Josu Urrutikoetxearen aurkako auziak. Parisko epaiketak

Prozesu denetarako izendatua

ETAk 1989ko eta 1999ko elkarrizketa mahaietara batzeko aukeratu zuen Urrutikoetxea. Ez zuen bilerarik egiterik izan. 2005-2006an, bai. 2011-2013an ere ordezkari izan zen.

Josu Urrutikoetxea —irudian, eskuinean—, Joseba Alvarezekin eta Arnaldo Otegirekin, 2002ko urriaren 30ean, Genevan (Suitza), NBEren egoitza atarian, hirurak ere SA Sozialista Abertzaleetako legebiltzarkide zirela. Hura izan zen, sasira jo aurretik, Urrutikoetxearen jendaurreko azkeneko agerraldia. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
ETA 1976an eseri zen lehen aldiz Espainiarekin: Genevan (Suitza), armadaren ordezkari batzuekin. Aurreneko hartu-eman bat baino ez zen izan, Madrilen eskariz gehienbat. Geroztik, bake eta konponbiderako lau saio izan ziren, eta ETAren ordezkaritzan, era batera edo bestera, guztietan izan zen Josu Urrutikoetxea. Etakidetzat jota, epaitu egingo du Frantziak, azkeneko bi prozesuekin lotuta.

1989, ALJER
Bere taldea «indartzeko» izendatu zuen ETAk


ETAk 1989ko urtarrilaren 8an eman zuen bere ibilbideko lehen su-etena. Hamabost egunekoa, eta aldebakarrekoa, Espainiako Gobernuak (PSOE) Aljerian negoziazioei ekinez gero luzatzeko eskaintzarekin. Urtarrilaren 11n, Frantziako Poliziak Josu Urrutikoetxea atxilotu zuen, Baionan, ETAko kidetzat jota. Aurreko bi urteetan Aljerko mahaia prestatzen ibili zen Urrutikoetxea, ETAren nazioarteko taldeko kide moduan. Euskal erakunde armatuak publikoki ez zuen ezer esan haren atxiloketaz, baina mahaiko lehen bileran kexa agertu zuen.

Martxo bukaeran, ETAk iragarri zuen su-etena ekainaren 24ra luzatu zuela, eta, eskaeraren artean, hilabete baten buruan eta «baldintzarik gabe» hiru euskal preso Aljerko «elkarrizketa politikoen mahaira» batzeko eskatu zuen: Josu Urrutikoetxea, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena eta Isidro Garalde. ETAk bere solaskidetza taldea «indartu» nahi zuen. Hiru presoak Frantziako espetxeetan zeuden. Michel Legrand frantziar epaileak esan zuen etakide batzuk aske uzteko aukera legokeela, ETAk eta Madrilek hala hitzartuz gero; «Frantziako Zigor Kodeak bide ematen die gauza batzuei». Baina Parisek ez zituen Aljeriara eraman Urrutikoetxea-eta. Geroago, mahaian hitzartutakoa ez betetzea egotzi zion ETAk Espainiako Gobernuari, eta apirilaren 4an amaitutzat eman zuen su-etena.

Frantziak 1990ean epaitu eta zigortu zuen Urrutikoetxea, etakidetzat jota eta armak legez kanpo edukitzea eta paper faltsuak izatea egotzita: hamar urteko espetxea. Handik urte batzuetarako jarri zioten irteteko data, 1996ko maiatzerako, baina Parisek, kondena beteta libre utzi beharrean, Espainiaratu egin zuen. Behin-behinean preso sartu zuten.

1999, SUITZA
Madrilekin bigarrenez biltzeko hautatu zuen erakundeak


Aljerkotik hamar urtera izan zen hurrengo bilera ETAren eta Espainiako Gobernuaren (PP) ordezkaritzen artean. Lizarra-Garaziren garaia zen, eta ETA «mugarik gabeko su-eten orokorrean» zegoen 1998ko irailetik. Behin baino ez ziren bildu Madrilen eta ETAren taldeak: 1999ko maiatzaren 19an, Veveyn (Suitza).

1999ko urriaren 24an, ETAk agiri batean jakinarazi zuen Josu Urrutikoetxea, Antton Lopez Ruiz eta Josetxo Arizkuren izendatu zituela Madrilekin bigarren bilera egiteko solaskide, eta batzar hori egiteko «gutun ofizial berri bat» bidali ziola Espainiako Gobernuari. Madrilek lehen bilkuraz egindako erabilera salatu zuen ETAk, eta deitoratu Arizkuren atzeman egin zutela lehen bilerarako mintzaide izendatua zegoela —Parisen, martxoan—. Ez zen bigarren bilkurarik izan. 1999ko abenduaren 3an, ETAk bukatutzat eman zuen menia.

Urrutikoetxeak preso segitzen zuen Espainiako Estatuan, behin-behinean. 1998ko azarotik EAEko legebiltzarkidea zen, EH Euskal Herritarrok-ekoa. 1999ko urtarrilean, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kide izateko aukeratu zuen EHk.

2005-2006, GENEVA, OSLO
Urrutikoetxearen lehen bilerak elkarrizketa mahai batean

Hurrengo elkarrizketa prozesurako ere, ETAk bere ordezkari izateko hautatu zuen Urrutikoetxea, eta orduan bai, parte hartu zuen bileretan. 2000ko urtarrilean atera zen kartzelatik —Langraizkotik (Araba)—, bere aurkako akusazio ugaritan frogarik aurkitu ez eta behin-behineko kartzelaldiaren epea bukatzear zela Gorenak libre utzita. Baina auzitegi berak Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurkako 1987ko atentatuagatik inputatu ostean —11 pertsona hil zituen ETAk—, 2002 bukaeran, ihes egin zuen —«klandestinitatean garatu behar dut nire militantzia politikoa», zioen 2004ko gutun publiko batean—. 2005eko ekainaren 21ean egin zuen lehen batzarra Espainiako Gobernuaren (PSOE) ordezkariarekin: Jesus Egiguren PSE-EEren orduko presidentearekin, Genevan. Egigurenek beti esan izan du ETAren ordezkari modura aurkeztu zela Urrutikoetxea, ez zuzendaritzaren kide gisa. Prozesuan, Henri Dunant Suitzako zentroa aritu zen bitartekari lanetan. 2005eko udazkenean, Oslon bildu ziren, Norvegiako Gobernuaren anparoan, eta bi aldeek akordioaren oinarriak hitzartu zituzten. ETAk 2006ko martxoan «su-eten iraunkorra» ezarri zuen.

Urrutikoetxeak 2006ko irailaren bukaeran egin zituen mahaiko bere azkeneko bilerak. ETAn, beste lagun batzuek hartua zuten ordezkaritzaren ardura. 2006ko amaieran eta 2007an izan ziren parteen arteko bilera batzuk, baina prozesua hautsi egin zen.

2011-2013, OSLO
ETAk jarduera armatua bukatu ondoren, Norvegian

2011ko urriaren 20an, ETAk jendaurrean iragarri zuen bukatu zuela jarduera armatua. Uda hartan, erakundeak eta PSOEren gobernuak, nazioarteko bitartekarien bidez, adostu zuten Oslon mahai bat sortzea, gatazkaren ondorioez aritzeko. Urrutikoetxea izan zen ETAren ordezkaritzako kideetako bat han. 2011ko azaroan, PPk gehiengo osoz irabazi zituen Espainiako Kongresurako hauteskundeak, eta ez zen azaldu ere egin Norvegiara. ETAk 2013ko martxoan jakinarazi zuen desegin zela elkarrizketa mahaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.