Hezkuntza

Protestak eginen dituzte ostiralean azterketak euskaraz pasatzearen alde

Lau elkarretaratzetara deitu dute Baionan, Kanbon, Donapaleun eta Donibane Lohizunen. Martxoan dira baxoko lehen azterketak, eta ikasleek oraindik ez dakite zer ikasgai erantzuten ahalko dituzten euskaraz.

BAxoa eta brebeta osorik euskaraz egiteko eskubidearen aldeko manifestazioa, uztailean, Donapaleun. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 12a
16:10
Entzun

Frantziako Hezkuntza ministerioaren erantzun falta ikusirik, ekintzara pasatuko dira Seaskako ikasle, guraso eta irakasleak azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Lau elkarretaratzetara deitu dute ostiralerako, eta euskaltzale guziei dei egin diete parte hartzeko. Baionan, Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinean elkartuko dira; Kanbon eta Donapaleun (Nafarroa Behera), Frantziako Estatuko zerga etxearen aitzinean. 18:30ean izanen dira hiru mobilizazioak. Donibane Lohizunen (Lapurdi) autobus geltokian batuko dira, 18:00etan.

Hezkuntza ministerioak abenduan publikatu zuen hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra. Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ekaineko erabakitik espero zen. Hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza «posible» dela dio, frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» bermatzen baditu. Azterketen gaia ere aipatzen du, baxoan ikasgai batzuk hizkuntza gutxituan pasatzeko aukera izanen dela erranez; 2017ko zirkularrean ez bezala, ez dago brebetaren aipamenik.

Peio Jorajuria Seaskako presidenteak BERRIAri esplikatu zion «zehaztasun falta horrek» Frantziako hezkuntza administrazioarekin «negoziatzeko» aukera irekitzen duela. Bordeleko (Okzitania) akademiako errektorearekin adostu nahi dute ikasleek zer ikasgai pasatzen ahalko dituzten euskaraz azterketetan. Zirkularra eskuratu bezain laster dei egin zioten, baina joan den astean oraindik ez zuten haren erantzunik. Egutegiak sortzen duen «presa» ere azpimarratu zuen Jorajuriak, martxoan abiatuko baitira baxoko lehen azterketak. «Espero dugu laster ukanen dugula erantzun bat, eta baikorra izanen dela».

«Denbora pasatzen utzi gabe, azterketen garaia gainean dugunez, eta aurten hauteskunde urtea dela kontuan izanik, erantzunak lehenbailehen izatea ezinbestekoa dugu», adierazi du Seaskak ohar batean. «Aurten azterketak euskaraz izan daitezen irabazi behar dugu, eta, horregatik, mobilizazioak jendetsuak izatea inportantea da».

Anartean, Piarres Larzabal kolegiokoek komunikazio kanpaina bat abiatu dute sare sozialetan #azterketakeuskaraz traolarekin. Arlo anitzetako pertsona ezagunengana jo dute, kolegioko eta lizeoko ikasleei babesa erakusteko eta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.