«Belar txarrak zainak luze», diote Muskil film laburrean. Indarkeria matxistari buruzkoa da, eta zainak zein luzeak diren azaltzen dute. Gizartearen geruza guztietan baitago indarkeria matxista hedatua, eta horren parte dira alderdi politikoak. Ez alferrik, Espainiako Estatuko Alderdien Legearen 7. artikuluaren 6. puntuan jasota dago beren-beregi alderdi politiko guztiek berdintasun plan bat izan behar dutela, eta indarkeria matxista prebenitzeko eta hura atzemateko neurriak ere jaso behar dituztela. Halaber, legeak jasoa du alderdiek protokolo bat eduki behar dutela indarkeria matxistaren kasuetarako. Baina, auzitan jarri da protokolo horien balioa, hainbat emakumek salatu berri baitute Sumarreko Kongresuko bozeramaile ohi Iñigo Errejonek sexu erasoak egin dizkiela, eta, salaketen argitara, emakumeek ez zutela konfiantzazko tokirik izan haietan, besteak beste. Alderdi nagusiek zein zoruren gainean dabiltzan azaldu dute.
Ipar Euskal Herrian alderdiak ez daude behartuta legez protokolorik izatera. Aitzitik, Espainiako Estatuko Alderdien Legeak aditzera ematen du Berdintasun Planetik aparte alderdiek beste protokolo bat eduki behar dutela, baina denek ez dute halakorik. Hala ez duten kasuetan, adierazi dute estatutuetan eta alderdikideek jarduteko sinatu behar duten kode etikoan jasoa dutela indarkeria matxistako kasuetan nola jardun.
Hegoaldean diren alderdi nagusien artean, EH Bilduk, PSE-EEk eta PSNk daukate propio indarkeria matxistari buruzko protokolo bat ondua, hogeina orritan, jarraibideekin.
EH Bildurenak helburu «erreparatzailea eta hezitzailea» dauka, ez punitibista. Diotenez, jakitun dira indarkeria matxistak gizarteko egitura guztiak zeharkatzen dituela, eta, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko idazkaritza feministaren arduradunaren esanetan, «gurea bezalako espazio bat feminista izateko prozesu bat egiten ari gara. Erakunde misto bat gara, eta bide bat egiten ari gara feminismorantz, kosta ahala kosta, konbentzimendu osoz».
Protokoloaren helburua da EH Bildurekin zerikusia duten pertsonen inguruan indarkeria matxistako kasurik bada, haiek identifikatzea eta behar bezala erantzutea. Prebentzioa, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak dituzte xede, jarduera zehatzekin: laguntzarekin, formakuntzarekin eta sentsibilizazioarekin. Prozesu osoan kontuan hartuko dira salaketa egiten duenaren agentzia eta autonomia, eta babesa emango zaio: «Indarkeria matxistaren inguruko salaketa bat egiten duenari ez diogu inoiz eskatuko salaketa judizial bat; are gehiago, gure prozesu erreparatzaileekin ez luke bat egingo».
«Indarkeria matxistaren inguruko salaketa bat egiten duenari ez diogu inoiz eskatuko salaketa judizial bat; are gehiago, gure prozesu erreparatzaileekin ez luke bat egingo»
OIHANA ETXEBARRIETAEH Bilduko idazkaritza feministako arduraduna
Egokitu zaie salaketak kudeatu behar izatea. Talde bat dago propio sortuta horretarako: indarkeria matxistaren jarraipenerako eta kudeaketarako taldea. Lau kidek osatzen dute, eta laguntza behar izatera, indarkeria matxistan espezializatutako adituengana jotzen dute. Kanal ofizialak badituzte ere, salaketak komunitateko kideen bidez iritsi izan dira idazkaritza feministara. Halakoetan, salaketa egiten duena entzun egin dute, eta auzia aztertu. Horren arabera, aztertu egiten dute protokoloa martxan jarriko den, betiere salatzailearen autonomia errespetatuz.
Inpunitaterik ez
Eraso motak ere sailkatu egin dituzte protokoloan, lau ataletan. Lehenean, ahozko erasoak sartu dituzte: esaterako, gutxiespenak, hitza neurri gabe hartzea, ez errespetatzea bestearen iritzia, edota adierazpen matxistak egitea. Bigarrenean, autoestimua, buru osasuna edo osasun fisikoa muga dezaketen jokaerak izatea. Hirugarrenean, pertsonaren osotasuna, segurtasuna eta askatasuna arriskuan jartzea. Eta laugarrenean, goi mailako indarkeria matxistako eraso larriak egitea. Laugarren kasuan, salatuak duen ardura eta kargua utzi beharko luke, eta militantzia etengo litzaioke. «Kasu horietan, ez da inoiz prozesu bat abiatuko, eta argi adieraziko da pertsona horrek jadanik zergatik ez duen parte hartzen komunitatean. Protokoloak ez du inpunitatea sustatzen».
