Protestatik eredua eraikitzera

Atzo hasita eta bihar arte Herri Unibertsitateak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko bost campusetan.«Beste unibertsitate eredu bat» proposatu nahi dute egitasmo horrekin

Besteak beste, ikasketa eredu parte hartzaileagoa sustatu nahi dute Herri Unibertsitateek; irudian, lantegi bat, Leioako campusean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Atzo hasi ziren Herri Unibertsitateak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon, Leioan, Donostian eta Gasteizen dituen campusetan, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean duen egoitzan. Bihar arte, hamaika hitzaldi, mahai inguru, ikastaro eta bestelako kultur ekitaldi antolatu dituzte campus horietan, «prestakuntza kritiko eta eraikitzailea, gizartean esku-hartze aktibo eta eraldatzailea izango duena» sustatzeko.

Bigarren urtez antolatu dituzte Herri Unibertsitateak, baina estreinako aldia da ekitaldiak Hego Euskal Herriko hainbat campusetan batera antolatzen direla. Iaz, Leioako ikasleek (Bizkaia) Herri Unibertsitatea antolatu zuten martxoaren 25ean eta 26an, eta ekitaldia «oso arrakastatsu» izan zen, euren arabera: ekintza eta hitzaldi ugari egin zituzten, eta 400 lagun inguruk hartu zuten parte. Arrakasta ikusita, aurten esperientzia berritzea erabaki dute, eta beste zenbait campusetan ere antzeko egitarauak atondu dituzte, betiere leku bakoitzeko ikasleek antolaturik.

«Herritik herriarentzat»

Zoe Martikorena Leioan ikasten ari da, eta lehenengo Herri Unibertsitatearen antolakuntzan ibili zen iaz. «Bagenekien zer egin nahi genuen, baina ez zein izango zen jendearen erantzuna. Ekitaldiak antolatu genituen kalkulatuta ehun pertsona inguru agertuko zirela, eta arrakastak harritu egin gintuen». Herritik eta herriaren mesedetara izan zen iazko Herri Unibertsitatearen leloa; Martikorenaren ustez, ederki laburtzen du egitasmoaren xedea: «Unibertsitateak herriak dituen beharrizanei erantzun behar die, bakarturik egon gabe».

Bilbon, berriz, estreinako aldiz egin dute Herri Unibertsitatea aurten. Talde antolatzaileko kide Julen Urrutibeaskoaren ustez, egitasmoa ikasle mugimenduaren «aro berri baten» adierazle da: «Azkenengo urteetan hainbat eraso pairatu ditugu hezkuntzaren alorrean, esaterako, Bolognako prozesua, LOMCE legea eta 3+2 eredua [unibertsitate graduen iraupena hiru urtera murriztea, eta ikasketa horiek osatzeko masterrak bi urtera luzatzea]. Ikasleok behin eta berriro atera gara kalera eraso horien kontra, greba orokor eta guzti egiteraino».

Baina orain protestatik bestelako unibertsitate eredua eratu nahi dute: «Konturatu gara protestak ondo daudela, baina guk geurea egitera ere jo behar genuela, geure eredua eratzera».

Bestelako unibertsitatea

Ikasleek argi dute proposatzen duten unibertsitate ereduaren ezaugarriek isla izan behar dutela Herri Unibertsitateetan. Horregatik, irakaskuntza parte-hartzailea, kritikoa eta elkarlanean oinarritutakoa sustatu dute. «Iaz, esaterako, ikasleek eman zituzten hitzaldi guztiak», azaldu du Martikorenak. «Aurten, irakasleen parte hartzea ere lortu nahi izandugu Leioan, eta ikastaro batzuk ikasle eta irakasleek elkarrekin emango dituzte. Azken egunean [bihar] gizarte eragileek ere hartuko dute parte».

Metodologiaren aldetik, aldaketak proposatu dituzte, Martikorenaren esanetan: «Unibertsitatean, normalean, eskolak hitzaldi modukoak izaten dira. Guk gehiago sustatzen ditugu tailerrak, ikastaroak eta praktikan jar daitezkeen gauzak».

Azkenik, edukietan ere aldaketak proposatu dituzte ikasleek. «Unibertsitate eredu honek prekaritatera garamatza, ikasketak amaitu eta oso zaila baita lana topatzea», esan du Urrutibeaskoak. «Hezkuntza gure etorkizunerako baliagarria izatea da asmoa». «Espiritu kritikoa» eta «normalean ematen ez diren baina ikasleentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak» ere aipatu ditu Martikorenak.

Aurten, urrats handia egin dute proiektua Leioatik ateraz eta bost campusetan antolatuz. Aurrerantzean bide horretatik jotzeko asmoa dute, Urrutibeaskoak dioenez, «epe luzerako ideia» baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.