Prozedurak baldintzatu du, beste behin, Egoitz Urrutikoetxearen auzia

Ostegun honetan epaitzekoa zuten afera berriz instrukziora bidaltzeko eskatu du fiskaltzak, prozedura akatsa izan dela argudiatuta. Martxoaren 31n jakinaraziko du erabakia Parisko Dei Auzitegiko epaileak.

Egoitz Urrutikoetxea artxibokoargazki batean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko otsailaren 17a
20:09
Entzun

«Hemendik urte batzuetara zuzenbide ikasketetan eredu gisa hartuko dute Urrutikoetxea afera», zioen barrez, gaur arratsaldean, Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak. Frantziako Justiziak prozeduretan egindako akatsen ondorioz, auzitegietan katramilatu dira Josu eta Egoitz Urrutikoetxearen kontra irekiak zituzten auzibideak, azken urteetan.

Orain arte, Laure Heinich eta Pasquet-Marinacce abokatuek azaleratu izan dituzte prozedura arazoak, Frantziako justiziaren huts egiteak agerian utzita. Gaur, terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzak berak azpimarratu du akatsa, eta Egoitz Urrutikoetxearen kontrako auzia instrukziora itzultzeko eskatu du. Honela aitortu du: «ezohiko prozedura da hau».

Martxoaren 31n emanen du erabakiaren berri Parisko Dei Auzitegiko epaileak. Fiskaltzaren eskaria onartzen badu, kasik dena hutsetik hastea bezala izanen da; bestela, epaiketarako data berri bat jakinaraziko du. Dosierraren berri dakitenek lehen aukera hobetsiko duela uste zuten gaur arratsaldean.

Konplexua eta nahasgarria da afera, eta komeni da abiapuntutik hartzea, ulertzen entseatzeko. 2005. urtean ETA zeneko kidea izatea, eta, beraz, gaizkile elkarteko kide izatea leporatzen diote Egoitz Urrutikoetxeari. 2009an, bi urteko kartzela zigorra eman zioten kausa horregatik Parisko Zigor Auzitegian. Fiskaltzak dei egin zuen, eta 2010ean sei urteko zigorra eman zioten Dei Auzitegian. Bietan, Urrutikoetxea ez zen epaiketara agertu. Zigor Auzitegian, ETA erakundeari lotutako aferetan, bi aldiz baizik ez da gertatu akusatua agertu ez den epaiketa baten erabakiari fiskaltzak dei egitea: Josu eta Egoitz Urrutikoetxearen kasuetan.

2015eko urrian atxilotu zuten Egoitz Urrutikoetxea, Parisen. Orduan, bere kontrako epaiketak berriz egiteko eskatu zuen: 2009ko lehen auzia eta 2010eko dei auzia. Hor dago prozedura akatsaren funtsa: zein epaitegiri zegokion kasua berriz aztertzea? Garaian, lehen instantziaren beha egotea erabaki zuen Dei Auzitegiak.

Parisko Zigor Auzitegian beste bi auzibide zituen Urrutikoetxeak —iazko urrian epaitu zituzten azkenean—. Hirurak batu eta instrukziora bidaltzea erabaki zuen Zigor Auzitegiko epaileak 2017ko ekainean.

Kasazioaren erabakia

2019ko maiatzean atxilotu zuten Josu Urrutikoetxea, eta, hark ere, haren kontrako epaiketak berriz egiteko eskatu zuen. Ekainaren 19an izan zuen lehen zita, Parisko Dei Auzitegian. Eta hor ere galdera bera sortu zen. Egoitz semearekin lortutakoan oinarrituta, afera Parisko Zigor Auzitegiak aztertzea lortu zuten Heinich eta Pasquet-Marinacce abokatuek, prozedura akatsak zirela medio hark kasua instrukziora bidali zezan. Baina, terrorismoaren kontrako fiskaltzak helegitea jarri zuen.

2019ko irailaren 24an, hiru hilabete lehenago Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxearen kasuan hartutako erabakia bertan behera utzi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak. Ebatzi zuen auzibide bat bigarren instantziara iritsi den kasuetan, epaiketa berriz egiteko eskatzen bada, bigarren instantziari dagokiola kasua aztertzea, hau da, Dei Auzitegiari. Egoitz Urrutikoetxearen kasuan eragin zuen erabakiak, eta hiru auzibideetatik bat Dei Auzitegiaren esku utzi zuten berriz. Atzo arte.

Orain artekoa baliogabe

2019an semeak aitari eragin zion bezala, aitak eragin dio semeari gaur. Kasazio Auzitegiaren erabakian oinarritu baitzen fiskaltza Egoitz Urrutikoetxearen kasuan prozedura akatsa azaleratzeko. «Dei Auzitegiari zegokion epaiketa berriz egiteko eskaera aztertzea, eta Zigor Auzitegiak bere burua ‘ezgai’ kontsideratu behar zuen», azaldu die kazetariei auzi saioaren bukaeran. Horiek horrela, lehen erabaki «oker» horretatik aitzina gertatu den guzia baliogabe jo beharko litzatekeela uste du prokuradoreak. Horregatik eskatu du kasua berriz instrukziora bidaltzeko. Martxoaren 31an jakinaraziko du erabakia epaimahaiak.

Bi aukera daude: fiskaltzaren eskaerari muzin egin eta epaiketa data berri bat ezartzea, edo, kasua berriz instrukziora bidaltzea. Azken hau, afera kasik hutsetik abiatzea litzateke. Egoitz Urrutikoetxeari akusazioa jakinarazi eta auzibidea ireki beharko liokete, galdeketak egin; eta defentsak dosierrean elementu gehiago sartzeko eta instrukzio epaileari lekukoak aurkezteko aukera izanen luke. Ikusteke dago horrek nola eragin lezakeen emaitzan.

Egoitz Urrutikoetxea atxilotu eta behin behinean preso sartzeko aukerarik dagoen galdetu dio prokuradoreari Espainiako kazetari batek. Honela erantzun dio: «afera biziki zaharra da orain, eta orain arte izan dituen hitzordu guzietara agertu da. Ez luke inolako zentzurik». Atxilotu zutenetik zazpi urte daramatza auzitegietara joan etorrika Egoitz Urrutikoetxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.