Lehen hiru kasuetan, salaketa, salatuaren jarrera eta testuingurua, komunitatea alegia, aztertzen dute, hiru erpin horiekin egiten baitute lana. Jakitun dira alderdietan ere botere harremanek betetzen duten funtzioaz, eta aitortu du erasotzailea sona handiko pertsona bat izateak prozesua zaildu dezakeela. «Militantzia ondo baloratuta dagoen herri bat da gurea, eta, salatua pertsona ezagun bat bada mugimenduan, baliteke erasoa jasan duenak segurtasun falta sentitu izana; izan ere, halakoetan, beti aktibatzen dira komunitate aliantzak; hori hala da. Baina kontrara ere gerta liteke; horregatik, oso inportantea da komunitatea ere indarkeria matxistaren aurka aktibatuta egotea». Garrantzi handia eman diote protokoloa ezagutzeari. Bilkide guztien eskura dago, eta hura ezagutzera emateko hainbat agerraldi egin dituzte.
Erreparazioa eta heziketa du helburu protokoloak, eta neurriak ere bide horretan proposatuak dituzte, formakuntza feministen bidez egitekoak, edo prozesu terapeutikoen bidez, betiere ikuspegi feministarekin. Horregatik, prozesu horretan sartzeko prest daudenekin marko batzuk ezartzen dituzte, eta marko horiek konfidentzialtasuna eskatzen dute.
Ezinbestekotzat jo dute konfidentzialtasuna, biktima babesteko. Eta protokoloa behian abian jarrita, zehaztuta dauzkate epe batzuk. Proposatzen dute prozesua hiru hilabeteko epe batean amaitzea. Horrek ere badu bere garrantzia; izan ere, denbora pasatu ahala, erasotzailearen inpunitatea gailendu delako ustea zabaldu liteke. Halere, izan dituzte gehiago iraun duten prozesuak, erreparaziorako bideetan denbora gehiago behar izan dutelako.
Protokoloa ez da zerbait itxia; jarraipena eta ebaluazio egiteko talde bat daukate. Ez dute horretan ardura dutenek bakarrik erabakitzen protokoloa abiaraztea; Mahai Politikoa da kasu guztien jakitun. Eta protokoloan bertan jasota daukatenez, urtero memoria bat lantzen dute, auzirik izan bada nola kudeatu den azalduz. Gainera, bi urtean behin protokoloaren aplikazioaren ebaluazioa egiten dute. Etengabe berrikusten duten tresna bat da, eta ohartu dira zer erantsi badagoela. Gaur egun, indarkeria digitalen auziak ere protokoloan sartzea aztertzen ari dira. Etxebarrietaren esanetan, «indarkeria matxistena den-denak daukagun zerbait da, eta auzi honek denok interpelatzen gaitu».
Salatzailearen babesa
PSE-EEk eta PSNk alderdi sozialistak propio indarkeria matxistari aurre egiteko ondutako protokoloa dute gidari. Alderdi sozialistaren protokoloaren helburua da prebentzioa, kasuak atzematea eta «balizko jazarpen kasuei irtenbidea» ematea. Salatzailea babestea eta salaketa jaso duenaren kontrako beharrezko neurriak hartzea ere jasotzen du.
«Oinarrizko printzipioak errespetua, duintasuna eta kaltea jasan duten pertsonen osotasuna dira; inpartzialtasuna eta objektibitatea ere bai». Jazarpen gisa jasotzen ditu ahozko erasoak (gutxiespenak, proposamen sexual deserosoak, lekuz kanpoko komentarioak); ez-ahozkoak (irudi pornografikoak edo eduki sexualeko mezuak bidaltzea), eta fisikoak (baimenik gabeko besarkadak, musuak edo gerturatze fisikoak egitea). Beste atal batean jasotzen ditu indarkeriazko sexu erasoak. Bestelako jazarpen mota batzuk ere jasotzen ditu protokoloak, hala nola bazterkeriarekin lotutakoak adinagatik, sexu orientazioarengatik edo genero identitatearengatik, jatorriagatik…
Alderdi Sozialistaren protokoloaren arabera, lantalde bat sortuko da, indarkeria matxistako kasuren baten berri jasoz gero. Hiru lagunek osatuko dute, eta tartean behar luke indarkeria matxistan aditua den aholkulari bat. Bermea, anonimotasuna eta diligentzia zaintzeko agintzen du, eta epeak zehaztu. Salaketa jarri duenaren bidelagun izatea proposatzen du protokoloak, eta behar dituen baliabideak ematea. Behin auzia aztertuta, neurriak hartuko lituzkete, kasuan-kasuan, protokoloaren arabera.
