Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek mobilizaziora deitu dute datorren astelehenerako, Donostiako epaitegi batek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia organismoaren hizkuntz eskakizunen aurka emandako epaiaren kontra protesta egiteko. Elkarretaratzea astelehen goizean izango da, 11:00etan, Donostiako Gipuzkoa plazan, diputazioaren atarian.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere bat egin du protestarekin, «kezkaz eta larritasunez» hartu baitu sententzia. «Herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzea dakar epaiak, desproportzioa eta inposizioa argudio faltsutzat hartuta. Ez da onargarria. Zerbitzu publikoek bermatu egin behar dituzte herritarren hizkuntza eskubideak, eta horrelako epaiek erabat trabatzen dute hori bermatzea». Ohar batean, UEMAk ohartarazi du hizkuntz eskakizunen aurkako epaiak «pilatzen» ari direla eta, azken sententzia eskuan, «norabide bat» marrazten ari direla epaileak «herritarren hizkuntza eskubideak gutxiesteko eta hizkuntza plangintza erabat baldintzatzeko».
Bertan behera utzitako lanpostuen artean daude lau udalerritako egoitzetako lanpostuak: Tolosako, Oñatiko, Hernaniko eta Bergarako egoitzetakoak. Lau udalerrietako alkateek ere sinatu dute UEMAren oharra: Gorka Artola Bergarakoak, Andu Martinez de Rituerto Tolosakoak, Izaro Elorza Oñatikoak eta Xabier Lertxundi Hernanikoak, Martin Aramendi UEMAko lehendakariaz aparte. Mankomunitateak beharrezkotzat jo du «lege orube sendo» bat edukitzea euskararen indarberritze prozesurako, eta uste du azken epaiek agerian utzi dituztela «lege tresnen pitzadurak». Hortaz, dei egin diete erakundeei: «Nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoz hornitzeko».
Deialdia, bertan behera
Bi langilek salatu dute Kabia, oinarrizko eskubideen urraketa argudiatuta; Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak arrazoia eman die, eta 2022an Kabiak onartutako 54 zaintzaile egonkortzeko deialdia bertan behera utzi du. Erakundeak kudeatzen dituen hamasei egoitzetako gehienetan B2 maila beharrezkoa da zaintzaileendako, baina badira B1 maila eskatzen dutenak ere. Eskakizun horiek 49 lanpostutan eskatu dituzte, eta, epailearen arabera, euskararen normalizazioa «maximizatzeko» nahiak langileen eskubideak urratu ditu, eta azaldu du euskara «gehiegi» baloratzen dela postu batzuetan. «Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da».
Gipuzkoako Aldundiaren organismo autonomoa da Kabia, eta 2014an sortu zuten, udalen esku dauden zahar etxeak diputazioaren eskuetara igortzeko xedez. Proiektu hori, ordea, erreferentea izan da, hizkuntza berdintasunaren ikuspegia txertatu duelako bere jardunean.