Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Zahar etxera bidean zihoan Txaro Markinez haren ama ikustera, dei bat jaso zuenean. «Ezin zarete zahar etxera bisita egitera joan», esan zioten, baita gainerako senide guztiei ere. Duela bost urte, COVID-19 gaitza zela eta, kolpez itxi zituzten erresidentziak, eta senideek asteak eman zituzten elkar ikusi gabe. Handik bost urtera, «amesgaizto bat» izan balitz bezala gogoratzen du Markinezek bizitakoa. «Baina ez zen ametsa izan, errealitatea zen».
COVID-19ak hildako ugari eragin zituen zahar etxeetan. 2020ko martxotik abendura bitarte, gutxienez 1.180 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herriko egoitzetan. Bertan zeudenek kutsatzeko aukera gutxiago izan zitzaten, neurri zorrotzak ezarri zituzten. Besteak beste, egoitzetako bisitak eta irteerak mugatu zituzten. Kasu batzuetan ere, egoiliar bakoitzak bere gelan itxita egon behar izan zuen. «Hilabete bat edo bi eman zuen bakoitzak bere logelan, jatorduak ere elkarrekin egin gabe», gogoratu du Maddi Zubeldiak. Garai hartan haren ama Urruñako (Lapurdi) zahar etxean zegoen, alzheimerrarekin. Martxoan bi urte beteko dira zendu zenetik.
Pandemiatik bost urtera, zahar etxeetan hartutako neurrietako batzuk «gehiegizkoak» izan zirela uste du Marije Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko irakasle eta bioetika gaietan adituak. «Gaur egun zuhurtzia handiagoz hartuko lirateke neurrietako batzuk, zahar etxeetan pandemia nola bizi izan zuten ikusita», zehaztu du. Izan ere, Zubeldiak eta Markinezek argi dute hartutako neurriek egoiliarren gaixotasunak bizkortu zituztela. Hala gertatu zitzaion Zubeldiaren amari: «Gure arteko komunikazioa moztu zuten, amak ezin baitzuen telefonoa edota pantaila erabili; gainera, harentzat harreman fisikoa oso garrantzitsua zen. Langileek ahalegin asko egin zuten haiekin harremanak egiteko, baina argi antzeman genuen amak beherakada handi bat izan zuela».
Bide horretatik, azken urteotan pandemia bera eta garai hartako neurriak aztertu dituzten hainbat artikulu argitaratu dira, baina Goikoetxeak aipatu du ez dela hainbeste aztertu zahar etxeetan eta egoiliarrengan izan duen eragina. Bakartzearen ondorioak aztertu beharko lirateke, baina baita neurri aldaketek eragin zutena ere, araudia aldian behin aldatuz joan baitziren.
«Langileek ahalegin asko egin zuten haiekin harremanak egiteko, baina argi antzeman genuen amak beherakada handi bat izan zuela»
MADDI ZUBELDIAAma Urruñako zahar etxean izan zuen
Goikoetxearen iritziz, arazo bat izan zen pandemia irizpide birologikoen arabera bakarrik kudeatu izana, ez baitzuten kontuan hartu pandemiak zer eragina izango zuen. «Adibidez, COVID-19ak hildako pertsonen gorpuak erabat zigilatutako poltsetan gorde zituzten, kontuan hartu gabe horrek nola eragingo zien hildakoen gertukoei dolua egiteko garaian. Oraindik ere, dolu prozesu batzuetan kostatzen ari da aurrera egitea, askok ez dakitelako lurperatutakoak benetan euren senideak ote ziren. Hori kontuan izan bagenu, gorpuen poltsak zati garden bat izango zuten, aurpegia ikusi ahal izateko».
Koordinazio falta
Koordinazio soziosanitarioan ere egin du azpimarra Goikoetxeak. Lehenengo asteetan, zahar etxeetako egoiliarrak osasun neurrietatik kanpo geratu ziren; besteak beste, ondorioztatu zuten ez zuela zentzurik haiek ZIUetan sartzea. «Uste zen zahar etxeetan babestuago zeudela, eta, azkenean, babesgabeago egon ziren», esan du. Koordinazio falta egon zela ondorioztatu du: «Zaila izan zen egoitzetara osasun baliabideak, maskarak edota medikazioa iristea, baita bertan zeudenak ospitaleratzea ere».
Irakaspen bat ekarri zuen egoera horrek: «Ikasi dugu sistemak ezin direla hain bereiziak egon. Gizarte zerbitzuen eta zahar etxeen sistemak osasun sistemarekin harremanetan eta koordinatuta egon behar dira». Izan ere, Goikoetxeak esan du alde horretatik aldaketa batzuk egin dituztela; zahar etxe batzuek, adibidez, erreferentziazko zentro bat dute zehaztua orain.
