Prozesua: subiranistaz gain, progresista

Oiartzungo hitzaldi batean, Mario Zubiagak azaldu du erabakia hartu gabe ez dela erabakitzeko eskubiderik sortuko. Burujabetza defenditu du, baita mundua «ikuspegi etiko batekin» eraikiz joateko ere.

Erabakitzeko eskubideari eta herri galdeketari buruz herenegun arratsaldean Oiartzunen izandako solasaldia. BERRIA.
enekoitz esnaola
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Europan ere estaturik gabeko nazioak erantzukizun bikoitz baten aurrean daudela uste du Mario Zubiaga EHUko Zientzia Politikoetako doktore eta Gure Esku Dago-ko kideak. Batetik, prozesu subiranista bat garatuz, errealitate juridiko-politiko propio bat eraikitzeko eginkizuna dute. Bestetik, «mundu globalizatuak» dakarren egoeraren aurrean ekarpen «etiko bat» egiteko ardura daukate. Hiru herrialde aipatu ditu: Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria. Munduan nor izateko, erabakia hartzean dago gakoa, haren arabera. «Erabakia hartu arte, ez da eskubiderik sortuko». Eta prozesu subiranistaren izaera «progresista» izateari ere garrantzitsu deritzo, balio sozial zabal batzuen gainean eraikitzeko gizartea. «[Slavoj] Zikek-ek dio borrokarik txikienean jokatzen dela unibertsoaren etorkizuna», esan du Zubiagak, Oiartzunen (Gipuzkoa), Erabakitzeko eskubidearen gakoak, M19ko galdeketari begira solasaldian. Zelai Nikolas Jaurlaritzako legelari eta Gure Esku Dago-ko kidearekin batera aritu da, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaile eta Demoarsoko partaideak aurkeztutako saioan.

«Elkarlana» da EHUko irakasleak azpimarratu duen balio bat; prozesua herritarren eta erakundeen artean egitea. «Katalunian elkarlanean ari dira prestatzen erabakiaren unea». Ohartarazi du jarrera horrek kontraesanak dakartzala, baina iritzi dio hori dela modua Espainiako Estatuaren jarrera ez «arrazoizkoari» erantzuteko. Iragarri du Katalunian, alde bakarreko erabakiaren bitartez «haustura ilegal bat» gauzatuta, «desobedientzia instituzional subiranista» gertatuko dela. «Hori gabe ez da sortuko eskubidea, aurretik mila adierazpen egon arren». Euskal Herrira ekarri du gaia Zubiagak: «Guk ez dugu erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi. Erabakitzea nahidugu guk, eta, ondorioz, sortzea».

Erabakitzeko eskubidea «sortzen ari den kontzeptu bat» dela azaldu du, eta gustura agertu da prozesu horrekin, «denen artean ari delako sortzen. Ez da adituen artean geratzen den kontzeptu bat. Herritarren ekimen praktikoetatik abiatzen da». Euskal Herriko estatus politikoari buruzko galdeketak jarri ditu adibide modura—Oiartzualdean datorren martxoaren 19an izango dira—. «Kitzikagarria» iruditzen zaio hori guztia.

Ordea, ez da hori, haren esanetan, euskal herritarren egiteko bakarra. Gizarte eredua ere balegoke jokoan. «Globalizazioak egoera gogorra dakar, latza, desberdintasunen areagotzea. Eta desjabetzea; gero eta urrutiago ditugu erabakiguneak, gero eta ezezagunago dira. Desjabetzeak sortzen dituen beldurra, egonezina eta ziurgabetasuna modu askotara konpon daitezke, eta erantzuteko modu bat [Donald] Trump da, [Marine] Le Pen da... Hau da, ikuspegi murriztailea, autoritarioa, baztertzailea, arrazista». Zubiagaren aburuz, beste erantzun bat litzateke prozesu subiranistan Euskal Herrian «aspalditik datorren balio sistema txertatzea»: berdintasuna, elkartasuna, progresismoa... «Oso gure ditugun balioak dira». «Gehiago edo gutxiago», balio horiek ikusten ditu Eskoziako, Kataluniako eta Euskal Herriko burujabetza prozesuetan. Subiranismo progresista modura definitu ditu. «Beraz, eredu talka hori dago munduan, eta guk ekarpen txiki bat egitea da kontua. Horrek beste indar bat ematen dio Gure Esku Dago-ri. Ez da gure arazoa bakarrik. Horregatik, garrantzi berezia ematen diogu Kataluniarekin eta Eskoziarekin bat egiteari; ez bakarrik ikuspegi taktiko edo estrategiko bategatik, baizik eta ikuspegi etiko bategatik, ikusten dugulako badugula oraingo egoerarako irtenbide etiko bat».

Herri erakundetuetan

Zubiagak esan du aldebikotasuna dela Hego Euskal Herrian ere prozesu subiranista jorratzeko aukera bat, baina hori ezinezkoa dela Espainiako Estatuaren jarrerarekin. Horrek, ordea, «ez du bidea mozten» erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko. Teorizatzen hasita, «nahikoa egoera normalizatuetan eta herri erakundetuetan plantea daitekeen autodeterminazioa da erabakitzeko eskubidea». Esate baterako, Euskal Herrian.

Nikolasek, erabakiari ez ezik, bideari eman dio garrantzia. «Bideak ere ematen digu zilegitasuna». Borondaterik bada, esan du lege arazoak gainditu daitezkeela. Eredua: Kanada, Quebeceko auzian. «Doktrina hori oso garrantzitsua izan da mundu osorako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.