Nazioartean diren gatazka politikoen konponbide prozesuei aspalditik begiratu die Euskal Herriak. Bereziki, Ipar Irlandako ispiluari so egin dio, hango bake prozesutik irakaspenak lortzeko. Baina baita IRAren armagabetze prozesutik ikasteko ere. IRA Irlandako Armada Errepublikanoak borroka armatua utzi eta arma guztiak entregatzea erabaki zuen 2005ean. Sinn Feinenek eskatuta egin zuen urratsa, eta haren esku utzi zuen lan politikoaren ardura. Desarmatzeari, hala ere, bake prozesua hasi baino lehenago ekin zitzaion, eta lau epetan egin zen: 2001ean, 2002an, 2003an eta 2005ean.
Ez zen erraza izan IRAren desarmatzea lortu arteko bidea. Irlandako prozesua bezala, luzea izan zen armak entregatzekoa. Prozesua, berez, 1993ko abenduaren 15ean hasi zen, Downing Streeteko Deklarazioa izenekoa onartu zutenean Dublinek eta Londresek. Akordio haren arabera, Erresuma Batuak Irlanda iparraldearen independentzia onartuko luke, herritarren gehiengoak hala eskatuz gero. Horretaz gain, bake prozesuan parte hartzea eskaini zioten Sinn Feini, betiere IRAk indarkeria baztertzen bazuen.
IRAk berehala erantzun zuen. Abuztuan, su-etena iragarri zuen erakunde armatuak, eta, 23 urtean lehen aldiz, Londresko agintariekin bildu zen Sinn Fein 1995ean. Urte berean, Erresuma Batuko Gobernuak, Irlandakoak eta Irlanda iparraldeko alderdi politikoek George Mitchell senatariak proposatutako sei printzipio sinatu zituzten, prozesuan aurrera egiteko.
Printzipio horien artean zeuden, besteak beste, hiru hauek: bide demokratiko eta baketsuak bakarrik erabiltzea gai politikoak konpontzeko; talde paramilitarren erabateko desarmatzea gauzatzea; eta desarmatze hori batzorde independente batek egiaztatzeko modukoa izatea adostea. Mitchellen printzipioak onartu ondoren, alderdi unionista gehienak elkarrizketetan parte hartzen hasi ziren, orduan indar handiena zuen alderdi unionistak (UUP) uko egin arren Sinn Feinekin biltzeari. Lehen lorpen nabarmena izan zen bi gobernuek IIDC Desarmatzerako Nazioarteko Batzorde Independentea formalki ezartzeko prozedura onartzea; bi azpibatzorde sortzea hitzartu zuten: bata armagabetzeaz eta bestea konfiantza eraikitzeko neurriez arduratuko zen.
1997an eratu zen armen batzordea, eta John de Chastelain jeneral kanadarraren agindupean abiatu zen. Tauno Nieminen Finlandiako militarra eta Donald C. Johnson enbaxadorea eta Andrew D. Sens estatubatuarrak izan ziren batzordeko beste bi mandatariak. IRA apurka desarmatzen zela eta jasotako armak desegiten zirela egiaztatzea zen haien lana. IRAren armagabetze prozesua sekretua izan zen, eta ez zen publiko egin armen zerrendarik eta desegitearen argazkirik.
Bakerako oinarriak ezarrita egon arren, prozesua oso gorabeheratsua izan zen, eta bata bestearen atzetik etorri ziren su-etenak, erasoak, negoziazioak eta harremanen etenak. Bi urte korapilatsuren ondoren, baina, urratsik garrantzitsuena iritsi zen, Ostiral Santuko Akordioa sinatu baitzuten Londresek eta Dublinek, 1998ko apirilaren 10ean.
Erresuma Batuak, Irlanda hegoaldeak eta Irlanda iparraldeko zortzi alderdi nagusiek, hain zuzen, Irlanda iparraldeko antolaketa politikoa arautuko zuen hitzarmena sinatu zuten Stormonten, Irlandan. Itun haren aurkako ahotsak ere izan ziren: tartean, Alderdi Unionista Demokratikoko buru Ian Paisley-ena. Boluntario Loialisten Indarra talde paramilitarrak eta Ordena Orangistak ere bat egin zuten harekin.
Akordio hari esker, aurrerapausoak eman ziren autodeterminazio eskubidean: Irlanda Iparraldeko Asanblea sortu zuten, eta eskumen betearazleak eta legegileak eman zizkioten. Artean, ez zen giro unionisten eta errepublikanoen artean, eta IRAk ekintza armatuak burutzen jarraitu zuen.Omagheko erasoa horren ondorio izan zen: 1998ko abuztuaren 15ean, 29 pertsona hil ziren geroago Benetako IRAk (RIRA) bere gain hartuko zuen atentatuan.
