidaren funtsera jota, ziurtatu du zuzenketekin argitu dutela hizkuntza ereduak indarrean daudela, eta, horiek aldatzea erabakiz gero, Gernikako Estatutua eta Euskararen Legea errespetatu beharko direla, eta hor jasota dagoela herritarrek eskubidea dutela hezkuntza edozein mailatan euskaraz nahiz gazteleraz jasotzeko. Eta erantsi du: «Euskal sozialistentzat benetan garrantzitsua da gure ikasleek euskaraz eta gazteleraz ikasi ahal izatea bermatzea, eta hirugarren hizkuntza batean gaitasunak izatea».

ELKARREKIN PODEMOS-IU

Beren osoko zuzenketa aurkezteko aukera izan du Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Isabel Gonzalezek. Batez ere, sare publikoaren defentsa egin du. Esan duenez, beraientzat hezkuntza publikoa da oinarrizkoa; aldiz, lege proiektuak berdindu egiten ditu eskola publikoa eta itunpekoa.

Osoko zuzenketak aurkeztu dituzten gainerako alderdiei dagokienez, PPk, Ciudadanosek eta Voxek antzeko arrazoiak erabili dituzte beren proposamenak defendatzeko eta lege proiektuari kontra egiteko: euskara inposatuko dutela eta gazteleraz ikasteko aukerarik ez dela egongo, proiektu jakin batzuen mesedetan erabili nahi dutela hezkuntza, itunpeko sarearen aurkakoa dela...

Eta zer gertatuko da gaurtik aurrera? Lantalde bat sortuko dute zuzenketa partzialak eztabaidatzeko. Sailburuaren esanetan, zuzenketak «kontrastatzeko, adosteko eta onartzeko» garaia da, eta legebiltzarkideei dagokie hori. Nabarmendu du «lehenetsi» egin behar dela legea «ahalik eta adostasun zabalenarekin onartzea». Gainera, Bildarratzek hitzaldia baliatu du Eusko Legebiltzarreko «zenbait alderdiri» eskerrak emateko, «azkeneko bi urteetako elkarlanaren alde egin dutelako». Ikusten du «kolaboratzen eta eraikitzen jarraitzeko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.