Adierazpen askatasuna. Espainiako Herritarren Segurtasunerako Legea

Protestari eman bidea

Espainiako Gobernuak Herritarren Segurtasunerako lege aurreproiektua prest duela jakin da aste honetanEspazio publikoan protesta egin ohi duten kolektiboek eraso gisa hartu dute

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Agente bati irain egiteari eta bide bazterretan edo parkeetan prostituitzeari isuna ezarriko zaio legez». Izenburu hori zeukan astearteko 00:05ean Efe berri agentziak bidali zuen teletipoak. Barne Ministerioa zuen iturri, eta letra txikian aletzen zituen isungaiek herri mugimendu ugari sutu zituen, adierazpen eta informazio eskubideak nabarmen urratzen dituela argudiatuta. Filtrazio horren arabera, izan ere, zenbait delitu baino garestiago ordainarazi nahi ditu PPk plaza publikoa protesta gune bihurtzen dutenen «arau-hausteak», zenbait kasutan, 600.000 euro arteko isunekin.

Herenegun zen Espainiako Ministro Kontseilua lege aurreproiektua aztertzekoa, baina aurkezpena astebete atzeratzea erabaki zuen, xehetasun batzuk zehazteko. Urtea bukatu aurretik legea Madrilgo Kongresuan tramitatzea da gobernuaren asmoa.

TXERRA BOLINAGA Eleak

«Herri mugimenduen azken urteotako borroka moduen kontra egiten du zuzenean»

1. Aurreproiektua ez dago inon eskuragai, beraz, ezin dugu zehatz jakin haren edukia. Zabaldu den informazio urriaren arabera, noski, eragingo lioke herri harresienaren moduko mugimendu bati. Esaterako: herri harresien ezaugarrietako bat espazio publikoaren erabilera sustatzea izan da. Aurreproiektuak hiriguneetan «segurtasun guneak» ezarri eta horietan elkartzeko debekua ezartzeko eskumena ematen dio Poliziari. Ikusgaitasuna ahal bezainbeste sustatu eta areagotzea izan da gure beste ezaugarrietako bat, bereziki atxiloketa uneetan, Poliziaren bortizkeria eta herritarron erresistentzia pasiboa agerian uzteko. Aurreproiektuak irudiak zabaltzeko debekua aurreikusten du zenbait kasutan; zigorgabetasunerako bide berri bat da.

2. Euskal Herrian zein Espainian azken urteotan herri mugimenduek garatu dituzten borroka moduen kontra egiten du zuzen-zuzenean egitasmo honek. Eta zigor ekonomiko izugarriak aurrikusten dituzte, errepresio zuria, ondotxo dakitelako ondorio desmobilizatzaile nabarmenak dituena. Honen ondoan, gainera, Gallardonen Zigor Kode berria dator, bide errepresiboan sakontzera: erresistentzia pasiboa, adibidez, agintaritzaren aurkako atentatuarekin parekatu nahi omen du, eta horrek kartzela zigorra ekarriko luke.

MIKEL SANCHEZ Gipuzkoako Kaleratzeak Stop

«Lege injustuen aurrean desobedientzia egiteko eskubidea daukagu»

1. Desobedientzia zibil baketsuan oinarritzen ditugu gure ekintzak, eta lege honekin, besteak beste, halakoak zigortu nahi dira, jendeak protesta egitea ekiditearren. Lege injustuen aurrean desobedientzia egiteko eskubidea daukagula uste dugu; gure ekintzak desobedientzia zibil baketsuan oinarritzen dira; eta hori kriminalizatzen saiatzen badira ere, ez dute lortuko jendea isilaraztea. Ez diogu kalean protesta egiteari utziko.

2. Legea, oro har, demokraziari eta adierazpen askatasunari egindako eraso bortitza iruditzen zaigu. Lege honek sistema ekonomiko-sozial injustu honen —eta sistema babesten duten politikarien eta erakundeen— kontra protestan ari diren herritar guztiei morrala jartzea du helburu. Garbi dago kaleko mobilizazioekin arriskuan ikusten dutela beren estatusa eta horregatik saiatzen direla blindatzen. Halako legerik gabe ere gehiegikeriak egin izan dituzte. Gure plataformakide bati, adibidez, hiru urteko kartzela zigorra ezartzea eskatu dute etxe hustuketa bat geldiarazteko ekintza batean parte hartzeagatik.