Hala ere, prozesuak, kostata, aurrera jarraitu zuen. Eztabaida gehien eragin zuen auzia IRAren desarmatzea izan zen. Ulsterko Alderdi Unionistako buru David Trimblek erakundeari arma guztiak entregatzeko eskatu zion, Sinn Feinek bozetan lortutako bi eserlekuak eskuratu nahi bazituen. Hori horrela, Irlanda Iparralderako Desarmatze Batzordearekin harremanetan jarriko zela iragarri zuen IRAk, 1999ko azaroaren 17an.
Prozesuak geldirik jarraitu zuen urte luzez, eta desarmatzearen auzia ez aurrera ez atzera zegoen. 2000ko maiatzean, desarmatzeko prest zegoela jakinarazi zuen berriz IRAk, eta, horri esker, lanera itzuli ziren Sinn Feineko diputatuak, otsailaz geroztik bertan behera zegoelako Irlanda Iparralderako Asanblea. Hurrengo urteak nahasiak izan ziren, prozesuak geldirik jarraitzen zuelako eta maiz eten zituztelako asanblearen lanak. 2004an, okerrera egin zuen egoerak, desarmtzearen argazkiak exijitu baitzituen DUPeko buru Ias Paisleyk, akordioa lortzeko baldintza gisa. Unionisten eta abertzaleen arteko tirabiren ondorioz bake prozesua aurrera egin ezinean zegoela, Gerry Adamsek 2005ko apirilean eskatu zion IRA erakundeari borroka armatua behin betiko uzteko.
2005ean, urrats historikoa
Eskaerari erantzunez, urrats historikoa egin zuen IRA Irlandako Armada Errepublikanoak 2005eko uztailaren amaieran, borroka armatua amaitutzat joz. «IRAko unitate guztiek armak uzteko agindua jaso dute. Boluntario guztiei eskatu diegu egitasmo politiko eta demokratiko hutsak babesteko, bide baketsutik. Boluntarioek ez dute beste inolako ekintzetan parte hartu behar». Hitz horiekin iragarri zuen IRAk, 2005ko uztailaren 28an, borroka armatua utzi eta arma guztiak erabilezin utziko zituela.
Arlo militarrean ekiteari uztea erabaki zaila izan zen IRArentzat. Batez ere, hark finkatutako bi helburuak, Irlandaren independentzia eta britainiarren erretiratzea, betetzeko zeudelako. Hala ere, helburu horiek bide politiko soiletatik lortzeko alternatiba bazegoela esan zuen IRAk.
2005eko irailean, desarmatzea erabat egina zela esan zuten begiraleek, IRAk lehen su-etena hasi eta zortzi urtera. Emandako hitzari jarraikiz, bere arma guztiak erabileraz kanpo utzi zituela jakinarazi zuten IRAk berak eta IIDC Desarmatzerako Nazioarteko Batzorde Independenteak, nork bere aldetik, 2005ko irailaren 26an. IICDko buru John de Chastelainek adierazi zuen egiaztatuta zegoela deuseztatutako armek IRAren armategi osoa osatzen zutela. Londresko eta Dublingo gobernuek egitasmoa txalotu zuten, baina unionistek kexa azaldu zuten, ez zegoelako arma suntsiketaren argazkirik.
IRAren armen desegitearen lekuko izan ziren Harol Good apaiz protestantea eta Alec Reid apaiz katolikoa ere. Londresko eta Dublingo gobernuek sortutako IMC Behaketa Batzorde Independeteko kideak ziren bi apaizak, eta haiek bideratu zuten armen suntsiketa prozesua.
Behaketa Batzorde Independeteak armen zerrenda zehatza eman behar zion AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuari, baina, azkenean, 2011n batzordeak jakinarazi zuen desarmatzearen agiri guztiak Boston Collegeri emango zitzaizkiola, eta sekretupean mantenduko zirela ondorengo 30 urteetan. Erresuma Batuko Gobernuak adostasuna erakutsi zuen, bere informazioaren arabera hori zelako IRAren armategia. Datu horiek sekretupean daude oraindik.
ETAren desarmatzea. Desarmatzea nazioarteko beste gatazketan
Prozesu luzea eta nekeza
Ipar Irlandan lau epetan egin zen IRAren desarmatzea, 2001ean, 2002an, 2003an eta 2005ean, sekretupean, eta ez zen erakutsi armen suntsiketen argazkirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu