Protestetara deitu dute Santurtziko jaietan gertatutako sexu erasoak gaitzesteko

Udalak adierazpen bat onartu du azken sexu erasoa salatzeko, eta elkarretaratzea egin du eguerdian. Mugimendu feministak ere protestara deitu du; 19:00etan bilduko dira.

 Jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Santurtzin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Santurtzin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko uztailaren 22a
14:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizon bat atxilotu zuten igande goizaldean Santurtzin (Bizkaia) bikotekidea kalean jotzeagatik. Udalak gertakaria gaitzesteko adierazpena onartu du gaur, eta elkarretaratzea egin du eguerdian. Herritarrei dei egin diete protestan parte hartzeko, eta bat egin dute mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin.

Izan ere, Santurtziko mugimendu feministak jakinarazi du gutxienez hamar sexu eraso salatu dituztela herriko jaietan. Besteak beste, Segurtasun Sailak joan den astean ohartarazi zuen emakume batek salatu zuela sexu eraso bat egin ziotela. Eraso horiek guztiak salatzeko, 19:00etan bilduko dira gaur, udaletxearen aurrean.

Adierazpenean, udalak babesa eta elkartasuna helarazi dizkie biktimari eta senideei, eta «erabat gaitzetsi» dute azken erasoa, «sumindurarik handiena» erakutsita. «Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak beren osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa dira, eta, hortaz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina», erantsi dute.

Andreek pairatzen dituzten eraso guztiak salatu ditu udalak, eta nabarmendu dute eraso horiek «gizartean oraindik dagoen indarkeria matxistaren eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren» isla direla. Hori dela eta, herritarrei eskatu diete «jarrera aktiboa» izan dezatela, indarkeria matxistaren adierazpen orori aurre egiteko: «Ezin dugu emakumeen aurkako indarkeria onartu, ezin gara isilik geratu, eta pairatu dutenei gure babesa eman behar diegu».

Bederatzi atxilotu Nafarroan

Foruzaingoak jakinarazi du bederatzi gizon atxilotu dituztela asteburuan Nafarroan, indarkeria matxista egotzita. Horietako lau Iruñean atxilotu dituzte, familia eremuan gertatutako indarkeria matxistarengatik; batek, gainera, atxilotzeko eta kartzelan sartzeko agindua zuen. Sarrigurenen, Vianan eta Altsasun atxilotu dituzte beste hiru, eta beste adingabe bat Alesbesen. Bederatzigarrena Uharten atxilotu dute, kalean eztabaida bat izan ostean; gainera, kautelazko neurri bat ari zen urratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.