Protokolo baten hutsune hilgarriak

Xavi Muñoz abokatuaren esanetan, lehenbailehen debekatu beharrekoa da foam jautigaiekin gerritik gora tirokatzea: «Guztiz neurrigabea da».

Ertzaintzako agenteak, aurreko astean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ertzaintzako agenteak, aurreko astean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Ertzaintzak Tolosako inauterietako polizia operazioaz egindako ikerketa hizpide, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak gazteari lesioa eragin zion jaurtiketa justifikatu zuen, «errebote bat» izan zela esanez, distantzia eta helburua argudio gisa erabilita. Bi elementu horien ingurukoak, baina, kolokan jarriak dituzte Katalunian.

Ertzaintzaren txostenaren arabera, agenteek 50 metrotik gorako distantziatik egin zuten tiro Tolosan, eta bertan zeudenen gorputzen behealdera apuntatuta. Azken elementu horrek, baina, ez du bat egiten Erkorekak esanarekin: hark adierazi zuen eskuan «botila bat» zeraman norbaiten besoan jo zuela foam jaurtigaiak, Villabonako (Gipuzkoa) 16 urteko gaztetxoa begian jo aurretik. Beraz, gorputzaren goialdera apuntatu zuten, edo behealdera apuntatu eta huts egin?

Izan ere, miran jartzen den helburuak badu garrantzia. Ertzaintzak halakoetarako ezarria duen protokoloa ez da publikoa, eta ez dago zehazterik zer dioen horren inguruan. Kataluniako Mossos d’Esquadra poliziarena, ordea, bai. Hartan zehazten da «pertsonentzat, poliziarentzat eta ondasunentzat berehalako arrisku larria» dagoenean soilik erabil daitezkeela foam jaurtigaiak, eta, betiere, agenteak «bermeak» baditu «ezarritako helburuari» sabelaldetik behera apuntatuta tiro egiteko; «inolaz ere ez burura edo lepora».

Halere, salbuespen gisa aipatzen da pertsonek «jaurti dezaketen objektu sendo bat edo arma zuri bat» eramatea. Halakoetan, protokolo haren arabera, agenteek tiro egin dezakete objektuari heltzen dion gorputz atalera. Hain zuzen, hori da Erkorekak Tolosako ekintza justifikatzeko argudiatutakoa.

Afera, baina, eztabaidagai da Katalunian. Xavi Muñoz justizia eta giza eskubideen alorreko aholkularia da Espainiako Kongresuan eta foam pilota baten ondorioz begia galdu zuen emakume baten abokatua. Hark azaldu du foam jaurtigailuak ezin direla zehaztasun handiko arma gisa kalifikatu, nahiz eta gomazko pilotak baino zehatzagoak izan, eta ondorioz, goiko gorputz ataletara tiro egitea arriskutsua dela: «Arduragabekeria handia da SIR X jaurtigaiekin [foam bala] gerritik gora tiro egitea 50 metrotik baino gertuagotik. Arma horiek desbideratze progresibo bat dute; 25 metrotik aurrera, 20 zentimetro aldendu daiteke apuntatu duzun lekutik». 

Hain zuzen, besotik 20 zentimetrora dagoen gorputzaren ataletako bat da burua. «Eta aurpegira tiro egitea hilgarria izan daiteke», zehaztu du: «Hori onartzen baduzu protokoloan, onartzen ari zara SIR X tiro batek herritar bat hil dezakeela. Botila bat jaurtitzea eragozteko? Guztiz neurrigabea da».

«Gorputzaren goiko aldera tiro egitea onartzen baduzu protokoloan, onartzen ari zara SIR X tiro batek herritar bat hil dezakeela». 

XAVI MUÑOZ Abokatua

Hortik aurrera, Tolosako kasuari erreferentzia eginez, zalantzan jarri du errebotearen teoria ere: «Foamak duena da, teorian, ez duela errebotatzen. Tiro egiten duzun lekuan bukatu behar du bidea». Halere, uste du gakoa dela gerritik gora apuntatu izana.

Gainera, jaurtiketen inguruko protokoloan, mossoek erreferentzia egin diote beste elementu bati ere: agenteak ezin du tiro egin, ezta sabelaldetik behera ere, «helburua» mugitzen ari bada edo inguruan pertsona zaurgarriak baditu. Muñozek zehaztu du ezin dela tiro egin garbi ikusten ez den eremu batean ere; esaterako, «iluna den eta jendea mugitzen ari den eremu batean». Izan ere, uste du hala egiteak berekin dakarrela Poliziak eta agintariek baimentzea lesioak eragin ditzaketen ekintzak. Praktikak, baina, sarri beste zerbait erakutsi ohi du, Muñozek salatu duenez; esaterako, Tolosako gazteak zein Donostian zauritutako emakumeak ukatu egin dute inongo istiluetan parte hartu izana, nahiz eta Tolosako kasuan, Erkorekak ez duen horrekin bat egin. 

Eraginkortasuna

Distantziaren aferara helduta, Eusko Jaurlaritzak jaurtigaien inguruan ezarritako oinarrien eta Mossoen protokoloaren arabera, 50 metroko edo gehiagoko distantziatik erabiltzen diren foam jaurtigaiak SIR X deritzonak dira; SIR jaurtigaiak —distantzia motzekoak— baino pisutsuagoak dira, eta abiadura nabarmen azkarragoan jaurtitzen dira: segundoko 105 metro. Ondorioz, arriskutsuagoak ere badira.

Hala, arrisku gehigarri hori kontuan izanik, Kataluniako Barne Kontseilaritzak horien erabilera debekatzearen alde egin zuen joan den urte amaieran, Kataluniako Parlamentuak hala eskatuta. Izan ere, Muñozek adierazi du helburua «norbait neutralizatzea» bada, harekin talka egingo duen edozein tresnak balio duela: «Ez dago lesioak eragiteko beharrik. Eta horretarako, SIR jaurtigaiak proportzionalagoak dira».

Iridia elkartearen arabera, baina, SIR jaurtigaiak ere debekatu beharko lirateke. Salatu dute, foam jaurtigaiak gomazko pilotak ordezkatzeko «alternatiba eraginkorrago» baten gisan saldu diren arren, agerian geratu dela horien «lesio gaitasuna eta gaitasun potentzialki hilgarria».

Horrekin bat egiten du Muñozek, eta horretarako helburutzat jarri afera horien inguruko eztabaidak bide politikoetatik egitea, halako kasuak auzitegietara iristeko beharrik gabe. Urratsez urrats egin behar dela azaldu du: «Lortu dugu Katalunian distantziei dagokionez protokoloa aldatzea, SIR X debekatzea, zalantzan jartzea foam jaurtigaien erabilera eta horren inguruko batzordeak eratzea. Baina, oraingoz, jarraitzen dute baimentzen gerritik gora tiro egitea. Hori da lehen gakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.