Patricia Campelo PSE-EEko Berdintasuneko idazkariak dioenez, bere alderdian indarkeria matxistarekin lotutako auzirik ez du ezagutu.
Azaldu du Alderdi Sozialistan prozedura formalak irekitzeko salaketa ofizial bat behar dutela, eta, beraz, eraso matxistaren bat jasan duen emakumeak salaketa bat jarri beharko luke, baina ez du baztertu kasua aztertzea, modu informalean halakoren baten berri izango balute. «Ikerketa bat jarriko genuke martxan berehala, eta hartu beharreko neurriak hartu, salatua dena delakoa izanda ere».
Haren iritziz, «matxismo gehiago dago botere gehien dagoen lekuetan, boterea maskulinoa delako». Horregatik jo du garrantzitsutzat emakumeentzako espazio seguruak sortzea, salaketen kasuetan emakumeak pausoak eman ditzaten. Aitortu du ez dela erraza emakumeentzat salaketak jartzea, «kritikatuak izango diren jakitun; baina elkarrekin egin behar dugu bidea. Nahikoa da. Gisele Pellicotek dioen bezala, lotsa aldez alda dadila, ondorio guztiekin».
«Nahikoa da. Gisele Pellicotek dioen bezala, lotsa aldez alda dadila, ondorio guztiekin»
PATRICIA CAMPELOPSE-EEko Berdintasun idazkaria
Erasorik izanez gero, protokoloek justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak eman behar dituztela dio Campelok, eta hala daukate jasota protokoloan ere.
Erantzun azkarra gako
EAJk 2020an jaso zuen alderdiaren estatutuetan indarkeria matxistako kasu baten aurrean izan beharreko jokabidea. 14. artikuluko e) atalean diotenez, «kautelazko etete automatikoa izango da baldin eta alderdikide bat genero indarkeriako edo sexu askatasunaren aurkako delitu batengatik ikertua bada». Honako agiri hauetako baten bidez egiaztatu beharko da, harremanak eteteko: indarrean dagoen babes agindua, edo fiskaltzaren txostena, zeinak adierazi behar baitu badagoela zantzurik eskatzailea genero indarkeriaren biktima dela eta egilea alderdikidea dela; kautelazko neurri penalak erabaki dituen ebazpen judiziala; eta ebazpen judizial bat edo epai irmo bat. Mireia Zarate EAJren EBBko idazkari eta Berdintasun arloko arduradunari garrantzitsua iruditzen zaio dokumentu ofizialen bidez egiaztatua izatea salaketa, «izan ere, EAJ ez delako eta ezin delako epaile bihurtu; aitzitik, gai horretan eskumena duten erakundeek, hala nola poliziek, fiskalek eta epaileek hartzen dituzten erabakien arabera gidatu eta jardun behar du».
Dena den, badute barne kanal bat, erasoren baten berri izanez gero, hori jakinarazteko: «Iaztik dago martxan Barne Informazio Kanala, EAJren Gardentasun Ataritik eskura daitekeena. Kanal horretan salaketak modu erabat seguruan aurkez daitezke, baita modu anonimoan ere, eta EAJko langile kualifikatuek modu erabat konfidentzialean tratatzen dituzte. Langile horiek salatzaileari entzungo diote, eta aholkuak emango dizkiote gertakariak alderdiko organo eskudunei jakinaraz diezazkieten. Estatutuetan jasotzen den dokumentazio ofizialik ez badago, EAJko langile horiek lege-aholkularitza emango diote salatzaileari, dagokion laguntza pertsonalarekin, salatutako gertakarien berri izan dezaten erakunde eskudunek. Hala badagokio, Aberri Estatutuen 14. artikuluan jasotako neurriak hartzea ahalbidetuko luke».
«Tamalez, ez dago erakunderik, elkarterik, talderik edo lantokirik, ezta alderdirik ere ez, indarkeria matxistaren mehatxutik %100 libre dagoena»
MIREIA ZARATEEAJren Berdintasun arloko arduraduna
Kanal horretaz gain, EBBk eta lurralde batzarrek Berdintasun Arloko burukide arduradunak dituzte, eta genero indarkeriako edo sexu askatasunaren aurkako egoera baten aurrean erreferente gisa identifikatuta daude. «Uste dugu une honetan gaitutako protokoloek alderdiari beharrezko tresnak ematen dizkiotela bizkortasunez eta eraginkortasunez jarduteko horrelako balizko gertakari batzuen ezagutzaren aurrean. Nire ustez, alderdiak gertakari jakin batzuk ezagutzen dituenean eman behar duen erantzunaren azkartasunean eta kalitatean datza gakoa».