Goikoetxeak adierazi duenez, koordinazioa hobetzeaz gain, bestelako neurri batzuk ere hartu dira, indarrean jartzekoak beste pandemia bat sortuko balitz. Alde batetik, «prebentzio neurri garrantzitsua» da pertsonak bizikidetza unitateetan banatuta egotea, taldeak txikiagoak izan daitezen eta birusa hainbeste hedatu ez dadin. Toki batzuetan, talde horiek mantendu dituzte pandemia garaitik, eta horrek zaintza ere hobetu du: «Segurtasuna eta konfiantza ematen du horrek, gehiago ezagutzen dutelako elkar, baita langileek ere». Beste alde batetik, jendea are gehiago ohartu da «txertatzearen garrantziaz».
Nelly Torres erizainarentzat ere pandemia «ikasketa» bat izan zen. Iruñeko Solera La Vaguada zahar etxean egiten du lan. «Simulakroak egiten ditugu mota askotako larrialdiei aurre egiteko, baina inoiz ez genuen simulakrorik egin horrelako zerbaiti aurre egiteko», gogoratu du. Eta erantsi du garai hartan ezagutza falta zegoela. Esate baterako, inork ez zekien egoki erabiltzen norbera babesteko ekipamendua. Protokoloak ere orduan hasi ziren, eta gaur egun arte mantendu dituzte. Birusen baten susmoa dutenean, prebentzio neurriak hartzen dituzte. Pandemian asko ikasi zuten arren, Torresek esan du «zoritxarrez» azpiegiturak ez direla egokiak, logeletan nahikoa toki ez dagoelako, eta nahikoa leiho ez dituztelako.
Aspaldiko arazoak
Hain justu, azpiegiturak berdin mantendu dituztelako eta lantaldeak handitu ez dituztelako, Markinezek iritzi dio beste pandemia bat sortuko balitz ez litzatekeela ezer aldatuko. Izan ere, pandemiak zahar etxeetako gabezia batzuk areagotu bazituen ere, senideek argi dute arazo horiek aspalditik zeudela. Pandemiak arazoak azaleratu besterik ez zuen egin, Markinezek esan duenez. Lantaldeak nahikoak ez direla azaldu du, eta azpiegiturak ez daudela prestatuta arta on bat bermatzeko. Hori salatzeko eta konponbide bat exijitzeko, senideak antolatzen hasi ziren garai hartan. Handik urte gutxira sortu zuten Zaintza Araba, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiten duen senideen federazioa ere. «Arazorik handiena da zaintza negozio bihurtu dela», kritikatu du.
«Zaintzak publikoa izan behar du: bai zahar etxeetako lekuak, bai haien kudeaketa»
TXARO MARKINEZZaintza Arabako kidea
Zubeldiak ere uste du «berdintsu» jokatuko zela beste pandemia batean. «Goitik behera heldu ziren erabakiak, eta ez zituzten tokian tokira egokitu», esan du. Eta erantsi du agintariek, behintzat Frantzian, ez dutela horren inguruan gogoetatu, eta ez dutela hausnartu beste pandemia bati nola aurre egin: «Pandemiari aurre egin zaio eta kito; orain, beste zerbait egin dezagun; nire ustez, agintariek epe laburreko politika egin zuten».
Pandemian diputatuek zahar etxeen eredua aldatzeko senideen mezua jaso zuten arren, ez dute ezer egin, Markinezen arabera. «Adibidez, 25 pertsona artatzeko, bi langile daude goizez, beste bi arratsaldez, eta erresidentzia pribatu askotan bakarra gauez. Ni ez nintzateke gai izango 25 pertsonari gauez zaintza on bat emateko eta, ohean daudela, haien guztien jarrera aldatzeko. Gainera, langile horri zerbait gertatzen bazaio, zer?». Adinekoek zein senideek «tratu txar instituzionala» pairatzen dutela salatu du, erakundeek ez dutelako egin dezaketen guztia egiten.
«Makroerresidentziarik ez»
Egoitzak nolakoak izan beharko liratekeen galdetuta, argi dute guztiek: zaintza kalitatezkoa izan dadin, txikiak izan behar dute. «Makroerresidentziarik ez». Eta Markinez Zaintza Arabako kideak gehitu du: «Zaintzak publikoa izan behar du: bai zahar etxeetako lekuak, bai haien kudeaketa». Gaur egun, zahar etxe gehienak pribatuak dira. Horrez gain, erabakietan eta hausnarketetan senideei parte hartzeko aukera eman diezaieten exijitu du, gaur egun ez baitute hala egiten.
Zahar etxeen ereduaren inguruko eztabaida piztu du pandemiak, Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez. Batzuek uste dute zahar etxeek funtzio sanitario handiagoa izan beharko luketela. Beste batzuek, berriz, kontrakoa diote. Azken talde horretakoa da Goikoetxea: «Zahar etxe bat bizitzeko leku bat da, eta gizarte zerbitzuen sistemaren barruan dago. Inkestek diote pertsona gehienek etxean bizi nahi dutela; hortaz, hori ezinezkoa bada, behintzat etxean bezala sentituko diren toki batean bizi daitezela eta ez ospitale batean». Gainera, pertsona horiek soilik eguneroko bizitzarekin lotuta dauden zenbait jarduerarekin behar dute laguntza, «jateko edo dutxa hartzeko, zein erosketak egiteko». Ordea, ez dute behar osasunarekin lotutako zaintza.
