Protestara deitu dute Aman Komunak-ek eta BBGko Ambazadak G7koen aurka

Ambazadaren hirugarren Aste Intergalaktikoa Euskal Herrian eginen dute aurten, abuztuaren 19tik 26ra. Borroken bateratzera deitu dute

Oldartu gazte dinamikakoen ekintza, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian, larunbatean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
G7ko bilkuraren kontrako mobilizazioak non eta nola eginen diren oraindik argitu ez bada ere, garai horretan Euskal Herrira etortzeko deiak zabaltzen hasiak dira. Aman Komunak sareak eta Ambazadak agiri bana idatzi dute abuztu bukaeran Miarritzeko goi bilera oztopatzeko asmoa erakutsiz. Ez dute zehaztu non izanen diren protestak.

Esaterako, Notre-Dame-des-Landes herriko BBG Babestu Beharreko Gunean eraikitako Ambazada nazioarteko etxolako kideek iragarri dute hirugarren Aste Intergalaktikoa Euskal Herrian antolatuko dutela. Gai komunen inguruan kolektiboak informatzera eta eztabaidatzera gomitatzen dituen nazioarteko topaketa da. Iaz, «borrokan eta autonomia bila dabiltzan lurraldeen» egoera jorratu zuten, eta herri desberdinetako ehunka lagunek parte hartu zuten.

«Miarritzek ikusgarri zinikoa jasango du. [Emmanuel] Macronek bere sei homologo gailur ezdeus eta negargarri batera gomitatuko ditu, Frantziako Estatuan herriaren kexa pil-pilean eta boterea kinka larrian daudelarik», idatzi dute agirian. Ambazadakoen hitzetan, klimari, jendearen eta herrien eskubideei, kapitalismoaren kontrako alternatibei, eta Euskal Herriko independentziari «kolpe berria» eman nahi diete. «Bi urte pasatu dira ETA erakundea betirako armagabetu zenetik, baina errepresioa ez da gelditu: burugabekerian murgildu da. Taberna batean izandako liskarra terrorismotzat jotzen dute, eta ehunka preso politiko oraindik etxetik urrun daude, kondena luzeak betetzen. Macronen eta bere 15.000 polizien etorrerarekin, borrokaren historiari kolpea eman nahi diote», salatu dute. Borroken bateratzearen aldeko mezua zabaldu dute, agorrilaren 19tik 26ra Euskal Herrira etortzera deituta.

Azken bi urteetan, Euskal Herriko kolektiboen eta BBGren arteko harremanak indartuz joan dira, Ambazada proiektuaren bidez antolatu dituzten auzolan, topaketa eta festen inguruan. Harreman horietatik sortu da Aman Komunak sarea. Maiti izeneko pertsonaiaren ahotsetik deitu dute G7koen kontrako mobilizazioetan parte hartzera. «Agorrilaren bukaeran inkisidoreen kontseilu gorena Miarritzen bilduko dela entzuna duzue. Larriki suntsitzen duten mundua lehertzera datoz. Armaz eta hesiz babesturik, diruaren eta handikeriaren gurutzean iltzatu nahi gaituzte». Michel Veunac MiarRitzeko auzapezari ere aipua egin dio Maitik. «Auzapez morroiak ez daki, dogma zital horien garrak astinduz, zer-nolako ekaitza piztuko duen. Borroka sustraietan duen herriak zer-nolako haserrea erakutsiko dien. Ez gaituzte beldurtzen». Indarrak batzera eta «bakoitzak bere moduan» G7koen apairua «pozointzera» deitu du azkenik Maitik. «G7ko-en gailur hau izan dadila kapitalismoaren infernua eta iraultzako akelarrea».

Oldartu gazte dinamika

Otsailean aurkeztu zuten Oldartu gazte dinamikako kideak ere lanean hasiak dira. Azken asteetan, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte; besteak beste, inperialismoaren eta polizia bortizkerien inguruan; eta, martxoaren 23an, Frantziak eta Espainiak migranteei begira duen jarrera salatzeko ekintza egin zuten Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan. «Gaur egungo Euskal Herrian, potentzia kapitalisten politikek gure herrian dituzten ondorioak borrokatzea da G7koen aurka antolatzeko modurik onena», adierazi zuten. Ondoko asteetan ere ekitaldi gehiago antolatuko dituztela iragarria dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.