Prozesua aurrera doala berretsi, eta mugimendu gehiago iragarri dituzte

Armagabetzearen eta Ipar Euskal Herriko delegazioak Frantziako Justizia Ministerioarekin dituen elkarrizketen bilana egingo dute apirilaren 6, 7 eta 8rako Bake Bideak eta Bakegileek antolatu foroan

Veunac, Etxegarai, Berhokoirigoin, Funosas, Jauregi eta Bimboire, atzo Miarritzen eginiko agerraldian. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Miarritze
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bake prozesua aurrera doa, eta Bake Bidearen eta Bakegileen ordezkariek iragarri dute mugimendu gehiago izanen direla euskal presoen hurbilketan. Baina Mixel Berhokoirigoin bakegileak azaldu du hala gertatu arte ez dutela komunikatuko. Mintzaideekin duten konfiantza harremana errespetatu behar dutela adierazi du: «Ezin dugu espekulatu desiratzen dugunaren inguruan, eta egia bakarra errealitatea da». Haatik, baieztatu du mugimenduaren hasiera dela azken asteetan Mont-de-Marsango espetxera (Landak, Okzitania) bost euskal preso hurbildu izana: «Ez dira bost hurbilketa eta puntu; bost horiek mugimenduaren abiadura dira; hasia da, eta segituko du». Frantziako Justizia ministroak gaiaren inguruan hartu posizioa «asumitzen» duela dio, eta iragarri du apirilaren 7rako elementu gehiago izanen direla: «Orduan denak plazaratuko dira».

2017ko apirilaren 8an ETA armagabetu zenetik bilan baten egiteko, hiru eguneko foroa antolatu dute apirilaren 6, 7 eta 8rako, eta hori iragartzeko egin dute agerraldia Miarritzen (Lapurdi) Bake Bidearen eta Bakegileen ordezkariek; haiekin batera izan da, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea.

«Gure xedea puntu bat egitea da, eta perspektiban jartzea», esan du Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak. Azpimarratu du bakea ez dutela oraindik erdietsi, eta gai ainitz dituztela tratatzeko. Lehen konferentzia Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan iraganen da, eta Biktimak, sufrikarioa: Iraganari aurre egin etorkizuna eraikitzeko du izenburua. Oraindik hizlari batzuen baieztapena eskas bada ere, Funosasek azaldu du biktimen egoera ulertzeko eta ohartzeko momentu bat izan dadin nahi dutela. Are gehiago, gogoeta hori Ipar Euskal Herrian perspektiban jartzea dute helburu. Pantxoa Bimboire Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakariaren ordezkoa ere izan da agerraldian. Haren erranetan, erakunde horrek bake prozesua laguntzen segituko du, «ez baita garapen ekonomikorik bakerik gabe».

Bigarren eguna Miarritzen iragango da, eta Euskal Presoak: Egingarritik beharrezkora izanen du gaia. Azaldu dute Euskal Herriko eragileekiko eta euskal herritarrekiko partekatze momentu bat izatea nahi dutela. «Ulermen momentu bat izatea nahi dugu, gardentasunez, euskal delegazioak egin duen lanari tarte bat eskainiz», zehaztu du Funosasek. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Frantziako Justizia Ministerioarekin zabaldu duen lan esparruaren berri emango dute egun horretan.

Atzoko prentsaurrekora azaldu zen Michel Veunac hiriko auzapeza ere, eta biziki kontent agertu da hitzordua bere herrian antolatua delako: «Bake iraunkor baten aldeko seinaleak badira, orain arte kasurik egiten ez zutenak entzuten hasiak dira, eta bultzada eman behar zaio». Ez dute jakinarazi zer egitarau prestatzen ari diren apirilaren 8rako, desarmatzearen urteurren egunerako. Hala ere, iragarri dute Koldobika Jauregik egindako Arbolaren egia obra Baionan estreinatuko dutela.

Bide luze baten hasiera

Berhokoirigoinen hitzetan, «bide luze eta zail baten hasiera gisa» ikusten dute Frantziako Gobernuak egin dituen lehen mugimenduak. «Aitzina egiteko, alde guziek beren pentsatzeko moldea aldatuz joan beharko dute, atzo posible ikusten ez zena egingarri izan dadin». Bidearen lehen balorazioa ere egin du; «gazi-gozoa». Frantziako eta Espainiako Justizia ministroen arteko bilkura positibotzat jo badu ere, Espainiaren immobilismoari «zorigaitzez» begiratzen dio; baita 27 urte preso daraman Ion Paroten egoerari ere: «Lehengoko panorama salatzen duten jokabideak dira». Horrekin batera, iragan astean Puerto de Santa Mariako kartzelan (Espainia) hilik agertu zen Xabier Rey presoa ere izan du gogoan: «Halakorik ez dugu gehiago nahi. Espero dugu baten mugimenduak bestearenak ahalbidetuko dituela».

Bake prozesuaren logika azpimarratu du: «Prozesu interaktibo batean gara; bakoitzaren pausoak aurrekoa baieztatzen du, eta ondokoa gertatzeko baldintzak sortzen ditu. Hurbilketarik ez balitz izan, desarmatzea zalantzan izango zen». Azaldu duenez, etapa bakar bat ere ez dute jartzen kondizio gisa, eta deus ez da negoziatua, «baina dena desiratua». Helmuga argi du Berhokoirigoinek: «Presoak diren bitartean edo ETA erakundea desegina ez den bitartean, bidea ez da bukatua». 2011n Aieten hasi zen bidean oraindik eginbehar ainitz dituztela diote guziek. «Nola eginen dugun Euskal Herriko lurralde guzian Madril garatu dadin: hori dugu arazo erreala», azpimarratu du Funosasek.

Jakina da Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapezak iazko apirilaren 8ko armagabetze prozesuan izan zuen rola. Egun horiek gogoratu eta perspektiban jarri ditu: «Eztabaida genuen Frantzia subiranoa izango ote zen, eta ikusi da gauzak egingarri izateko ekin zuela. Batzuek eragile nagusiagoa izatea nahi zuten, baina modu asko daude horretarako», nabarmendu du. Frantziako Gobernuak posizio bat hartu zuela oroitarazi du, eta presoen gaian ere hala eginez gero horrek ezin duela Madril indiferente utzi. «Herri demokratikoak gara, izpiritu demokratikoei ari gara. Hemen ez baditugu gauzak aitzinarazten, zaila izanen da Madril mugitzea».

Eskultura bat lekuko

Koldobika Jauregi artistak iazko apirilaren 8an Gara egunkariaren azala ilustratzeko egin marrazkia eskultura bihurtu eta Baionan jarriko dutela iragarri zuten atzo. Zortzi metro garai eta lau metro zabal izango da, eta iturburua esaldi batean duela azaldu du artistak: «Arbola hain da bihotz onekoa, non bere egurra ematen dion aizkorari, giderra egin dezan, jakinda moztu dezakeela». Horrekin giderra berriz berdetu eta arbola berriz sor daitekeela adierazi nahi duela zehaztu du. «Pozten naiz biolentzia horren amaieraren prozesua ikusteaz, eta herritarrei ikur hau emateaz». Mezenasgo kanpaina bat abiatu du Bake Bideak obraren diruztatzea helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.