EAJn ez dute izan alderdi barruan indarkeria matxista jasan duen emakumeren baten salaketaren berririk. Zaratek aitortu du ez dela bide erraza salatzea: «Uste dut alderdia toki nahiko segurua dela, baina horrek ez du esan nahi arriskutik libre dagoenik, edo bertan arriskurik ez dagoenik. Tamalez, ez dago erakunderik, elkarterik, talderik edo lantokirik, ezta alderdirik ere, indarkeria matxistaren mehatxutik %100 libre dagoena».
Nafarroan nagusi den eskuineko alderdiak, UPNk, jarduteko kode etikoaren barnean du jasoa kargu publiko bat izanez gero bete beharko lituzketen konpromisoak, eta hor baino ez diote egiten aipamen bat indarkeria matxistari. «Kode etikoan daude UPNren kargu publiko batek dituen betebeharrak, eta hor sartzen dira eraso sexualeko delituren baten berri izan edo susmoa balego, horiek salatzea. Estatutuetan delitu hori arau hauste oso larri gisa jasotzen da».
Sumar mugimenduaren kasuan, webgunean ez dute propio indarkeria matxistari buruzko protokolorik. Estatutuetan aipatzen dute Sumarren arduraren bat duen bati «indarkeria matxista egotzita ahozko epaiketa irekiz gero» dimisioa eman beharko duela. Eta kode etikoan ere badute aipamen bat: «Ez da jarrera matxistarik, LGTBIfobikorik, arrazistarik edo diskriminatzailerik onartuko. Halakoak hutsegite larriak izango dira, eta zigortu egingo dira Estatutuetan eta barne araudian jasota dagoen moduaren arabera».
Podemosek ere ez du berariaz protokolo bat jorratua indarkeria matxistari buruzko auziak barne mailan lantzeko. Baina badu landua feminismoari buruzko dokumentu luze eta zabal bat, alderdiaren oinarri guztietan politika feministak txertatzea jasotzen duena.
Frantzian ez da legerik
Ipar Euskal Herriko kasuan, alderdiak legez behartuak ez badira ere, hainbatetan landua dute protokoloa.
EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdia bortizkeria sexistari eta sexualari erantzuteko batzorde bat sortzen lehena izan zen Frantziako Estatuan. Bortizkeria horien prebentzio eta artatze dispositibo bat dute, ikerketak egiteko eta zigorrak hartzeko barne batzorde batekin.
Protokolo zehatz bat prestatua dute, alderdi barruan edo inguruan gerta litezkeen indarkeria matxista kasuei erantzuteko. EELVko kide baten edo hurbileko baten kontrako salaketa jarria bada, edo barne seinalamendu bat jasotzen badute, batzordeak ikerketa abiatuko du. Behin-behineko neurriak har ditzakete, eta zigorrak edo bestelako prebentzio ekintzak proposa ditzakete.
Frantzia Intsumisoko Indarkeria Sexista eta Sexualen aurkako Jarraipen Batzordearen eginkizuna da halako indarkerien biktima edo lekuko izan diren LFIko kideak entzutea, laguntzea eta orientatzea. Erasotzailea LFIko kidea denean, alderditik kanpoko kideei ere egiten diete harrera. Prestakuntza berezia jaso duten zazpi kidek osatzen dute batzordea.
Seinalamendu bat jasotzen badute, entzuketa prozesu bat abiatzen dute, eta biktimari laguntza eskaintzen diote, eta haren adostasuna dutela segurtatzen dute. Lekukoak entzun ditzake batzordeak, eta bestelako froga elementuak biltzeko urratsak ere egin ditzakete. Egoera aztertu bitartean, ustezko erasotzailearen kontrako behin-behineko neurriak hartzeko proposatu diezaiokete alderdiari.
Frantziako Alderdi Sozialistan ere badute indarkeria matxistari erantzuteko batzorde bat. Gainerako alderdien antzeko ibilmoldea dute. Edozein seinalamendu jaso ondoren, gehienez ere zortzi hilabetera hartu behar dituzte erabakiak, estatutuen arabera. Batzordeaz gain, alderdiaren federazio bakoitzean erreferenteak ere badituzte indarkeria matxistari buruzko prebentzioa egiteko. Gaur egun, alderdiko goi kargudunek eta alderdiaren izenean aurkezten diren hautagai orok prestakuntza berezia bete behar dute gaiari buruz.
EH Baik ez dauka, baina lantzen ari da.