Herritarren sumina piztu du joan den ostegunean Zarautzen (Gipuzkoa) gertatutako sexu erasoak. Eta horren erakusgarri da gaur arratsaldean egindako protesta: eragile feministek deituta, manifestazio jendetsua egin dute udaletxe plazatik abiatuta, Indarkeria matxistari erantzun. Autodefentsa feminista lelopean, erasoak gaitzesteko. Ez da protesta bakarra izan, dena den: Tolosan ere (Gipuzkoa) kalera atera dira gaur, herrian izandako sexu erasoak gaitzesteko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak joan den astean eman zuen Zarauzko kasuaren berri. Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen, adin txikiko neska bati sexu erasoak egitea leporatuta. Ostegunean gertatu zen erasoa, eta ostegunean bertan hartu zuten atxilo gizona; ostiralean eraman zuten epailearen aurrera, deklaratu zezan. Ikerketa zabalik da oraindik, nolanahi ere.
Ikertzen ari dira, halaber, Tolosako bi emakumek salatutako sexu erasoak. Segurtasun Sailak atzo jakinarazi duenez, Tolosaldeko osteopatia kontsulta batean lan egiten zuen gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bulegoan bakarrik zirela ukituak egiteagatik. Bi kasuetan, erasoen ustezko egileak masajea eman zien bizkar, lepo edo gerri aldean, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iritsi zen, inolako baimenik gabe.
Urtarrilaren 21ean atxilotu zuten gizonezkoa, eta bi egun geroago utzi zuten epailearen esku. Ertzaintzak baieztatu duenez, deklaratu ostean aske utzi zuten, kargupean. Atxilotu eta jarraian miatu zuten haren bulegoa, erasoekin lotutako frogen bila.
Zazpi atxilotu Nafarroan
Indarkeria matxistarekin zerikusia duten delituengatik, Foruzaingoak zazpi gizonezko atxilotu ditu asteburu honetan Nafarroan. Hain zuzen, lau gizon atxilotu dituzte familia eremuko tratu txarren delituengatik: bat Tuteran, beste bat Zarrakaztelun, beste bat Cascanten, eta laugarrena Milagron. Hain justu Milagron beste gizon bat ere atxilotu dute, kautelazko neurriak urratzeagatik. Arrazoi berarengatik, beste bat atxilotu dute Caparroson. Zazpigarren gizona sexu erasoengatik atxilotu dute, Iruñean.