ADOLFO MUÑOZ ELA

«Alderdi Popularrak Francoren garaietara garamatza»

1. Zailago jarriko zaigu protesta egitea, noski. Horrelako neurriekin Francoren garaietara garamatza PPk. Neurri bidegabeak ezartzen dituen bitartean, egiten ditugun protestekin kezkatzen da gobernua, eta protesta horiek oztopatu nahi ditu.

2. Eskuma politikoa boterean dagoenean, eta kasu honetan PP da, beti-beti oso ondo aprobetxatu du denbora esparru guztietan neurri gogorrak ezartzeko. Baita eskubideen arloan ere. Gure gizartean ez badago kritikarik, ez dago demokraziarik.

MARIA JOSE CABALLERO Greenpeace

«Lege aurreproiektuko zati batzuk guri begira idatzita daude hitzez hitz»

1. Bete-betean eragiten digu lege aurreproiektuak. Egia esan, Greenpeace-klausulak daudela esan genezake, pasarte batzuk hitzez hitz gure ekintzei begira idatzita daudela ematen duelako. Guk uste dugu gobernuek edo enpresa handiek ezkutatu nahi dizkiguten errealitateak azaleratzeko modu zilegia dela protesta baketsua, eta lege testua irakurtzen duzu eta ikusten duzu arau-hauste oso larritzat jotzen dutela «komunikatu gabeko protestak» egitea, esaterako, zentral nuklearretan, eta guri buruz ari dira. «Ekitaldi publikoetan ordena nahastea» aipatzen duenean ere bai. Eta «eraikin publikoak protesta gisa» aipatzen duenean, zer esan? Disidentzia oro itotzeko saio gisa ikusten dugu. Greenpeace eta protesta arma gisa erabili nahi duen mugimendu sozial oro ekonomikoki ito nahi dituzte.

2. Lege aurreproiektu honek gaindituta behar luketen garai oso ilunak dakartza gogora. Desobedientzia eta inkonformismoa zigortzea du helburu, eta aldaketa soziala aktiboki eta modu baketsuekin bilatzen duten gizarteek egiten dute aurrera. Agintariek gizarteari beldur izateari utzi behar liokete, eta jendeari entzuten hasi. Korrontearekin doazen arrain bakarrak hilda daudenak dira. Gizarteak aurrera egin behar du; politikariei hori eskatu behar zaie, eta horretarako protesta egin behar bada, egin egin behar da. Berrogei urte daramatzagu horretan Greenpeacekoek. Eta gizartea hobetzeko egoki deritzoguna egiten segituko dugu. Hasteko, lege aurreproiektu honen aurkako kanpaina ahalik eta aktiboena egin nahi dugu. Beste mugimendu sozial batzuekin batera egin nahi genuke, gainera.

M. A. LLAMAS MONTOYA 'PITTU' 'Ateak Ireki'

«Halako legeak benetako morrala dira gurea bezalako mugimenduentzat»

1. Horrelako legeak adierazpen askatasuna eta informazio eskubideak urratzeko sortzen dituzte, eta gurea bezalako proiektuentzat, gure lana askotan denean estatuaren lotsak agertzea, benetako morrala dira. Egiten dituzten eskubide urraketen lekukorik ez dute nahi. Askotan esaten da irudi batek mila hitzek baino askoz balio handiagoa duela, eta gure gaurko munduan hala da. Orain arte zaila bazen Poliziaren lana fiskalizatzea eta modu batez euren bortizkeriari muga jartzea, argi dago horrelako lege aldaketa batekin zigorgabetasun osoa izango dutela hemendik aurrera.

2. Gisa honetako legeekin, Euskal Herrian dugun salbuespen egoera indartu egingo da, eta Espainiako Estatu guztira zabalduko dute. Hemen jaso dugun errepresioa hedatu egingo da, eta estatuko edozein biztanle, kalera ateratzen bada, ustezko gaizkile izango da. Inoiz baino arrazoi gehiago daude protesta egiteko, era askotan. Nik uste dut badakitela lege honekin Espainian jende asko beldurtu egingo dela eta etxean geratuko dela, frankismo garaietan gertatzen zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.