«Inkestek diote pertsona gehienek etxean bizi nahi dutela; hortaz, hori ezinezkoa bada, behintzat etxean bezala sentituko diren toki batean bizi daitezela eta ez ospitale batean»
MARIJE GOIKOETXEADeustuko Unibertsitateko irakaslea eta bioetika gaietan aditua
Goikoetxeak esan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoak hasi direla eredua aldatzeko urratsak egiten. Besteak beste, foru aginduetan eta bestelako dokumentuetan hasi dira pertsonengan zentratutako arreta aipatzen, non esaten duten egoiliarra ez dela «paziente bat», «herritar gisa» bizitzen jarraitzeko laguntza behar duen pertsona bat baizik.
Funtzio sanitarioa areagotzearen alde egon ez arren, Goikoetxeak esan du zentro soziosanitarioak egon behar direla, baina zerbitzu hori behar dutenentzat bakarrik. Hau da, adineko batzuek osasun eta gizarte zerbitzuen laguntza behar badute aldi berean, horientzat egokiak izan daitezke horrelako zentroak. «Baina zahar etxe guztiak ezin dira zentro soziosanitarioak izan».
Langileak ahaztuta
Eredu aldaketa ez da pandemiatik lantzeko dagoen kontu bakarra. Nahiz eta zahar etxeetan hainbat gabezia egon, Goikoetxeak argi utzi nahi izan du egoitzek oro har oso ondo jardun zutela; alegia, langileek konpromiso izugarria erakutsi zutela. «Konpromiso horrek lan handia eta arrisku handiak ekarri zizkien langileei eta haien senideei». Egoitzetako langileek eta osasun profesionalek asko sufritu zuten. Horrek «eragin nabarmena» izan du haiengan, eta ez du inork kontuan hartu. «Langile asko, arrazoi osoz, orain ez dira emozionalki hainbeste inplikatzen, euren burua babesteko», azaldu du, eta hori lantzeko premia azpimarratu.
Prekaritatea ere «nabarmena» da sektorean, Torres Solera La Vaguadako erizainak aipatu duenez. Izan ere, lan gatazkak ez dira gutxi izan Euskal Herriko zahar etxeetan. Oraintxe bertan, Nafarroako eta Arabako beharginak borrokan ari dira, lehenengo probintzia hitzarmena lortzeko. «Nafarroan lau urte daramatzagu greban», gogorarazi du Torresek. Bizkaian, berriz, 2023an lortu zuten akordioa, 68 lanuzte egin ostean. Hala ere, akordioak ez du dena konpondu. Arrigorriagako Arandia zahar etxean, adibidez, protestak egiten ari dira ELA sindikatuak deituta, «langileek euren segurtasuna eta osasuna bermatzen ez dituzten baldintzetan egiten dutelako lan». Jakinarazi dutenez, material falta dute, eta soldatak berandu ordaintzen dizkiete.
«Enpresek jarraitzen dute esaten funtsezkoak garela, baina nik zalantza dut ea benetan hori pentsatzen duten; hala balitz, behar adina langile egongo ginateke lan egiteko, eta soldata duinekin»
NELLY TORRESSolera La Vaguada zahar etxeko erizaina
Gipuzkoan ere izan dira gatazkak. Esate baterako, joan den astera arte greban egon dira Errenteriako Sanmarkosene zahar etxeko langileak. Iazko azaroaren 18an hasi zuten greba mugagabea, eta 81 egunez mobilizazioak egin eta gero, akordioa lortu dute enpresarekin. Ama Urruñako zahar etxean izan zuen Zubeldiak, eta, esan duenez, Ipar Euskal Herrian langileak maiz «aldatzen» dira: «Ikusten duzunean langileak aldatzen ari direla, badakizu baldintzak ez direla aski duinak. Eta azpimarratu behar da Urruñakoa ez dela okerrena, urrundik ere».
Zubeldiaren arabera, lanbide horiek ez dira «behar bezala kontsideratuak». Nahiz eta pandemia garaian txalotu, ez du uste gauza handirik aldatu denik geroztik. Hala uste du Torresek ere: «Enpresek jarraitzen dute esaten funtsezkoak garela, baina nik zalantza dut ea benetan hori pentsatzen duten; hala balitz, behar adina langile egongo ginateke lan egiteko, eta soldata duinekin». Kontrara, Torresek esan du lantaldeak gero eta txikiagoak direla. Akordioa laster lortzea espero du, langile guztientzako hobekuntzak erdiesteko. Lan baldintza egokirik gabe, zaila baita egoiliarrei behar duten zaintza ematea.